Erreformaren aurka «baturik eta tinko» jarraituko dute sindikatuek

Trenbideetako, portuetako eta energiaren sektoreko langileek greban segitzea adostu dute. Bihar goizean manifestazioa egingo dute Baionan. Aurkako jarrera agertzeko eskatu diete auzapezei

Grebalariak Donibane Lohizuneko herriko etxearen aurrean, atzo. PATXI BELTZAIZ.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Donibane Lohizune
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Trenbideetako, portuetako eta energiaren sektoreko langileek Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreformaren kontrako protestekin segitu zuten atzo. Mobilizazioak hasi zirenetik, bederatzigarren greba eguna izan zuten, eta astearteko manifestaziotik, hirugarrenez batzartu ziren grebarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Aldeko botoak nagusitu ziren Ipar Euskal Herrian eta Frantziako hainbat hiritan eginiko bilkuretan. Atzokoaz gain, intersindikalak manifestaziorako deia egin du larunbaterako. Baionakoa 10:30ean abiatuko da, tren geltokitik.

Atzo Donibane Lohizunen mobilizatu ziren, Baturik eta tinko! Mobilizaturik erreforma kendu arte! lelopean. CGT sindikatuaren pankartaren gibeletik, manifestazioa egin zuten berrehun lagun inguruk. Hiriko errepide nagusitik itzuli bat eman zuten, eta auto ilara handiak sortu zituzten. Gerard Larcher Frantziako Senatuko lehendakariak duen etxebizitzara joan ziren manifestariak. Han geldialdia egin zuten, eta senatu burua seinalatu zuten. Sebastien Geles Hendaiako tren gidari eta CGTko kideak hartu zuen hitza: «Senatari honek Macronen erreforma baino urrunago joan nahi du. Guk, zenbait lanbidetako langileok, ezezkoa ematen diogu erretreta duinen aurka doan edozein erreformari».

Ondoren, herriko etxera joan ziren. Zenbait langile karpa baten azpian sartu ziren; oihalez ezkutatu beren burua, eta protestari masaren laguntzaz eraikinaren gibelaldera joan ziren. Han, elektrizitate eta gas kutxetara hurbildu, eta elektrizitate eta gas sarrerak urritu zituzten. «Krisi energetikoan gauden honetan, langile batzuek neurritasun energetikoa inposatu diote Jean François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapezari», adierazi zuen Gelesek. Amaitzeko, Herriko Etxeko plazan, askari partekatu bat egin zuten.

Gaur protestarik ez

Julien Delion tren gidari eta CGT sindikatuko kidearen arabera, ostiral honetarako ez da ekintzarik aurreikusi: «Enpresa bakoitzean langileak batzartu daitezen nahi dugu; horri emango diogu lehentasuna, grebaren segida ongi prestatzeko estrategikoki pentsatu behar baita. Horrez gain, larunbateko manifestaziorako indarrak bildu behar ditugula uste dugu».

Atzoko protestarako Donibane Lohizune aukeratu izanaren arrazoiak eman zituen Delionek, eta jakinarazi zuen handik Ipar Euskal Herriko kostaldeko auzapez guztiei gutunak bidali dizkietela, erretreten erreformaren aurka azal daitezen. Mezuari erantzun dion bakarra Jean François Irigoien auzapeza izan dela adierazi zuen Delionek. «Irigoienen ustez, ez dute herritarrek aukeratzen, baizik eta hautetsontziek. Macronek, hauteskundeak irabazi dituelako, zilegitasun osoa duela uste du. Baina ez da hala». Irigoieni eta «langileen interesak errespetatzen ez dituen orori» erantzuteko deia egin dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.