Mattarellak Meloniri eskatu dio Italiako Gobernua osatu dezala

Politikari neofaxistak onartu egin du Italiako presidentearen eskaria. Bi lehen ministrorde izango ditu Melonik: Matteo Salvini Legako burua eta Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidente ohia

Sergio Mattarella Italiako Errepublikako presidentea eta Giorgia Meloni gobernuburu berria, atzo arratsaldean, Erromako Kirinal jauregian. PAOLO GIANDOTTI / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Sergio Mattarella Italiako presidenteak Italiako Gobernua osatzeko eskatu zion atzo Giorgia Meloni FdI Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiaren buruari. Melonik eskaria onartu zuen, eta hura izango da Italiako Errepublikako Ministroen Kontseiluko presidente berria. Horrela, Meloni Italiaren historiako emakumezko lehen gobernuburua izango da, eta FdI, Matteo Salviniren Lega Nord eta Silvio Berlusconiren FI Forza Italia alderdiek osatuko dute Meloniren gobernua. Izan ere, eskuin muturra nagusi duen hiruko aliantza horrek irabazi zituen Italiako Parlamenturako bozak irailaren 25ean, botoen %44 inguru bilduta. Gaur 10:00etan egingo du Melonik gobernuburu karguaren zina, Erromako Kirinal jauregian.

FdLk gobernuan izango duen boterea orekatzeko, Legako lehen ministrorde bat eta FIko beste bat izango ditu Meloniren gobernuak. Lehena Antonio Tajani izango da, FI alderdiko kidea eta Berlusconiren gobernuko bozeramaile izandakoa. Lehen ministrorde izateaz gain, Atzerri ministro ere izango da. Europako Parlamentuko presidente izandakoa da, eta EB Europako Batasunaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aldeko jarrera du. Beste lehen ministrordea Matteo Salvini izango da, Legako burua. Garrantzi politiko handiko beste kargu bat ere izango du: Azpiegitura ministro izango da. Giancarlo Giorgetti izango da Ekonomia ministroa; Legako «sektore europazalekoa» da.

Oposizioko alderdiekin bildu ostean, atzo goizean elkartu zen Mattarella Melonirekin, Salvinirekin eta Berlusconirekin. Eskuin muturrak gidatutako aliantzako buruek Meloni neofaxista proposatu zioten Italiako gobernuburu izateko, FdIk eskuratu baitzituen boto gehien hauteskundeetan: %26ko babesa lortu zuen. Arratsaldean Meloni eta Mattarella elkartu ziren, eta orduan eskatu zion presidenteak ultraeskuindarrari gobernu berria osatzeko. Melonik ministroen zerrenda helarazi zion presidenteari, eta hark onartu egin zuen, nahiz eta beto eskubidea daukan.

Gobernu zatitua

Melonik, Salvinik eta Berlusconik atzo batasun irudia eman nahi izan bazuten ere, aliantzaren barruko zatiketa nabaria izan da hauteskundeak irabazi zituztenetik. Berlusconik adierazi izan du Vladimir Putin Errusiako presidentea «lagun» duela, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri leporatu izan dio Ukrainako gerraren erantzukizuna. Melonik, ordea, erantzun zion «harro» dagoela Italia EBko eta NATOko kide izateaz, eta bi lehen ministrorde «europazale» izendatu ditu. Bestalde, Italiako Parlamentuko bi ganberetako mahaien presidentetzak Meloniren eta Salviniren alderdiek eskuratu zituzten. Berlusconiren «haserrea» eragin zuen horrek.

Italiako Gobernu berriak 24 ministro izango ditu, eta horietako sei baino ez dira izango emakumeak. Horietako zortzi Meloniren alderdiko kideen esku egongo dira —Defentsa Ministerioa, esaterako—, lau izango dituzte Legakoek, eta sei FIk. Gainerakoak «teknikoak» izango dira.

Oposizioak salatu izan du eskuin muturraren bueltan eratutako aliantzak ez duela EBren eta NATOren aldeko «jarrera argi bat». Gainera, nabarmendu izan dute irailaren 25eko hauteskundeak Melonik, Salvinik eta Berlusconik osatutako aliantzak irabazi zituen arren abstentzioa inoizko handiena izan zela: %36koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.