Helburutik gertu geratu dira

Kaledonia Berriko independentistek ez dute lortu loialistei aurrea hartzea, baina diputatu bat gehiago eskuratu dute: 26 ordezkari izango dituzte kongresuan. Legealdi erabakigarria izango dute hau
FLNKSren jarraitzaileak koalizioaren ekitaldi batean, artxiboko irudi batean.
FLNKSren jarraitzaileak koalizioaren ekitaldi batean, artxiboko irudi batean. BERRIA

Ander Perez Zala -

2019ko maiatzak 14
Hauteskunde bakoitzeko, bi aldeen arteko tartea estutuz doa, eta igandeko bozak ez ziren salbuespen izan. Emaitzak, ordea, motz geratu ziren, jarrita zeuden helburuei erreparatuz gero: alderdi independentistek 26 diputatu eskuratu zituzten Kaledonia Berriko Kongresurako hauteskundeetan, aurreko bozetan baino bat gehiago, baina ez zuten lortu sektore loialistari aurrea hartzea. Frantziaren parte izatearen aldekoak 28 ordezkarirekin geratu dira, 2014an baino bat gutxiagorekin, baina abantaila pixka batekin abiatuko dira erakunde garrantzitsuen kontrola izateko lasterketan. Legealdi garrantzitsua izango da hil honetan hasiko dena: ezustekorik ezean, datorren urtean independentzia erreferendum bat egingo dute, eta, ezezkoa gailenduz gero, beste bat 2022an. Independentistek eta loialistek 1998an sinatu zuten Noumeako Akordioak gidaturiko azken legealdia izango da, eta hori amaitzean Kaledonia Berriak estatus berri bat izango du.

Igandeko hauteskundeek zenbait ezusteko utzi zituzten, batez ere sektore loialistan. Sonia Backes buru duen Etorkizuna Konfiantzaz (AEC) koalizioaren estrategiak fruituak eman zituen, eta Kaledonia Elkarrekin (CE) alderdiari aurrea hartzea lortu zuen. AECek hemezortzi diputatu (+5) izango ditu kongresuan, eta ganberako indar nagusia bilakatu da; CE, aldiz, zazpi ordezkarirekin geratu da (-8), eta agerian geratu da hari egin diola kalte loialisten barne krisiak.



Izan ere, igandeko bozen aurretik, CEk zuen Kaledonia Berriko Gobernuaren eta Hegoaldeko Probintzia estrategikoaren kontrola, baina orain AECk du aukera gehien horien kontrola lortzeko. Loialisten hautesleek, beraz, eskuinera egin dute, CE autonomistak AECk baino jarrera moderatuagoa baitu; azken hori Frantziako Errepublikanoak (LR) alderdiaren aliatuek osatzen dute.

Esnatze Ozeanikoaren (EO) emaitzek ere ezustekoa sortu zuten igande gauean. Duela bi hilabete sortu zuten alderdia, Wallis eta Futunako —Frantziako kolonia— komunitatearen ordezkari izatea helburu, eta lehen bozetan arrakasta handia izan du: hiru diputatu izango ditu kongresuan. Independentziaren aurkakoak diren arren, alderdiko kideek kanpainan adierazi zuten «kaledoniarren alde» egingo dutela lan, «ez independentziaren edo Frantziaren alde». Ikusteko dago, beraz, alderdi horrek izango duen jarrera hil honetan hasiko den legealdian, aukera izango baitu balantza alde batera edo bestera mugitzeko.

Halere, sektore loialistako hiru indarrak elkar ulertzera behartuta daude, batez ere AEC eta EC, alderdi independentisten egitasmoak gelditu nahi badituzte. Eta adostasun horren indarra gobernuaren osaketan, biltzarren osaketan eta Kaledonia Berriko presidentearen hautaketan ikusiko da lehenik kongresuaren hilaren 24an osatuko da—. Backesek atzo adierazi zion RRB irratiari Hegoaldeko Probintziako presidente izateko aurkeztuko dela, eta igande gauean bertan Milakulo Tukumuli EOren buruzagiak jakinarazi zuen hasiak zirela AECrekin hizketan.

Zerrenda bateratua

Kongresurako hauteskundeetan, Hegoaldeko Probintzian hautatzen dituzte ordezkari gehien: 54tik 32. Horregatik, independentismoak zerrenda bateratua aurkeztea erabaki zuen, 2014an egin bezala, indarrak batu eta emaitzak handitzeko; oraingoan, baina, Alderdi Laboristarik gabe izan da, iazko galdeketan abstenitzeko deia egin baitzuen.

Zerrenda bateratuaren estrategiak arrakasta izan du, hein batean behintzat. Diputatu bat gehiago lortu dute, baina garaipen hori Alderdi Laboristaren kalterako izan da, 2014an zituen bi ordezkarietako bakarrari eutsi baitio. Independentismoak, halere, gehien bozkatua izaten jarraitzen du Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun Uharteetan, mugimenduaren bi gotorlekuetan.

Iazko azaroaren 4ko independentzia erreferendumean, Frantziaren parte izateko hautua gailendu zen (%56,7—43,3), baina independentismoak espero baino askoz ere emaitza hobeak lortu zituen, eta garaipen hori baliatu nahi zuen igandean gehiengoa lortzeko. Ez du halakorik lortu, baina 1999ko bozez geroztik duen goranzko joerari eutsi dio. Orain, beraz, begi guztiak datorren urteko erreferendumean daude jarriak: AECk «ahalik eta azkarren» egin nahi du, CErentzat ez da beharrezkoa beste bi galdeketa egitea eta independentistek horren aldeko apustua egin dute, baina adierazi dute ez dutela presarik.

Dei hori egiteko, gutxienez sei hilabete pasatu behar dira lehen erreferendumetik. Eskaria Frantziako Estatuari egiten zaio, eta baiezkoa eman eta hemezortzi hilabetera egingo dute bigarrena. Roch Wamytan buruzagi independentistaren arabera, «irteerarako ate bakarra subiranotasun osoa» izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna