Mundu mailako krisiek eragin dute giza garapenak sei urte egitea atzera

1990ean neurtzen hasi zirenetik, bi urtez jarraian aurrenekoz apaldu da NBEren indizea. Hamar herrialdetatik bederatzitan atzera egin dute. 2022rako aurreikuspenak «ilunak» dira

Emakume bat ontziak garbitzen Abidjaneko etxola batean (Boli Kosta), parean haur bat duela. LEGNAN KOULA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako pandemiaren eta mundu mailako krisien ondorioz, giza garapenak sei urte egin ditu atzera. Horretaz ohartarazi du NBGP Nazio Batuen Garapen Programak gizakiaren garapen indizeari buruzko aurtengo txostenean. 1990ean neurtzen hasi zirenetik, indizea aurrenekoz apaldu da bi urtez jarraian, eta, horrenbestez, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziaren arabera, 2016ko mailan dago. Hau da, azkeneko bi urteetan hamar herrialdetatik bederatzik atzera egin dute.

«Mundua ahalegintzen da ondoz ondoko krisiei erantzuten. Tentagarria da irtenbide errazei heltzea; hala nola erregai fosilak diruz laguntzea. Baina berehalako arintzea bilatzen duten taktikak ari dira epe luzera egin behar ditugun aldaketa sistemikoak atzeratzen», nabarmendu zuen atzo Achim Steiner NBGPren buruak.

Indizea neurtzeko, NBEren agentziak bizi itxaropena, hezkuntza maila eta bizi maila hartzen ditu kontuan. 191 herrialde daude zerrendan, eta azkeneko 30 urteetan horietako askok aurre egin behar izan diete krisiei, eta atzera egin dute, baina joera orokorra kontrakoa zen. 2020an indizeak atzera egin zuen aurrenekoz, eta 2021eko emaitzek joera hori egonkortu dute. NBGPk dioenez, 2022rako aurreikuspenak, gainera, «ilunak» dira, Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak ekarritako albo kalteak kalkulatu behar baitira. Steinerrek zehaztu zuen laurogei herrialdek baino gehiagok arazoak dituztela bere zorra ordaintzeko. «Laurogei herrialde ataka horretan egotea oso kezkagarria da».

COVID-19ak eragindako pandemia izan da atzerakada bultzatu duen aldagai nagusia, eta, gainera, txostenean adierazi dute herrialde askok krisi politikoak, ekonomikoak eta klima larrialdia pairatu behar izan dituztela osasun krisitik suspertzeko denborarik izan gabe. Txostenean azpimarratu dute «inoiz ez bezalakoa» dela ziurtasunik eza, izan klima aldaketagatik, polarizazio politikoagatik edo, besteak beste, globalizazioagatik, eta «segurtasunik ezaren» sentipena areagotzen duela. «Garai oso larriak bizi ditugu: bai mundua urpean delako, bai munduan urik ez delako, bai mundua garretan delako, bai mundua pandemia baten erdian delako», adierazi zuen Steinerrek.

Zer egin hobetzeko

Suitza, Norvegia, Islandia, Hong Kong, Australia, Danimarka, Suedia, Irlanda, Alemania eta Herbehereak daude zerrendako lehen hamar postuetan. Espainia 27.a da, eta Frantzia 28.a. Azken bost postuetan dauden herrialdeak Afrikakoak dira: Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Niger, Txad, eta Hego Sudan.

NBEren agentziaren urteroko txostenean diotenez, hobekuntzak egin daitezke hiru esparrutan zentratuz: inbertsioak eginez energia berriztagarrietan, eta etorkizuneko pandemietarako prestatuz; aseguruak sustatuz, gertakariei aurre egiteko; eta berrikuntza hauspotuz, etorkizuneko krisiei aurre egiteko gaitasunak handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.