Oraingoan ere ez

EBko buruak ez dira ados jarri energia merkatzeko neurriei buruz. Batzordearen esku utzi dute proposamen zehatzak egitea, hilaren 21eko bileran onartzeko

Mario Draghi Italiako jarduneko gobernuburua, EBren goi bilerara iristen, atzo, Pragan. FILIP SINGER / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gutxienez beste bi astez itxaron beharko da Europako Batasunaren aldetik energia garestiaren aurkako neurri komun bat edukitzeko. Atzo Pragan egindako goi bileran, EBko buruak ez zirengai izan ados jartzeko azken hilabetean gehien eztabaidatu duten gaiari buruz: gehienezko prezio bat jarri behar al diote erosten duten gasari? Bi aste barru erantzun nahi diote galdera horri, hilaren 20an eta 21ean Bruselan egingo duten goi bilera formalean.

Frantziak, Espainiak eta beste hamahiru kidek eskatu dute EBk muga bat jartzeko inportatutako gasari, baina proposamen horrek oraindik ez du gainditu Alemaniaren, Herbehereen eta beste batzuen uzkurtasuna. Traba gainditze aldera, Italiak, Poloniak, Greziak eta Belgikak proposatu dute muga aldakorra izatea. Horrela eragotzi nahi dute GNL gas natural likidotua garraiatzen duten itsasontziak Asiara joatea, eta kalte egitea EBren bazkide fidagarriei.

Horien artean Norvegia da gehien zaindu beharrekoa, EBren gas hornitzaile nagusia bilakatu baita, Errusiaren kuota %41etik %7,5era jaitsi ondoren. Pragan izan da Jonas Gahr Store Norvegiako lehen ministroa, eta gasaren prezioa jaisteko «tresna komunak» sortuko dituztela hitzartu du Europako Batzordearekin.

Hain zuzen ere, Batzordearen teilatuan dago hurrengo egunotan energia merkatzeko proposamen «argiak eta zehatzak» egitea, eta ez orain arteko «hitz hutsalak», Mario Draghi Italiako jarduneko gobernuburuak azaldu duenez. «Gauzak mugitzen ari dira», aipatu du Draghik, eta baikor azaldu da Pedro SanchezEspainiako presidentea ere, uste baitu EB osoa ari dela gerturatzen bere gobernuak aspaldi egindakoproposamenetara. Inportatutako gasaren gehienezko prezioari buruz ez ezik, argindarraren prezioa kalkulatzeko sisteman esku hartzeko borondatea ikusi du EBko beste kideetan. Ekainean jarri zen indarrean halako sistema bat Iberiar penintsulan, haren sareak oso lotura urriak dituelako EBko gainontzekoekin. Haren bitartez «familiek eta enpresek 2.600 milioi euro aurreztu dituzte», azaldu zuen Espainiako presidenteak. «Salbuespen iberiarra aurki ez da salbuespena izango, EBko kide gero eta gehiagok halako sistema bat nahi dutelako», esan zuen.

Mahai gainean dagoen beste proposamen bat da EBko beste funts bat sortzea trantsizio energetikoa bizkortzeko beharrezkoak diren inbertsioak finantzatzeko. Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak eta Thierry Breton Merkatu Bakarreko komisarioak egin dute, eta Draghiren, Sanchezen eta beste batzuen babesa jaso du.

Biltegiak betetzen ari dira

EBri asko kostatzen ari zaio gasaren prezio handia mugatzeko neurriak hartzea, baina bizkorrago ibili da beste zeregin batean: gas biltegiak betetzen. GIE gasbideen azpiegituren elkartearen arabera, asteazkenean %90,12 zeuden beteta, duela urtebete baino hamabost puntu gehiago. Azaroaren 1erako %80 betetzea zen EBren lehen helburua, baina, GNL gas natural likidotuaren inportazio handiei esker, Errusiako gasaren gutxitzea konpentsatu ahal izan dute, eta abuztuaren amaierarako bete zuten xede hori.

Hurrengo asteetan lortuko balute biltegiak erabat betetzea, 1.100 terawatt ordu gas izango lituzke EBk erreserbetan, hiru hilabeterako adina. Edonola ere, asmoa da erabat ez hustea, eta neguaren amaierarako edukieraren %40 izatea, udaberrian berriro prezioek gora egin ez dezaten. Izan ere, gas biltegiak oso hutsik izateak eman zion hasiera iaz gasaren garestitze handiari, eta Ukrainaren inbasioak okertu egin zuen egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.