Inflazioak ez du geldotu Nafarroako BPGa, %1 hazi baita martxora arte

Nastaten arabera, kontsumoa apur bat apaldu da, eta industriak eta inbertsioek bultzada eman diote ekonomiari. Gobernuak aurreikuspenei eutsiko die, eta aurten %5eko hazkundea espero du

Inflazioak ez du geldotu Nafarroako BPGa, %1 hazi baita martxora arte.
joxerra senar
Iruñea
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Oraingoz eutsi egin dio, eta ez du balazta sakatu. Ukrainako gerrak eta, hari loturik, energia kostuen eta inflazioaren igoerak bete-betean eragin diete Europako herrialde nagusien jarduera ekonomikoari, baina Nafarroan oraindik ez da nabaritu ondorio handirik. Edo bederen hori diote Nastat estatistika erakundeak aurreratutako lehen datu makroekonomikoek. Urtarriletik martxora bitartean, Nafarroako barne produktu gordina %1 handitu zen, aurreko hiruhilekoan izandako erritmo sendo berean. Halaber, estatistika erakundearen arabera, iragan urteko datuarekin alderatuta, %6,5 hazi da ekonomia; aurreko hiruhileko urte arteko datua baino hobea da, beraz (+%4,9).

Nafarroako ekonomiak oraingoz ez du galdu aurretik zekarren dinamismo ona, eta asteartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak azaldutako joera bera berretsi du —+%1 han ere—. Dena den, inflazioaren bilakaera nabaritu da barne kontsumoan, Nastatek aurreratu baitu sendien eskaria apur bat apaldu dela. Alderantziz, enpresen inbertsioek eta industriak bultzatu dute batik bat ekonomia. Zerbitzuen merkatuak eta eraikuntzak ere joera ona azaldu dute.

Nahiz eta industriak goranzko joera azaldu, zantzu batzuek erakusten dute jada hasi dela nabaritzen inflazioaren igoera. Asteon, estatistika erakundeak sektoreko enpresen konfiantza neurtzen duen adierazlea kaleratu du: elikagai industriako enpresak baikor azaldu ziren martxoan, baina, gainerako sektoreetan, konfiantzak okerrera egin du, batik bat autogintzan. Era berean, industria prezioen indizeak %28 egin du gora lehen hiruhilekoan, iazko epe bereko datuarekin alderatuta. Bereziki deigarria da energiaren gastua %169 igo izana, batez beste, enpresei.

Kanpo merkataritzak bilakaera ona izan du. Martxoko daturik ez dago, baina, otsailekoek erakusten dutenez, Nafarroako enpresek 892 milioi euroren esportazioak egin zituzten, aurreko urtean baino %17 gehiago.

Nastatek ez du eman enpleguaren inguruko daturik, baina martxoan 294.526 langilek zuten izena emanda Gizarte Segurantzan. Iazko datuekin alderatuta, 10.425 lanpostu gehiago sortu dira.

Testuinguru orokor hori aztertuta, Nafarroako Gobernuak ez du aldatuko urte honetarako egindako aurreikuspen ekonomikorik. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak orain arte iragarri du tentu handiz aztertzen ari direla ekonomiaren bilakaera. Hala, aurten ekonomia %5 inguru haziko dela uste du. Aste honetan, BBVA Research zuhurrago azaldu da, eta esan du Nafarroako BPGak %3,4 egingo duela gora aurten; datorren urtean, berriz, %2,5. BBVAren ikerketa taldeak argudiatu du industriaren eraginez energia asko kontsumitzen duten lurraldeek gehiago nabarituko dutela egungo egoera zaila.

Euroaren eremuan, %0,2

Eurostatek atzo emandako datuaren arabera, jarduera ekonomikoa hamarren bat apaldu da hiruhileko batetik bestera, hala euroaren eremuan nola Europako Batasunean: euroa erabiltzen duten herrialdeen ekonomia %0,2 handitu zen urtarriletik martxora —%0,3 handitu zen iazko azken hiruhilekoan—; EBn, berriz, %0,4. Ekonomia handienen artean, Alemania izan da aurreikuspenei eutsi dien bakarra. Espainian, moteltzea erabatekoa izan da. Urritik abendura erritmo bizian (%2,2) handitu ostean, lehen hiruhilekoan indar handiz sakatu du balazta, %0,3 baizik ez baitu gora egin ekonomiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.