Mendia: «Iraganaren nostalgia duen jende gehiegi dago oraindik»

Patxi Ruizen aldeko panfletoak eta pintura gorria bota dituzte PSE-EEren lehendakarigaiaren etxeko atarian. Mendiak erran du «jasanezinak» direla halako erasoak. Alderdi guziek eman diote babesa

Panfletoak eta pintura gorria, herenegun gauean, Idoia Mendiaren etxe atarian. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Murtziako espetxean gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal presoari erreferentzia eginez eta amnistia eskatuz, pintura gorria eta panfletoak bota zituzten herenegun gauean Idoia Mendia PSE-EEko Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiaren etxe atarian, eta gertaerak erreakzio soka bat ekarri du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien artean. Mendiak iraganeko kontutzat hartu du gertatua, eta ezker abertzaleari egotzi dio «ekintzaren ardura morala»: «Jende nostalgiko gehiegi dago oraindik, intolerantea, eta eskatzen dut irmo aritzea haiekiko». Horixe exijtu diote EH Bilduri gainontzeko alderdiek: erasoaren «gaitzespen argia» egitea galdegin dio EAJak, «diskurtso anbiguorik» gabe, eta «irmotasun handiagoa» eskatu dio Mendiak.

Atzo goizean goizetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guziek egin zituzten gertatuari buruzko salaketa adierazpenak: EH Bilduko Maddalen Iriartek berak ere bai. Mendiari elkartasuna adierazteaz gain, Euskadi Irratian goizean egindako adierazpenetan Iriartek adierazi zuen «marra bat gainditu» zela gertatuarekin: «Guk ez ditugu horrelako ekintzak babesten». Patxi Ruizen egoera «oso larria» dela nabarmendu zuen Iriartek, eta «eskubide guztiak pertsona guztientzat» aldarrikatzen dituela EH Bilduk, baita Mendiarentzat ere.

Bertze alderdiek, ordea, ez zituzten ontzat hartu EH Bilduren hitzak. Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak adierazi zuen onartezina dela bai erasoa, bai hori ikusirik «isilik» gelditzea ere. EAJren Araba Buru Batzarrak salatu du Gasteizko batzokian ere egin zituztela pintaketak herenegun, eta Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EH Bilduri galdetu dio EAJren eta PSE-EEren egoitzen aurkako pintaketak «onargarriak» ote diren.

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko lehendakarigaiak erran du erasoa egin dutenak «burugabeak» direla, eta ez dela Mendiaren kontrako erasoa, «gizartearen kontrakoa baizik». Pintura bota dutenei buruz gaineratu du «demokraziaren aurka» daudela eta ez dutela «ez gizartea ez ezer ulertzen».

Carlos Iturgaiz PP-Ciudadanos koalizioaren lehendakarigaiak ere adierazi du erasoa «onartezina eta nazkagarria» dela, eta ezker abertzalearekin lotu du hark ere Twitterren: «Egunotako kaleko biolentzia ekintzak ezker abertzaleko ETAren aldekoengandik datoz, zeinak gizarte honen zaborra baitira».

Foro Sozialak «positibotzat» jo du talde politikoek erasoarekiko «aho batez» emandako erantzuna: «Horrelako ekintzek zaildu egiten dute adostasunak garatzea presoei konponbide integrala emateko».

Adierazpen instituzionalak

PSE-EEk, EAJk, Elkarrekin-Podemosek eta PPk adierazpen bat adostu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean Mendiari babesa eman eta «erasoa gaitzesteko», eta EAJk deitoratu du EH Bilduk adierazpen horri «uko egin» diola: «Sentitzen dugu EH Bilduk bere iraganaren preso jarraitzea eta aurrera pauso ausart bat ez ematea askatasunei, aniztasun politikoari eta demokraziari eraso egiten dieten ekintzak gaitzesteko». EH Bilduk salatu du hark lehenago proposatu zuela legebiltzarrean adierazpen instituzional gisa onartzeko testu bat, non «arbuioa» adierazten dion, eta ez «gaitzespena», «eraso onartezinari». EH Bilduren ustez, testuak ez du «zalantzarako tarterik» uzten, baina EH Bildu «estigmatizatzeko» egin diote uko bertzeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.