Puigdemonten immunitatea jokoan, EBko Justizia Auzitegiaren epaian

Epaileek gaur argitu behar dute Kataluniako presidente ohiaren kontrako suplikatorioa legezkotzat jotzen duten ala ez. Erabakia edozein dela ere, ziurtasun apaleko egoera bat utziko du sententziak

Carles Puigdemont (erdian), Clara Ponsati (eskuinean) eta Toni Comin (ezkerrean), 2021eko ekainean, Europako Parlamentuan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren etorkizuna erabakiko duen epai bat emango du gaur Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak: epairikgarrantzitsuenetako bat. Epaileek argituko dute legezkotzat jotzen duten europarlamentuak Puigdemonten, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohien aurka onartu zuen suplikatorioa. Hau da, Espainiako justiziaren eskariz, eurodiputatuei immunitatea eteteko prozesua zuzena izan zen ala ez. Manuel Llarena Espainiako magistratuak egin zuen suplikatorio eskea, Kataluniako hiru politikari independentista horiek Espainiaratu ahal izateko eta hango Auzitegi Gorenean epaitzeko, Kataluniako 2017ko autodeterminazio erreferendumarengatik. Epaia garrantzitsua izango da, baina ez da bidearen amaiera izango, ez Generalitateko buru ohiaren itzulera aske bat posible izan dadin, ezta hura Espainiaratu ahal izateko ere.

Puigdemontek, Ponsatik eta Cominek indarrean dute immunitatea, EBko Justizia Auzitegiak epaia eman artean behin-behinean onartua, eta, gaurko erabakia horien kontrakoa izanda ere, ez dute zertan babesa galdu, epaia emango duena EBko Justizia Auzitegiaren lehen instantziako organoa baita: EBko Auzitegi Orokorra. Erabakia edozein dela, aldeek aukera izango dute Europako Justizia Auzitegira jotzeko, eta harena izango da epai irmoa, EBko Justizia Auzitegiko instantzia gorena baita.

Kataluniako eurodiputatuen abokatu Gonzalo Boyeren iritziz, suplikatorioa legez kanpokoa izan zen. Haren esanetan, prozedurak «irregulartasun ugari» izan zituen, eta Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kontrako jazarpen politikoaren ondorioz jarri zen abian.

Luxenburgoko auzitegiak suplikatorioa atzera botako balu, eta hiru europarlamentari horiei immunitatea berretsiko balie, Kataluniara itzultzeko bidea zabalduko litzaieke Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri. Ez arriskutik libre, hala ere. Espainiako Auzitegi Gorenaren interpretazioak irizpide ezberdinak zehazten baititu Europako parlamentarien immunitatearentzat Espainian, EBko gainerako estatuekin alderatuta. Manuel Llarena magistratuak orain arte ziurtatu du Puigdemont, Comin eta Ponsatiren aurka indarrean egon duen atxilotze agindua legezkoa dela; izan ere, EBko Justizia Auzitegiak immunitatea aitortzen dien arren, Espainian babes hori estatuko Kongresuko eta Senatuko parlamentarienaren parekoa da, haren arabera.

Gorenaren jarreraren erakusgarri, Ponsatiren atxiloketa: Bartzelonan, joan den martxoaren 28an. Europarlamentaria guardiako epailearen aurrera eraman zuten, eta hurrengo egunean utzi zuten aske, apirilaren amaieran Espainiako Gorenean deklaratzeko zitazio batekin. Ponsati ez zen auzitegira joan.

Kataluniako independentistek salatu zuten atxiloketa legez kanpokoa izan zela, Ponsatik immunitatea duelako indarrean, baina ez zuten lortu Europako Parlamentuak parlamentaria babestea. Ganberako presidente Roberta Metsolak Auzi Juridikoen batzordera bideratu zuen auzia.

Dena den, Ponsatiren bidaia horrek balio izan zuen azaleratzeko Espainiako justiziaren jarrera zein den, eta ikusi beharko da Luxenburgok Kataluniako politikariei immunitatea aitortzen badie Espainiari ohartarazpenen bat egiten dion ala ez, babes horren irismenari buruz.

Espainiaratzeko oztopoak

Bestelakoa izango da jokalekua EBko Justizia Auzitegiak suplikatorioa ontzat emanez gero. Llarenak euskarri bat izango luke Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren Espainiaratzearekin berriro ahalegintzeko. Hala ere, ez dago argi helburua lortuko lukeen.

Batetik, Espainiako Gobernuak sezesio delitua ezabatu zuenez, Kataluniako politikari erbesteratuen aurkako akusazioa aldatu egin delako. Gorenak jada ez die sedizioa leporatzen, baizik eta diru publikoaren erabilera bidegabe larria —hamabi urtera arteko espetxe zigorra— eta desobedientzia —bi urtera arteko kartzela—, Puigdemonten eta Cominen kasuan, eta desobedientzia soilik, Ponsatirenean. Kontua da, defentsaren ustez, Llarenak beste suplikatorio bat eskatu beharko lukeela, hiru politikarien aurka. Boyek ohartarazi du parlamentariei immunitatea eteteko prozedura bakoitza akusazio jakin batzuei lotuta dagoela, eta onartu zen suplikatorioaren oinarria jada ez dela existitzen.

Bestetik, defentsaren iritziz, EBko Justizia Auzitegiak Llarenaren galdera batzuei erantzunez eman zuen ebazpena oinarri bat izan daiteke Espainiaratze eskeak baztertzeko. Boyek aurreratu duenez, Luxenburgok ebatzitakoak bide ematen dio argudiatzeko Gorenak ez duela eskumenik Puigdemont, Comin eta Ponsati epaitzeko.

Dena den, gaurko sententziak ez die zertan arrazoi osoa eman alde bati ala besteari. Tarteko aukera ugari daude, eta, kasu horietan, ikusi beharko da epaileek auziaren muinari heltzen dioten ala ezaugarri formaletara mugatzen duten esku hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.