Enplegua da zalantza

Laboral Kutxak dioenez, Hego Euskal Herriko BPGa 2022an itzuliko da pandemia aurrekora, baina «oso zaila» da aurreikustea langabezian zer bilakaera izango duen

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga Ikerketa zerbitzuko zuzendaria. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«BPGari dagokionez, 2022an utziko dugu krisia atzean». Iragarpena Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendariarena da. Aurreikuspen on horrek, baina, ez du esan nahi langabezia tasak bilakaera bera izango duenik; zehaztu duenez, oraindik ezin delako neurtu zenbatekoa izaten ari den aldi baterako erregulazioen babesaren eragina. Oro har, baina, «iragarpen baikorrak» egin ditu, eta hobetu egin ditu erakunde publikoek azken hilabeteetan eginikoak.

Laboral Kutxak atzo aurkeztu zuen euskal ekonomiaren 2020ko lehen txostena, eta, haren arabera, BPGa %6,3 handituko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %6,4 Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak eginiko aurreikuspena baino hobea da (%5,7), baina iazko abenduan —sei hilabetean behin kaleratzen du txostena— kutxak berak egin zuena baino okerragoa. Ordukoan %7ko datua eman zuen. «Baina hori ez da larria», zehaztu zuen Ibon Urgoiti Negozio Garapen Areako zuzendariak: «Bigarren olatua espero baino gehiago luzatu da, eta horrek ez du susperraldia eten, pixka bat atzeratu baizik».

2021a «susperraldiaren urtea» izango da, ikerlarien ustez, eta 2022a are hobea izatea espero dute. Datorren urtean, BPGa %6,8 igoko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %6,7 Nafarroan. Pandemiaren eraginez, BPGa %9,5 eta %8,3 jaitsi zen iaz, hurrenez hurren. Bi urteetako iragarpenak batuz gero, %12 inguruko hobekuntza irteten da, eta hortik ondorioztatu dute euskal ekonomiak 2022an utziko duela atzean krisia.

Enplegua BPGaren eskutik joan ohi da normalean, baina Madariagak azaldu zuen pandemiak logika hori hautsi duela. Iaz langabezia tasa 0,3 puntu igo zen bakarrik EAEn —%9,2tik %9,5era—, eta 1,9 Nafarroan—%8,2tik %10,1era—. Eragin negatiboa BPGak jasandakoa baino baino askoz leunagoa izan zen. Ikerlarien ustez, aldi baterako erregulazioengatik izan zen, eta zenbatzeko moduarengatik, hai-en babesean dauden langileak ez direlako langabe gisa hartzen.

Aldagai horiek asko zailtzen dute langabeziaren bilakaeraren iragarpena egitea, baina, hala ere, datua eman zuten: aurten, enplegua %4,3 handituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta %2,3 Nafarroan. 2022an, berriz, igoera handiagoa izango da: %5ekoa eta %4,8koa, hurrenez hurren. Dena den, Madariagak aurreratu zuen tentu handiz hartu beharreko iragarpena dela: «Pandemia amaitzen denean jakingo dugu zenbat lanpostu desegin diren, estimulu eta laguntza neurriak desagertzen direnean. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan izango da hori».

KPIari dagokionez, aurten %2,1 igoko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,3 Nafarroan. Hurrengo urterako %2tik beherako batezbestekoak espero dituzte. Igoera nabarmena da, eta arrazoi nagusia energiaren prezioaren igoera da, hala argindarrarena nola erregaiena. Era berean, behin-behineko beste hiru arrazoi gehitu dituzte: merkealdien atzerapena, erosketa saskiko aldaketak eta Alemaniako Gobernuak BEZa berriz ere igo izana.

Arrisku faktoreak

Iragarpenak, dena den, beti daude arrisku faktoreen menpe, eta hiru izendatu zituzten: txertoen eraginkortasuna COVID-19aren aldaera berrien aurrean, pandemiaren kostu ekonomikoak —Next Generation funtsen garrantzia nabarmendu zuten— eta pilaturiko zor publiko eta pribatua. «Espainian, zor publikoa BPGaren %95 zen lehen, eta %120 da orain. Neurriak hartu beharko dira itzultzeko, baina 2022ra arte Europako fiskalitatea indargabetuta dago; orduan erabaki beharko da zer egin. Halere, euskal ekonomia, egun, 2008ko krisiaren ondoren baino askoz hobeto dago».

Etorkizuna sektoreka aztertuta, ondo bidean zerbitzuen sektoreak lekukoa hartuko dio orain industriari. Zentzu horretan, Madariagak azaldu zuen eroaleen eta semieroaleen gabezia autogintzan eragiten ari den arazoa galga izaten ari dela industriarentzat, baina litekeena dela luze gabe mesedegarria izatea: « Baliteke deslokalizazio batzuekin amaitzea. Txipak Taiwanen egin eta handik ekartzea arazoa bada, ez du zentzurik han jarraitzeak; ez behintzat digitalizazioaren aroan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.