Generalitateak hirugarren gradua eman die buruzagi independentista presoei

Gaur atera ahalko dira espetxetik, kanpainako lehenengo egunean. Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia da baimena jaso ez duen bakarra

Jordi Turull kontseilari ohia Lledoners espetxearen kanpoan, Auzitegi Gorenak hirugarren gradua ukatu eta kartzelara itzuli behar izan zutenean. SUSANNA SAEZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Buruzagi independentista presoei hirugarren graduko espetxe erregimena emanda hasi dute hauteskunde kanpaina Katalunian, bart gauerdian. Lledoners, Wad-Ras eta Puig de les Basses kartzeletako tratamendu batzordeek gradu aldaketarako proposamena egina zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak presoei hirugarren gradua indargabetu eta gero, eta proposamen hori aztertzea zegokion Generalitateko Justizia Kontseilaritzari. Martxoaren 14ra arteko epea zuen ebazpena emateko, baina atzo eman zuen. Fiskaltzak erabakiari helegitea jarriko diola ziurtzat ematen da, aurreko aldian jarri zuen bezala.

Gaur bertan atera ahalko dira presoak espetxetik, eta asteburua ere handik kanpo pasatzeko baimena izango dute. Astelehenetik ostiralera, berriz, lotarako joan beharko dute espetxera. Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoa izango da salbuespena: haren gradu aldaketari buruzko ebazpenik ez dago oraindik.

Kontseilaritzak ohar batean jaso zuen erabakia, eta espresuki aipatu zuen graduz aldatutako presoek ekitaldi politikoetan parte hartu ahalko dutela: «Askatasuna mugatuta daukate, euren gaineko epaia dela eta, baina ez manifestatzeko eta politikan parte hartzeko eskubidea». Hortaz, kanpainako ekitaldietan agertu ahalko dira Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohiak, ANCko buru ohi Jordi Sanchez eta Omniumeko presidente izandako Jordi Cuixart.

Oharrean, kontseilaritzak adierazi zuen urte erdi igaro dela presoei azkenekoz hirugarren gradua ematea proposatu zenetik. Sei hilabete horiek kontuan hartuta, aurki hiru urteko zigorra beteko dute, gogora ekarri zuenez, eta nabarmendu zuen datozen bi asteetan zigor osoaren hiru laurdenak beteak izango dituztela guztiek. Kontseilaritzak uste du «nahikoa denbora» badela, presoen «bilakaera positiboa baieztatzeko».

Horrez gain, Zigor Kodearen 100.2 artikuluaren bitartez presoek bigarren baimena eskuratu zutenean izan zuten jarrera azpimarratu zuen. Generalitateak adierazi zuen legeak jasotzen duela presoek gradu progresiorako aukera izatea, eta hirugarren gradua aitortzeak ez duela esanahi epaia baliorik gabe uztea.

Helegitearen esperoan

Fiskaltzak helegitea jar dezake orain espetxe zaintzako epailearen aurrean, lehenik, eta, hark onartuko ez balu, Auzitegi Gorenean. Gradu aldaketa ezerezean utz lezake helegiteak, ordea, Gorenak ebazpena eman bitartean.

Hala gertatu zen aurreko aldian: Gorenak baliorik gabe utzi zuen Generalitateak iazko uztailean onartutako gradu aldaketa, argudiatuta denbora gehiago behar zela presoen eta espetxe tratamenduaren garapena ikusteko, eta espetxe zigorrak luzeegiakdirela buruzagi independisten kasuan —bederatzi eta hamahiru urte artekoak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.