Albistea entzun

LPEEk petrolio ekoizpena txikitu du, eta inflazioari buruzko kezka handitu

Kartelaren, Errusiaren eta aliatuen artean 1,6 milioi upel kenduko dituzte merkatutik. Brent upelaren prezioa ehun dolarrera hurbiltzea da helburua
Motorzale bat LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen egoitzaren aurretik igarotzen, Vienan, artxiboko irudi batean.
Motorzale bat LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen egoitzaren aurretik igarotzen, Vienan, artxiboko irudi batean. CHRISTIAN BRUNA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 4

Inflazioaren aurkako borrokaren bidean harri handi bat jarri dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek. Ez daude gustura petrolioaren azkenaldiko prezioarekin, eta, ehun dolarrera gerturatzeko asmoz, hurrengo hilabeteotan 1,6 milioi upel gutxiago ekoitziko zituztela erabaki dute.

Ondorengo egun eta asteetan ikusiko da murrizketa horrek estutu egiten duen petrolioaren merkatua eta, ondorioz, erregaiak berriro garestitzen ote dituen. Gasolinaren prezioa oso egonkor egon da urte hasieran, eta gasolioarena pixka bat apaldu da, baina biak ala biak iaz baino merkeago daude.

Lehen kolpe batean horrela izango dela ematen du: Brent upelaren prezioa 4,5 dolar (+%5,8) egiten ari zen gora atzo arratsaldean, eta 85 dolarren atarian salerosten ari zen, duela bi aste baino hamar dolar garestiago. Urrun ditu oraindik iazko udaberrian eta udan izandako prezioak: 123 dolarrera iritsi zen, ekainaren hasieran.

Oraingoz, adituek baztertu egiten dute etorkizun labur batean maila horretara hurbilduko dela, baina badira ehun dolarreko prezioak aste gutxi barrurako iragarri dituztenak.

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken txostenak dio abenduan 103,5 milioi upel beharko direla munduan, gaur egun baino 2,2 milioi gehiago. Oraingo murrizketak, beraz, baliteke eskasia zabaltzea, are gehiago AEBek berriro bere erreserbak bete nahi dituela iragarri duen honetan.

Eskari apalagora egokitzen

Batzuen ustez, etorriko den eskari apalagora egokitzeko mugimendu bat izan da oraingo murrizketa. Hau da, ez direla beteko kontsumoari buruzko espektatibak; hots, kontsumoa pandemiaren mailara gerturatuko dela Mendebaldean, eta aise gaindituko dela Txinan, koronabirusari lotutako itxierak atzean geratu ondoren. Baina Mendebaldean goia jotzen ari da kontsumoa, eta horretarako bidean dago Txinan ere, bi arrazoi direla medio: autoen elektrifikazioa eta errekuntza autoen eraginkortasun handiagoa. Bloomberg-ek iaz kalkulatu zuen ibilgailu elektrikoek 1,7 milioi upelen kontsumoa aurreztu zutela, eta kopuru hori handitu besterik ez da egingo hurrengo urteetan. Txinan, aurten saldutako lau autotik bat erabat elektrikoa da, eta EBn, berriz, zortzitik bat.

Ondorioz, aditu horien arabera, orain ekoizpena murriztea eta prezioak handitzea kutxak betetzeko mugimendu bat izango litzateke, etorkizunean eskaria ez delako hain handia izango. Hori arrazoitzeko, David Flicking analistak Bloomberg-en nabarmendu du LPEEko herrialdeak ez direla ari petrolioaren dirua etorkizuneko ekoizpena bermatzeko inbertitzen, beste proiektu batzuetan baino.

Saudi Arabia, esaterako, azpiegitura turistiko erraldoiak eraikitzeko eta energia berriztagarriak hedatzeko baliatzen ari da petrolioaren irabazia. Dirua behar du, eta horregatik ez zaio gehiegi inporta bidean AEBak haserretzen baditu. Washington ekoizpena handitzeko eta prezioei eusteko presio egiten ari zaio, baina Riadek entzungor egiten dio.

Iragarpena eta errealitatea

Ikusteko dago zenbatekoa izango den murrizketa. Teorian, 1,6 milioitik gora kenduko dituzte merkatutik, baina LPEEko kide askoren benetako ekoizpena beren kuotaren azpitik dago, arazo teknikoen ondorioz. Asteburuan, Saudi Arabiak iragarri zuen milioi erdi upel gutxiago ekoitziko zituela maiatzetik urtea bukatu arte, eta kopuru esanguratsuak iragarri zituzten beste batzuek ere: 211.000 gutxiago Irakek, 144.000 gutxiago Arabiar Emirerri Batuek, 128.000 gutxiago Kuwaitek... Eta horiei guztiei batu behar zaie Errusiak otsailean iragarritako milioi erdi upelen murrizketa. «Petrolioaren prezioei maila egoki batean eusteko erabaki bat», defendatu zuen Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak.

«Erabaki honen ondoren, benetan da premiazkoa energia fosilen menpe egoteari uztea», argudiatu zuen, berriz, Thierry Breton Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. ©RAQUEL MANZANARES / EFE

Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira itota Arabako upategietan

Imanol Magro Eizmendi

Igandeko Eltziegoko istripuan pozoitu zen hirugarren pertsona ondo dago. Anbulantziak iristeko ordubete behar izan zuela salatu dute. 2020an antzeko kasu bat egon zen Lapuebla de Labarcan

Volkswagenek ekoitzitako autoak, lantoki aurreko aparkalekuan ©VW Nafarroa

Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek

Joxerra Senar

Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.

Lanbide indartzea nahi duela dio EH Bilduk. Irudian, Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea

Irune Lasa

Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.

Rosarito eta Marian Ibaeta, erdiko biak, dendaren atarian. / ©Endika Portillo, Foku

Betikoek itxi dute atea, betiko

Jone Arruabarrena, Gipuzkoako Hitza

Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.