Mendi tontorretik plazara eraman du Sarek presoen aldeko aldarria

Ehunka lagun batu dira 650 Tontor egitasmora. Hilaren 24ko manifestaziorako deia egin dute

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, atzo, Donostiako ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ordizian, Bergaran, Leitzan, Otxarkoagan, Errenterian, Ondarroan, Gasteizen, Sopelan, Arangurenen, Berriozarren, Larrabetzun, Oñatin, Iruñean, Trebiñun, Erronkarin... Menditik herriko plazetara. Sare Herritarra plataformak atzoko egina zuen Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deialdia, baina, eguraldi makurrak hasierako plana zapuztu ostean, plazara eraman zuten presoen aldeko aldarria. Hala, ehunka lagunek elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritako plazetan, eta sare sozialetan zabaldu dituzte, #IzanBidea traolarekin.

Donostian eginiko agerraldian, «penatuta» azaldu ziren Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, mendietara igotzeko egitasmoa bertan behera utzi behar izateagatik, baina «esker ona» ere adierazi zieten izena emandako guztiei. Heldu den urteko maiatzaren 8ra atzeratu dute deialdia: «Mendi tontorren igoera bertan behera utzi behar izan dugun arren, aise erakutsi duzue maiatzaren 8an ekimen ikusgarri eta historikoa egingo dugula», esan zuen Atxak.

Halaber, herriko plazetan bildutako jendeak argazkien bidez adierazi duen elkartasuna «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Azkarragak: «Ez gara gelditu. Ez dugu gelditu nahi. Prest gaude bakea eta elkarbizitza eragozten dituen sufrimendua behin betiko bukatzeko. Mendi tontorretan irudikatzekoak ginen marea urdina zabal dezagun, herriz herri eta sareetan».

Atzoko protesta ekintzaz eta maiatzera atzeratutako mendi igoeraz gain, Sareko arduradunek gogorarazi zuten urriaren 24an Donostiako kaleetara eramanen dituztela sakabanaketaren eta espetxe politikaren aurkako aldarriak Resolution! Etxean! lelopean egitekoak diren manifestazioan. «Bertan, mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrora daudela; oraindik orain preso gehienak lehen graduan edo zigor graduan daudela; oraindik orain emakume presoek bakartuta jarraitzen dutela; ehun haur motxiladun inguru daudela, eta preso gaixoak heriotzara arte edukitzen dituztela espetxean», azaldu zuen Atxak.

Mosaiko erraldoia

Manifestazioaren bukaeran, mosaiko erraldoi bat osatuko dute parte hartzaileek, Kontxako hondartzan. Atxaren esanetan, mosaikoarekin irudikatuko dute «salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko beharra», eta «ezinbestekoa dela presoen etxeratze prozesua abian jartzea».

Bere hitzartzearen bukaeran, Azkarragak gaineratu zuen Espainiako eta Frantziako gobernuek orain arte eginiko mugimenduak eta keinuak «adabakiak» besterik ez direla izan: «Konponbidearen zain jarraitzen dugu, euskal presoen %85 etxetik 650 kilometrora baino gehiagora baitaude. Presoak etxera ekarri arte ez dugu etsiko». Ordura arte «bidearen parte» izateko deia egin zien Donostian bildutakoei: «Argi dugu zein den gure tontorra: etxerako bidea, elkarbizitza eta bakea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.