Urrats txikiak ez dira aski izan Bizkaiko metalgintzako greba deialdia eragozteko

CCOOk, LABek eta UGTk lanuzteei eutsi diete, FVEMek aurreko lan itunarekiko «atzerapausoak» mantendu dituelako. Asteartean dute hurrengo bilera

Metalgintzako langile bat lixatzeko makina bat erabiltzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintza berriz ere greba dinamika batean murgiltzeko zorian dago. Sindikatuek eta FVEM patronalak lan hitzarmena berritzeko negoziazio epe honetako hamabosgarren bilera egin zuten atzo, eta akordioak urrun dirudi. Patronalak 2019ko itunarekiko eman nahi dituen «atzerapausoak» indargabetu ezean sindikatuek ez dituzte lanuzteak bertan behera utziko. Ondorioz, indarrean jarraitzen du urriaren 27rako eta 28rako eta azaroaren 2rako eginiko deialdiak. Hala ere, bi aldeek beste bilera bat adostu dute hilaren 25erako, eta hor izango dute greba eragozteko azken aukera.

Bizkaiko metalgintzako lan ituna Euskal Herriko zabalduena da, 52.000 langileri eragiten die, eta hura eguneratzeko negoziazio prozesua korapilatzen ari da. Iragan asteko bileraren ondoren CCOOk, LABek eta UGTk —sektoreko ordezkaritzaren %59,5 dute— adierazi zuten keinu bat egiteko prest zeudela FVEMek bere eskaintzako «baldintza erregresiboak» kentzen bazituen, eta atzo beste eskaintza bat egiteko asmotan joan ziren. ELAk ere asmo bera plazaratu zuen, eskaintza zerrenda berri batekin batera. FVEMek, baina, ia ez zuen aldatu iragan astean eginiko eskaintza, eta ondorioz egoerak antzera jarraitzen du, greba deialdiak barne.

Baina zeintzuk dira «baldintza erregresibo» horiek? Oro har, hiru dira: langileek erosketa ahalmena galtzea, alegia, KPIaren araberako soldata eguneraketak ez egitea, aurtengoa barne —iazko KPIa %6,5 izan zen, eta aurtengoa %9 inguruan dabil—; malgutasun neurriak biguntzea; eta baimenetako ordainsariak okertzea. Horiek onartzea 2019ko akordioaren aldean atzera egitea litzateke sindikatuentzat. 2019an sinatu zuten aurreko lan ituna, iragan abendura arte indarrean egon zena.

FVEMek, berriz, aldaketa txiki batzuk eskaini zituen iragan asteko proposamenarekiko, orduan pauso handia eman zituela iritzita. Haren arabera, horrela eguneratuko litzateke soldata igoera: %4,5 2022an; %3 2023an; eta %2,5 2024an. Era berean %2rainokoa izan daitekeen eguneratze bat eskaini zuen itunaren indarraldiaren amaieran, betiere hiru urte horietako KPI bateratua aurrez adosturiko igoera finkoak baino handiagoa bada. Era berean, eta FVEMen arabera, malgutasun eskariari dagokion urteko lanordu kopurua murriztu du. Patronalak salatu du sindikatu guztiek «muzin egiten» dietela bere proposamenei, eta horrek kolokan jartzen duela sektorearen lehiakortasuna.

Sindikatu guztiek egin dute bat greba deialdiarekin, baina bi multzotan ari dira negoziatzen. Batetik, COOO, LAB eta UGT daude; eta, bestetik, ELA dago, ordezkarien %40,5ekin. ELAk beste eskaintza bat eraman zuen bilerara, baina FVEMek proposaturikotik urrun dago. Bi urteko indarraldia planteatu zuen, aurtengoa eta 2023koa, eta bietan soldatak aurreko urteko KPIaren arabera eguneratzea. Era berean, aldi baterako laneko enpresen erabilera sei hilabetera murriztea proposatu zuen, eta subrogazioa azpikontrata ia eremu guztietara zabaltzea. Patronalaren arabera, eskaintza sorta hori betetzea «ezinezkoa da» sektoreko enpresa gehienentzat.

Horiek hala, hurrengo astearteko bilera da greba eragozteko azken aukera. Urriaren 28aren eta 29aren, eta azaroaren 2aren artean Domu Santuko zubia dago, eta sindikatuek uste dute eten handia egin dezaketela ekoizpenean. Aurtengo bigarren grebaldia litzateke.

Nafarroakoa ere 25ean

Bizkaikoa ez da izango asteartean negoziatuko den metalgintzako lan hitzarmen bakarra. Iruñean, APMEN eta ANEM enpresari elkarteen eta sindikatuen arteko bilera egongo da. Nafarroan ere jarrerak urrun daude oraingoz. Patronalaren azken eskaintza sei urterako hitzarmen bat da: lehen hiru urteetan %3,5 eta %4 arteko soldata eguneraketak egingo lirateke, eta hurrengo hiruretan %1,5 eta %2 artekoak. Era berean, azpikontraten subrogazioaren moduko eskubideak ez dira aitortzen. Hitzarmenak 35.000 langile ingururi eragiten die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.