Albistea entzun

COP27

NBEk petrolio konpainiak zergapetzea galdegin du, klima krisiari aurre egiteko

Guterresek «bide orri argi bat» eskatu du estatu aberatsek konpentsazio funts bat finantza dezaten. Ezinbestekotzat du «elkartasun akordio bat» lortzea
NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, atzo, Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian egiten ari diren COP27 goi bileran.
NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, atzo, Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian egiten ari diren COP27 goi bileran. KHALED ELFIQI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar - Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko azaroak 8

Eskari nagusietako bat izango da COP27 klima aldaketaren nazioarteko biltzarrean: estatu aberatsenek finantzatzea klima aldaketak eragindako kalteen ordainerako funts bat. Garabidean diren herriek lortu zuten puntu hori gai zerrendan sartzea herenegun, COP27 biltzarraren lehen egunean, eta, atzo, ildo beretik mintzatu zen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia. Proposatu zuen mundu osoko estatuek erregai fosilen enpresei zerga berezi bat ezartzea energiaren prezioen gorakadarengatik jasotzen ari diren aparteko irabazien gainean, eta gobernuek eskuratutako diru hori bideratzea «klima krisiaren ondorioz galerak eta kalteak jasaten dituzten herrialdeak» laguntzera.

NBEren klimari buruzko biltzarraren hasiera ekitaldian mintzatu zen Guterres, Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian. Nabarmendu zuenez, «betebehar morala» da herrialde aberatsenek kalte ordainetarako funts bat eratzea, eta eskatu zuen «bide orri argi bat» taxutzeko, «epe zehatzekin». Haren esanetan, «klima krisia gutxien handitu dutenak beste herrialde batzuek ereindako zurrunbiloa jasotzen ari dira».

NBEren idazkari nagusiaren esanetan, egoera hil edo bizikoa da, eta hura gainditzeko ezinbestekotzat du herrialde industrializatuenen eta gainerakoen arteko «elkartasun itun bat» lortzea, ez soilik konpentsazio funts bati begira, baizik eta herrialde guztiek «ahalegin gehigarri bat egin dezaten hamarkada honetan [berotegi gasen] isurketak murrizteko». Halakorik ezean, «suizidio kolektiboa» iragarri du. «Gizadiak aukera egin behar du: elkarlanean aritu ala desagertu». Akordio hori sustatzeko ardura bereziki AEBena eta Txinarena dela uste du —munduko bi ekonomia handienena—.

«Elkartasun akordioak» bermatu beharko luke, besteak beste, estatu aberatsek eta nazioarteko erakundeek laguntza finantzarioa eta teknikoa emango dizkietela garabidean dauden ekonomiei, «energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortzen laguntzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna amaitzeko».

Era berean, erregai fosilak lehenbailehen baztertzeko beharraz ohartarazi zuen. NBEk aurreikusten du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan «2030erako ikatza pixkanaka alde batera uztea», eta gainerako estatuetan, 2040rako.

«Hondamendirako» bidean

Guterresek nabarmendu zuen gizadia Parisko Itunean jasotako helburua betetzetik urruntzen ari dela —itunak helburu gisa jasotzen du Lurra gehienez 1,5 gradu berotzea mende amaierarako, industriaurreko garaiarekin alderatuta—. «Bizirauteko ari gara borrokan, eta galtzen ari gara». NBEko buruak gogorarazi zuenez, berotegi gasen isuriak handitzen ari dira, Lurrak berotzen segitzen du, eta planeta «azkar» ari da hurbiltzen «klima kaosa» itzulezina egingo lukeen egoerara: «Hondamendirako autobidean goaz, eta gure oina ari da azeleragailua sakatzen».

Munduan beste krisi eta gatazka batzuk ere badiren arren, klima larrialdiari begirako erantzuna atzeratzea oker handia litzateke, Guterresen iritziz. «Klima aldaketa beste denbora lerro eta eskala batean dago. Mende honetako erronka nagusia da». Ildo horretan, «onartezintzat, eskandalagarritzat eta kaltegarritzat» jo du klima aldaketaren aurkako borroka «bigarren mailan uztea». Izan ere, haren arabera, egungo gatazka asko «klima kaosarekin» lotuta daude.

Errusiak Ukrainan egindako inbasioa jarri zuen adibide gisa. Guterresen esanetan, gatazka horrek agerian utzi du herrialdeak zenbateraino diren erregai fosilen mendeko eta horrek zer arrisku dakartzan.

Ehun estatuburu eta gobernuburu baino gehiago bilduko dira aurten COP27 biltzarrean. Europako Batasuneko agintari nagusiek inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten atzo. AEBetako presidente Joe Biden ez zen hasiera ekitaldian izan, gaur AEBetan egitekoak dituzten bozengatik, baina aste amaieran joango da. Txinako, Indiako eta Errusiako buruzagi gorenek, berriz, ez dute aurrez aurre parte hartuko; bai, ordea, herrialde horietako ordezkaritzek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Palestinarrak gizon baten hilotza eramaten, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo armadak hamar palestinar hil ditu bi erasotan

Julen Otaegi Leonet - Isabel Jaurena - Mikel O. Iribar

Lehen oldarraldian, Israelgo indarrek bederatzi lagun erail dituzte Zisjordaniako Jenin hiriko errefuxiatuen kanpalekuan, «eraso terrorista» bat eragozteko; hamargarrena, Jerusalem ekialdean hil dute.

Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Manifestari bat, demokraziaren aldeko afixa bat eskuan duela, hilaren 9an. ©MARTA MAROTO

«Beldur naiz zer-nolako Brasil utziko diegun bilobei»

Marta Maroto

Erakunde demokratikoei egin dizkieten eraso biolentoak ikertzen ari da Auzitegi Gorena, eta gero eta sendoagoak dira Bolsonarori eta haren ingurukoei buruzko susmoak.
Oriol Junqueras, iazko azaroan, ERCren ekitaldi politiko batean. ©DAVID BORRAT / EFE

Junquerasen inhabilitazioa zazpi urtera jaisteko eskatu du Estatuaren Abokatutzak

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako Auzitegi Gorenari egin dio eskaria. Onartuko balu, Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohiak 2025ean beteko luke inhabilitazio zigorra.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.