Toryek irailaren 5ean jakinaraziko dute Boris Johnsonen ordezkoa

Izen ezagunenen artean dira Truss eta Zahawi ministroak eta Sunak, Javid eta Hunt ministro ohiak. Primarioetako arauak gogortu dituzte kontserbadoreek. Gobernuburuak ez du inor babestuko

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroa, joan den apirilean, gobernu bilkura batera iristen, Downing Streeten. NEIL HALL / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroa karguan ordezkatzeko lehia gogortu egin da azken orduetan Alderdi Kontserbadorean. Orain arte, 11 hautagaik adierazi dute alderdiaren primarioetan parte hartzeko asmoa, eta horien artean badira kontserbadore aski ezagunak. Liz Truss Atzerri ministroa izan da lehiara batu den azken izen handiko hautagaia. Haren aurretik, gobernuburu bilakatzeko prozesuan parte hartuko dutela jakinarazi zuten Sajid Javid Osasun ministro ohiak, Jeremy Hunt Atzerri ministro ohiak, Rishi Sunak Ekonomia ministro izandakoak eta Nadhim Zahawik Ekonomia ministro izendatu berriak. Alderdiak irailaren 5ean jakinaraziko du nork irabazi dituen primarioak, eta, beraz nor izango den gobernuburua.

Johnsonek joan den ostegunean aurkeztu zuen dimisioa Alderdi Kontserbadoreko lider gisa, eta iragarri zuen prest zegoela lehen ministro kargua uzteko —bere alderditik jaso zituen presioei men eginez—, baina ardura horri eutsiko ziola toryek beste lider bat aukeratu artean. Oraindik lehen ministro denak agintean pilatu dituen eskandaluek behartuta utziko du kargua; batez ere, pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festengatik. Joan den astean, bere kabineteko ia 60 kidek eman zuten dimisioa.

Gobernuburuak ez du hautagairik babestuko primarioetan. «Ez diot inori kalte egin nahi», adierazi zuen atzo. Hautagaien artean dira bere dimisioa behartzeko ministro karguak utzi zituztenak —Sunak eta Javid—, ministro izendatu berritan albo batera egiteko eskatu ziotenak —Zahawi— eta azken ordura arte leialtasuna adierazi diotenak —Truss—.

Alderdi Kontserbadorearen eta Erresuma Batuko Gobernuaren lema hartzeko lehia hasia da jada, eta hautagaiak ari dira irabaziz gero bultzatuko dituzten politiken berri ematen. Orain arte, ia denek nabarmendu dute konpromiso bera: zergak gutxitzea. Eta ardatz horren bueltan kokatu da lehia. Nork hitzeman «familientzako eta enpresentzako» jaitsierarik handiena, eta nork eman horretarako hautagairik fidagarrienaren irudia.

Sunak izan da salbuespena. Ekonomia ministro ohiak esan du gainerako hautagaiak «oinarririk gabeko zerga murrizketak» agintzen ari direla, baina horiek «ipuin lasaigarriak» direla soilik. Antzera mintzatu da Alderdi Laboristaren buru Keir Starmer, hautagai toryei «fikziozko ekonomia» egitea egotzita.

Hain justu, Ipsos etxeak joan den astean egin zuen inkesta baten arabera, Sunak da lehen ministro kargurako politikaririk gogokoena, eta Starmer laborista gainditzea lortzen duen hautagai kontserbadore bakarra.

Prozesu azkarra

Kontserbadoreek lider berria aukeratuta eduki nahi dute urrian alderdiaren kongresua egin aurretik. 1922 Batzordeak du primarioen prozesua antolatzeko ardura. Alderdi barruko organo hori gobernuan kargurik ez duten diputatuek osatzen dute. Batzordeak atzo izendatu zuen zuzendaritza berria, eta haren lehen egitekoa izan da prozesuaren egutegia zehaztea. Aste honetarako bi bozketa aurreikusten dituzte —bihar eta etzi—, eta, gero, behar adina bozketa egingo dituzte bi hautagai geratu arte. Aurreikuspen horien arabera, toryek azken bozketarako bi hautagaiak izango lituzkete zehaztuta parlamentuak udako oporretarako etenaldia egin aurretik; goizenik, datorren astelehenean, 1922 Batzordeko buru Graham Bradyk atzo azaldu zuenez.

Alderdi Kontserbadorearen primarioak bozketa sorta baten bidez egiten dira. Bozketa horietako bakoitzean kanporatua izaten da babes gutxien lortu duen hautagaia. Prozesua errepikatzen da bi hautagai gelditzen diren arte, eta, bi horien artean, alderdiko kide guztien artean hautatzen dute lider berria nor izango den, eta, kasu honetan, baita lehen ministro berria nor izango den ere.

Oraingo primarioetarako zenbait aldaketa egingo dituzte prozesua azkartzeari begira, Bob Blackman batzordeko idazkari nagusiaren ondokoak atzo Sky News telebista katean azaldu zuenez. Batetik, aurkeztu ahal izateko gutxieneko babesaren langa altuagoa izango da 2019ko primarioen aldean: zortzi parlamentariren babesetik gutxienez hogeira handitu dute. Bestetik, lehen bozketan kanporatuak izango dira 30 boto baino gutxiago eskuratzen duten hautagaiak; 2019an hamazazpikoa izan zen galbahea.

Blackmanek gaineratu zuen hautagaiek konpromisoa hartu beharko dutela azken bozketara iritsiz gero ez erretiratzeko. 2016an gertatu zena eragotzi nahi dute horrela. Urte horretan, Andrea Leadsom eta Theresa May izan ziren gehien bozkatutako hautagaiak, eta Leadsom erretiratu egin zen azken fasean. Hala, May toryen buru aukeratu zuten alderdikideek hura bozkatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.