Madurori eskubide urraketa larriak leporatu dizkio NBEren ikerketa talde batek

Gizateriaren kontrako krimenak «agintzea eta koordinatzea» egotzi dio NBEren Venezuelarako Nazioarteko Ikerketa Taldeak Venezuelako Gobernuari

FAES Ekintza Berezietarako Indarretetako kide bat, Kolonbia eta Venezuela arteko zubi bat zaintzen. JHONNY PARRA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak Venezuelarako eratu zuen nazioarteko ikerketa independenteak akusazio larria egin dio Venezuelako Gobernuari. Aditu taldeak atzo argitaratu zuen txostenean jaso zuenez, herrialdeko gobernuak eta estatuko beste zenbait erakundek erantzukizun zuzenak dituzte 2014 urtetik gaur arte herrialdean izan diren hainbat giza eskubide urraketatan. Gizateriaren kontrako krimenen erantzule izatea leporatu die.

Ikerketak ondorioztatu du aztertu dituzten kasuetan «indarkeria eredu» jakin batzuk atzeman daitezkeela, eta eredu horiek lotura zuzena dutela «estatu politikekin». Adituen esanetan, indarkeria mota hori «orokortua eta sistematikoa» izan da azken urteotan. Hori dela eta, Venezuelako Gobernua «gizateriaren aurkako krimenen» erantzule dela ziurtatu dute, eta «Nazioarteko Zigor Auzitegiari eta beste jurisdikzio batzuei» eskatu diete azter dezatela urraketen erantzuleen kontrako legezko ekintzak abiatzeko aukera. Venezuelako Gobernuari ere exijitu diote txostenean jasotako krimenak ikertzeko eta erantzuleen kontrako neurriak hartzeko.

Txostenean bildu dituzten urraketen artean zerrendatu dituzte legez kanpoko hilketak, behartutako desagertzeak, atxilotze arbitrarioak eta torturak. Nazioarteko aditu taldeak 223 kasu ikertu ditu sakonean, eta beste 2.891 aztertu, eskubide urraketek eta krimenek eredu jakin bati jarraitzen diotela baieztatzeko.

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak 2019ko irailaren 27an eratu zuen Venezuelarako Nazioarteko Ikerketa Independentea. Taldeak ezin izan zuen herrialdea bisitatu, adituek azaldu dutenez, gobernuak ez zielako eskariei erantzun. COVID-19a dela-eta «bestelako zailtasun batzuk» izan zituztela ere adierazi dute. Venezuelak NBEn duen enbaxadoreak iaz salatu zuen ikerketa hori «AEBek gidatutako kanpaina baten parte» zela. Ikerlariek 274 lagun elkarrizketatu dituzte, eta sekretupeko hainbat dokumentu ofizial aztertu. Txostena hilaren 23an aurkeztuko dute, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan.

Hiru izen jopuntuan

Ikerketak Nicolas Maduroren gobernuko hiru karguren erantzukizunak aipatzen ditu zehazki: Maduro presidentea bera, Vladimir Padrino Lopez Defentsa ministroa eta Nestor Reverol Barne ministroa. Txostenaren arabera, hiru goi karguak azken urteetako «krimenen jakinaren gainean» zeuden. Baina, horrez gain, «aginduak eman, ekintzak koordinatu eta planak betetzeko baliabideak bideratu» zituztela ere ziurtatu dute ikerlariek, polizia indarren eta inteligentzia zerbitzuen laguntzarekin.

Polizia indarrei dagokienez, txostenak FAES Ekintza Berezietarako Indarra eta PNB Polizia Nazional Bolibartarraren jarduna aipatu ditu bereziki. Ikerlarien esanetan, bi indar horiek dira txostenean jasotzen diren legez kanpoko hilketen egileak.

Inteligentzia zerbitzuei, berriz, «iraupen laburreko desagertze behartuak» eta torturak erabiltzea egotzi diete, disidentzia politikoa isilarazteko eta «ustezko matxinadak edo estatu kolpeak» eragozteko.

Hauteskundeak, airean

Venezuelako oposizioko alderdi nagusiek boikotera deitu dute, gobernuak abenduaren 6rako iragarri dituen bozetarako. Salatu dute ez direla «gutxieneko baldintzak» betetzen «hauteskunde demokratikoak» egiteko. EB Europako Batasunak data atzeratzeko eskatu dio Madurori, bozen baldintzak adostu eta EBk ikuskaritzarako ordezkaritza bat bidali ahal izateko.

NBEren nazioarteko ikerketa taldearen txostena ezagutu eta gutxira, EBren jarrera kritikatu du Vente Venezuela oposizioko taldeak. EBri galdetu dio bozetara ordezkaritza bat bidaltzera ausartuko al den, NBEko aditu talde batek Venezuelako Gobernuari gizateriaren kontrako krimenak egotzi ostean ere.

Hain zuzen, bozen auzia izango du hizpide Venezuelari buruzko Nazioarteko Kontaktu Taldeak, gaur egingo duen bileran. Taldeak Latinoamerikako eta Europako hainbat herrialde biltzen ditu, eta Juan Guaido oposizioko buruzagia du Venezuelako presidente zilegitzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.