JxCk bere gain du presioa

Ostiralean egingo dute Kataluniako presidentea hautatzeko osoko bilkura. Aragones izendatzeko aurreakordio bat sinatu dute ERCk eta CUPek, baina Puigdemonten alderdiak ez du «presarik»

Pere Aragones, ERCren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldian, asteburuan, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
ERCk eta CUPek asteburuan erdietsitako aurreakordioak JxCren gain jarri du Katalunian gobernu independentista bat ezartzeko presioa. Carles Puigdemont presidente ohiaren alderdiak «legealdirako akordio bat» nahi du, eta adierazi du ez duela «presarik» hura ixteko. Epea, baina, mugatua da. Kataluniako Parlamentuko presidente Laura Borrasek atzo jakinarazi zuen ostiralean egingo dutela Generalitateko presidente berria aukeratzeko osoko bilkura, eta hautagaiei zuzendutako mezu bat ere jaurti zuen: «Ez da nahikoa hautagai izan nahi hutsa; inbestitzeko aukera onargarri bat izan behar duzu».

Borras gaurtik aurrera bilduko da talde parlamentarioekin, txikienetik hasi eta handienera, presidentegai bakoitzaren egoera aztertzeko asmoz. Elkarrizketa erronda amaituta, ostegunean emango du «aukera gehien dituen» hautagaiaren berri. Otsailaren 14an boto gehien jaso zituzten bi alderdietako zerrendaburuak, PSCko Salvador Illa eta ERCko Pere Aragones, agertu dira inbestidurara aurkezteko prest, baina buruzagi independentista da gehiengoa eskuratzeko aukera duen bakarra.

Horretarako ezinbestekoak dira «gehiengo independentistaren boto guztiak», Marta Vilalta ERCren eledunaren arabera: «Agerikoa da denon beharra dugula». CUPen bederatzi botoak eskuratzetik oso gertu dela, Esquerrak datozen egunetarako duen egitekoa JxCrekin hasitako negoziazio prozesua adostasun batekin amaitzea da, 68 eserlekuen langa gainditzeko —33 ditu ERCk, eta 32, berriz, JxCk—.

Bozen ostean hasi ziren bi alderdiak biltzen, baina oraindik ez dute akordiorik erdietsi. ERCko kide Laura Vilagraren esanetan, gobernuaren osaera eta alderdi bakoitzak izango duen rola adostea falta zaie, besteak beste, kontseilaritzen banaketa.

Ostegunerako iritsi beharko da hori, Borrasek Aragones presidentegai izenda dezan. Bitartean, JxCko eledun Elsa Artadik adierazi du ERCk eta CUPek hitzartutakoak ez duela euren jarrera baldintzatuko, eta helburua «botoen %52 independentistari erantzutea baimenduko duen akordio bat» dela, hau da, «hiru aldeko bat». Hartara iristeko, bozeramaileak ERCren esku utzi du «bileren erritmoa ezartzeko» ardura.

Artadiren esanetan, eurentzat lehentasuna da legealdi berrian agintean egongo den gobernua «Dragon Khan edo Vietnam bat» ez izatea, eta indarrak horretan jarri behar direla azpimarratu du. Izan ere, Quim Torra presidente ohiaren agintaldian agerikoak izan ziren bi alderdi nagusien arteko desadostasunak.

Bide beretik, «akordio sendo bat» eskuratzeko elkarrizketak «behar adina» luzatzearen alde agertu da Meritxell Budo Generalitateko jarduneko bozeramaile eta JxCko kideak.

Argitu beharreko puntuetako bat izango da Carles Puigdemont presidente ohiak eta hark zuzentzen duen Errepublikaren Kontseiluak izango duten rola. JxCk erakunde hark orain arte eginiko lana txalotu du, eta Kataluniako afera nazioartera zabaltzeko ezinbesteko tresna gisa irudikatu. ERCk, berriz, uste du hark «bere rola» izan behar duela, baina Generalitatea «baldintzatu» gabe. «Hau ez du ERCk bakarrik uste, baita CUPek ere», adierazi du Vilagrak. Hala, azaldu du bi alderdi horiek kontseiluaren barne eraldaketa baten alde daudela.

Halere, Vilagrak uste du gai hori ez dela izango Kataluniako Gobernua osatzeko eragozpena: «ERCk Artur Masen, Carles Puigdemonten eta Quim Torraren inbestidurak babestu zituen. Beraz, ziur nago JxCk gauza bera egingo duela ERCren hautagaiarekin».

Aukera horren aurka agertu da En Comu Podemeko bozeramaile Joan Mena. Hark atsekabea adierazi du JxCk Kataluniako politika «bahituta» daukalako. «Eskandalu bat da», nabarmendu du, «herritarren beharretatik zein urrun dauden erakusten duena». Hala, ERCri eta CUPi dei egin die ezkerreko alderdien arteko adostasunak bilatzera.

«Erasoaldi demokratikoa»

Alderdi independentisten arteko elkarrizketetan, ERCk egin ditu denen arteko zubi lanak. Horietan, CUP gobernuko kideen hautaketatik kanpo geratu da, eta Esquerrarekin tratatu ditu legealdi berrirako proposamen gehienak. Horren ondorio da igandean bi aldeek erdietsi zuten aurreakordioa, aurrera eramateko, osteguna baino lehen CUPeko biltzar nazionalaren gehiengoak babestu beharko duena.

Bi aldeek sinatutakoaren arabera, «erasoaldi demokratiko berri bat egiteko beharrezko baldintzak» prestatzera konprometitu dira, «ahal dela, erreferendum moduan». Halere, ERCk bultzatutako egungo «negoziazio prozesua» mantentzearen alde egingo du aurrerantzean ere, «Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka modu demokratikoan konpontzeko».

PSCk ez du begi onez ikusi akordio hori, eta Eva Granadosek gobernura iristeko «edozein prezio» ordaintzeko prest egotea leporatu dio ERCri. Era berean, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministro Jose Luis Abalosek «proiektu politiko independentista» gainerako kudeaketa beharren gainetik jartzeaz akusatu du: «Gu ez gaude erreferendumaren alde: akordioaren eta elkarrizketa esparruaren alde gaude».

Aurreakordioa, ordea, independentziara bidean eman beharreko pausoetatik haratago doa. Besteak beste, etxegabetzeen aurkako protokolo bat ezartzea hitzartu dute. «Etxebizitza eskubidearen defentsa» bi aldeek aldarrikatzen duten oinarrietako bat dela adierazi du ERCk, eta gaineratu adostutakoa lehen pauso bat dela, «eredu aldaketa bat» gauzatzeko bidean. Era berean, Osasun Sailak jasoko duen aurrekontuaren %25 lehen mailako arretara bideratzea ere adostu dute. Hala, lehen arreta osasun sistema publikoaren «erdigunera» eraman nahi dute alderdiek.

Mossoen jarduna ere izan dute hizpide bi aldeek, eta, foam jaurtigaien inguruko araudi berria onartu bitartean, horien erabilera debekatzea erabaki dute. Izan ere, uste dute «ezinbestekoa» dela aldaketak egitea segurtasun indarren ekiteko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.