Laneko errenten zergei esker, %2,5 egin du gora ogasunen bilketak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilketa bateratuak 81 milioi euro gehiago pilatu ditu martxora arte. Gipuzkoa aurreko urteko mailatik zertxobait behera dabil, eta Araba eta Bizkaia, gora

Gipuzkoako Ogasuneko arduradunak; erdian, Jabier Larrañaga diputatua. GFA.
xabier martin
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
2018. urteko bilketa oparoaren bizitasunak segida izan du aurtengo hiru lehen hilabeteetan, eta iaz baino %2,5 gehiago bildu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Guztira, 81 milioi euro gehiago daude foru ogasunetan iazko epe berean baino. Bilketak urteko lehen txanpa honetan izan duen eboluzio positiboaren oinarria laneko errentetan dago. %1,2 hazi dira zerga horri lotutako ordainketak (17,5 milioi euro gehiago); BEZa ere ez da atzean geratu, kontsumoak bizi jarraitzen duelako seinale, eta %2,2 igo da (24 milioi euro gehiago). Enpresen irabazien gaineko zerga da motel hasi duena urtea. Sozietate zergaren bilketak %4,3 egin du behera aurreko urteko martxo arteko epearekin alderatuta: 4,4 milioi euro gutxiago.

Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeen datu bateratuei dagozkien zenbakiak dira horiek, baina lurraldez lurralde badira aldeak. Lehen azpimarra Gipuzkoaren motelaldian egin behar da. Ilbeltzak eta otsailak herrialde horretan islatu duten bilketaren jaitsiera berretsi du martxora arte metatutako bilketak, eta 2018ko epe bereko datuak okertzen ditu. Izan ere, %1,9ko beherakada dago: 15,1 milioi euro bildu ditu Gipuzkoako Ogasunak. Lan etekinei loturiko zergen ekarpena %3,5 hazi da (13,6 milioi gehiago), eta sozietate zergarena murriztu egin da, %2,6 hain zuzen (5,5 milioi gutxiago).

Bizkaiari dagokionez, 80,9 milioi euro gehiago bildu ditu ogasunak, %4 gehiago (2.064,4 milioi euro). Zerga zuzenen bidez, 927,6 milioi bildu ditu herrialdeak martxora arte, %2,4 gehiago. Lurralde horretan ere PFEZa da ekarpen handiena egin duen zerga, %5 hazi baita, eta horren barruan lan atxikipenen esparrua %6,9 igo da.

Araban, alderantziz

Bizkaiko Ogasunak emaitza txarrak izan ditu, aldiz, sozietate zergan, %27,1 jaitsi baita 2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Beherakada hori azaltzeko, Ogasunak esan du «higiezinen kapitalaren atxikipenen eboluzio eskasa» egon dela. Zeharkako zergen ataletan, berriz, 1.121,2 milioi euro bildu ditu Bizkaiko Ogasunak, %5,7 gehiago.

Enpleguaren eta kontsumoaren zenbaki hobeek bultzatu dute goranzko bilketa Araban, herrialde horretako foru aldundiak esan duenez; izan ere, 2018ko epe berean baino %4 handiagoa izan da bildutakoa: 379,5 milioi euro. Edonola ere, Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak garbi utzi du oraindik goiz dela urteari begira joera jakin bat ezartzeko.

Urteko lehen hiruhilekoan, zerga zuzenen bilketak %3,4 egin du gora, baina zerga horietako batek, PFEZak hain zuzen, %7,6 egin du behera (185,5 milioi euro). 2013tik laguntzak jasotako gurasoei egindako itzulketek eragin dute emaitza txar hori. Lan errenten atxikipenak, ordea, %4,1 igo dira (zazpi milioi gehiago).

Bestalde, sozietate zergan 11,6 milioi euro bildu ditu hiru hilabetean, %200 igota. Baina hobekuntza hori itzulketa epeen aldaketak esplikatzen du; ez da enpresen irabazien eboluzio kontua, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.