Albistea entzun

ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du
Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo.
Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ELA SINDIKATUA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko azaroak 29 - Iruñea

Atzo, oso kritiko agertu zen ELA Nafarroako 2023ko aurrekontuen lege proiektuarekin, «antisozialak» direla ondorioztatu baitu. Sindikatuaren arabera, gizarte eragileen eta sindikatuen parte hartzerik gabe egin dira, eta ez dute nahikoa diru sarrerarik egoera ekonomiko zailari eta pobreziari erantzuteko. Imanol Pascual ELAren Nafarroako koordinatzailearen arabera, Europako funtsak aintzat hartu gabe, %1,6 baizik ez dira handitu aurrekontuak, BGParen eta inflazioaren «oso azpitik». Horregatik uste du «legealdiko aurrekonturik okerrenak» direla.

Gaur-gaurkoz, aurrekontuen lege proiektua eta zerga neurrien inguruko beste lege proiektu bat bide egiten ari dira parlamentuan, eta espero da abenduaren 22ko osoko bilkuran onartzea. Azaroaren 4an, Nafarroako Gobernuak akordioa erdietsi zuen EH Bildurekin, eta, haren abstentzioarekin, ziurtatua du gehiengoa.

EH Bilduk hamabost milioi euroren ekarpenak egin ditu 2023ko aurrekontuetan. Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailearen arabera, «%0,26 baizik ez du aldatu». Akordioaren testuan aipatzen denez, «aberastasuna banatzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko» konpromisoa hartu dute bi aldeek. «Bereziki ulertezina da hori, hitzok gezurra baitira. Gobernuak ez du borondaterik enpresei zergak igotzeko, eta AHTaren lanek eta Erdizko meategiak adierazten dute ez dutela konpromisorik trantsizio energetikoan», esan du Pascualek. Gaineratu duenez, «ezkerrak beste funtzio bat bete behar du, eta ezin da mugatu aurrekontuak apaintzera».

2023ko aurrekontuak 5.749 milioi eurorenak izango dira, eta aurkezpenean gobernuak nabarmendu zuen %9 handituko direla aurtengoen aldean. Alta, Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoaren 185 milioi euroak kalkulu horretatik kendu behar direla uste du ELAk, Europako funts horien araudiak zehazten baitu ezin direla gastu arrunterako erabili. Hala, 2023ko aurrekontuak %1,6 baino ez direla handituko salatu du sindikatuak; ordea, aurten BPGa %4 eta inflazioa %8,9 handitzea espero da.

Iñaki Zabaleta Ikerketa bulegoko arduradunaren ikuspegitik, «zor publikoari esker itxiko da aurrekontua». Egun, hamar eurotik bat zorra finantzatzeko jartzen da: legealdian, 442 milioi eurotik 628 milioira handitu da zorraren finantzaketari dagokion saila. ELAk azaldu du UPNren garaian erabilitako itzalpeko bidesarien ereduaren lorratza sakona dela atal horretan, %800 handitu baita 2008an ezarri zenetik: egun, 111 milioi euro ordaintzen dira Pirinioetako eta Bideko autobideen edo Nafarroako ubidearen kanonen bidez.

850 milioi gehiago

Finantza egoera horretan sektore publikoak indarra galdu duela uste du ELAk. Sindikatuaren arabera, Europako Batasunaren batezbestekora heltzeko, 850 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke zerbitzu publikoetan. Zehazki, 2023an Osasun Departamentuak 1.324 milioiko aurrekontua izango du, BPGaren %5,6koa, baina bi puntu pasako tartea falta zaio EBren batezbestekora heltzeko (%8). Hezkuntzan, berriz, 1,6 puntu falta zaizkio EBko erreferentziara iristeko.

Gainera, ELAk salatu du errenta bermatuan 8,5 milioi euro gutxiago ordainduko direla 2023an. ELAren arabera, aurreko legediak lanbide arteko gutxieneko soldata hartzen zuen aintzat errenta ordaintzeko, eta, gutxieneko soldata 1.000 eurora igo denez, gizarte arloko inbertsio hori %51 igo beharko litzateke. Alta, 2016an erreferentzia hori kendu zen, eta norbanakoentzako errenta 658 eurokoa da egun. Sei urtean, 58 euro baino ez da handitu.

Azkenik, sindikatuak irmo salatu zuen enplegu planari lotutako ekintzetarako 182 milioi euro finantzatzen direla berez. ELAren arabera, enplegu politika horiek «pribatizatzen ari dira», CCOO, UGT eta CENen mesedetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, erdian; haren ezkerretara Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia, eta eskuinetara Pepe Alvarez UGTkoa. ©ZIPI

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

Imanol Magro Eizmendi

Espainiako Gobernuak %8 igo du, CCOOrekin eta UGTrekin bildu ondoren. Oso gertu dago adituek gomendatu zuten gehienezko kopurutik.

Emmanuel Macronen aurkako kartel bat, erretretaren aurkako Parisko manifestazioan. ©Yoan Valat / Efe

2010eko marka hautsi ondoren, otsailaren 7an eta 11n jarraituko du erreformaren aurkako protestak

Iker Aranburu

Urtarrilaren 19an baino jende gehiago bildu da manifestazioetan.  Erreforma Frantziako Asanbleara iritsi da, eta han ere gauzak zaildu zaizkio gobernuari.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, iazko urrian. ©Oskar Matxin Edesa/Foku

EAJk eta PSE-EEk elkarrizketak hasi dituzte zerga erreforma baterako

Aitor Biain - Maddi Iztueta Olano

Helburua zerga sistemaren «progresibitatea handitzea» dela adierazi dute. Baina ez dute iragarri zer aldaketa aztertuko duten zehazki. ELAk eskatu du enpresa handiei zergak igotzea.

Baionako manifestazioa, 'Erretreten erreforma injustu hau gibelatu!' leloarekin. ©BERRIA

Milaka jendek uko egin diote erretreten erreforma proiektuari

Ekhi Erremundegi Beloki

Bigarren greba eguna egin dute Ipar Euskal Herrian, sindikatuek deituta. Salatu dute adin batetik aitzina ezinezkoa dela baldintza egokietan lan egitea. Bihar protesta eginen dute Hendaian

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...