Egunsenti Urrekarak jarduera «kriminala» izan duela ebatzi dute

Greziako auzitegi batek eskuin muturreko alderdiaren zuzendaritza zigortu du «talde kriminal» bat sortzeagatik. Erruduntzat jo dituzte, besteak beste, rap kantari ezkertiar baten hilketarengatik

Magda Fyssas, Pavlos Fyssas eskuin muturrak eraildako rap kantariaren ama, atzo, Atenasko Helegite Auzitegiaren epaia ospatzen. PANTELIS SAITAS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ikusmin handia zegoen, Greziako justiziak eskuin muturraren kontrako epaia emango ote zuen, eta hala egin du azkenean. Atenasko Helegite Auzitegiak erruduntzat jo ditu Egunsenti Urrekara alderdi neonaziko arduradunak, «talde kriminal bat» gidatzeagatik. Zehazki, Nikolaos Mikhaloliakos buru eta alderdiaren sortzaile dena eta zuzendaritzako beste sei kide kondenatu ditu. Horiez gain, alderdiko hemezortzi kide ere zigortu ditu, talde kriminaleko kide izateagatik. Beste bi errugabetzat jo ditu, horiek zigortzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Auzitegiak atzo jakinarazi zuen epaia, kalean 10.000 lagunetik gorako manifestazio batek auzipetuak zigortzeko eskatzen zuen bitartean. Bost urte eta erdiz luzatu da auzia.

Epaimahaiaren esanetan, Egunsenti Urrekarak «talde kriminal» batek bezala jardun du, eta alderdiko hainbat kidek eginiko krimenak alderdiaren buruzagitzaren agindupean egin ziren.

Krimen horien artean dago 2013ko irailean Pavlos Fyssas rap kantari ezkertiarraren hil izana. Giorgos Rupakias eskuin muturreko alderdiko kideak hil zuen—berak aitortua du hilketa—, sastakatuta.

Hura izan zen epaiketaren abiapuntua. Fyssas hil eta astebetera, Greziako Poliziak atxilo hartu zuen Mikhaloliakos, Egunsenti Urrekarako buruzagia, «talde kriminal bat» sortu izana leporatuta. Alderdi bereko beste hamahiru kide atxilotu zituzten operazio berean, tartean Ilias Kasidiaris bozeramailea. Zenbait krimen egotzi zizkieten alderdiko kideei; besteak beste, giza hilketa bat, bonba bidezko atentatua eta eraso fisikoak.

Magda Fyssasek, rap abeslari erailaren amak, auzitegi barruan entzun zuen epaimahaiaren erabakia, eta hunkituta jaso zuen epaia. Auzitegitik irten denean, oihu egin zuen. «Pavlosek lortu du. Lortu du. Nire semea!». Rupakiasek bizi osorako espetxe zigorra jaso du Fyssas hiltzeagatik.

Eraikinaren kanpoan milaka manifestarik txaloka ospatu zuten alderdi ultraren buruzagien kontrako epaia. 10.000 lagunek baino gehiagok egin zuten Atenas erdialdetik auzitegirainoko martxa, «beldurrak ez du irabaziko» eta «naziak kartzelara» oihu artean. Kondena publiko egin zenean, Poliziak eten egin zuen ospakizuna. Ur kanoiekin eta negarra eragiteko gasarekin sakabanatu zituen bertan zirenak.

Katerina Sakellaropulu Greziako presidentearen esanetan, epaia garrantzitsua izan da herrialdearentzat, frogatu duelako Greziako erakundeak gai direla «horiek ahultzeko edozein saiakeratik babesteko».

Kiriakos Mitsotakis lehen ministroaren esanetan, berriz, «demokraziak» epaitua zuen «alderdi nazia», hura «parlamentutik kanporatuta». Justiziak, atzo, «bere erantzun propioa» eman zuen, Mitsotakisen iritziz.

Fyssasen hilketaz gain, beste zenbait eraso ere leporatu dizkie epaimahaiak Egunsenti Urrekarako hainbat kideri. Bost kide erruduntzat jo ditu 2012an Abuzid Embarak arrantzale egiptoarra hiltzen saiatzeagatik, eta beste lau kide kondenatu ditu PAME sindikatuko hainbat ekintzaile komunista hiltzen ahalegintzeagatik, Fyssasen hilketa baino egun batzuk lehenago, 2013ko irailean.

2012. urtetik, gainbeheran

Egunsenti Urrekara 1980 urtean sortu zuen Nikolaos Mikhaloliakosek. Eskuin muturreko buruzagia Atenasen jaio zen, 1957. urtean, eta hiri horretako unibertsitatean ikasi zuen. Mikhaloliakos hainbat aldiz egon da kartzelan; 1970eko hamarkadan, diktadurako koronelak ezagutu zituen han. 2013an egon zen espetxeratuta azkenekoz.

Alderdi neonazia Greziako hirugarren indarra izatera iritsi zen arren, ia 30 urtez egon zen baztertuta. 2009. urteko hauteskundeetan, botoen %0,3 besterik ez zuen lortu, baina 2012. urtean parlamentuan sartzea lortu zuen. Botoen %7 eskuratu zituen orduan, eta 21 ordezkari izan zituen parlamentuan. Mikhaloliakosek etorkinen aurkako jarrera gogorrean oinarritu zuen kanpaina: «Inbaditu egin gaituzte; ezin gara kalera atera, eta lana kentzen digute».

Alderdia pisua galduz joan da geroztik. Aurreko legealdian, hamasei diputatu zituen, baina ordezkaririk gabe geratu zen iazko uztaileko hauteskundeen ondoren. Edonola ere, eskuin muturra ez da umezurtz geratu Grezian, Egunsenti Urrekararen lekukoa hartu baitu Irtenbide Greziarra alderdiak. Hamar ordezkari ditu egun parlamentuan.

Erabakia garaipen handia da Greziako mugimendu antifaxistarentzat. Herrialdean hainbat eragile eta herritar sare antolatu dira azken urteetan eskuin muturrari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.