Albistea entzun

Bizkaiko ostalaritzako langileak grebara deituak daude gaurko eta biharko

Hitzarmena berritzeko negoziazioen blokeoa gainditzea nahi dute sindikatuek. Frantziako Tourra Bilbotik abiatu aurretik, sektorea guztiz gelditu nahi dute
Sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon.
Sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon. LAB SINDIKATUA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko ekainak 29

Bizkaiko ostalaritzako langileek bi eguneko greba hasi dute gaur, hitzarmena berritzeko negoziazioen «blokeoa» gainditzeko. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte bi greba egunak, eta atzo elkarretaratze bat eginda ekin zioten protesta ziklo horri. Bizkaiko taberna, jatetxe, hotel eta kolektibitate enpresetako 22.000 langile ingururi eragiten die hitzarmenak, eta soldatak bizitzaren egungo kostuaren arabera eguneratzea nahi dute sindikatuek, besteak beste.

Azken hilabeteetan hainbat mobilizazio, lanuzte eta greba egin dituzte langileek, eta sindikatuek adierazi dute mugimendu horiek ez dutela aldatu patronalaren jarrera. Sindikatuek biltzeko eskatu diote patronalari, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari, baina ez dute baiezkorik jaso; otsailean egin zuten azken batzarra. Hala, grebarekin erantzutea erabaki dute, eta sindikatuek diote hori dela patronalak langileei utzi dien aukera bakarra.

2020ko urtarrilean iraungi zen Bizkaiko ostalaritzako lan ituna, eta ordutik inflazioa %12,9koa dela nabarmendu dute sindikatuek; kontrara, soldatek bere hartan irauten dutela adierazi dute. Horrez gain, behin baino gehiagotan ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan egon ziren langile gehienak 2020. eta 2021. urteetan, ostalaritzan hainbat murrizketa izan baitziren COVID-19aren ondoriozko osasun larrialdia zela eta.

Sindikatu bakoitzak bere eskakizunak baditu ere, antzeko eskariak eta gutxieneko puntuak dituzte denek: azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko soldata eguneraketak, datozen urteetako inflazioaren araberako soldata igoerak, lanaldia erregistratzeko fitxaketa sistemak, lanaldi murrizketa...

Ekainaren lehenean lanuzteak egin zituzten, eta, orduan sindikatu guztiek batera bidali zuten oharrean, aldarrikatu zuten janari lasterreko enpresak eta banatzaileak edo rider-ak hitzarmen horren barruan sartzea. Jatetxeetako eta tabernetako langileez gain, kolektibitateen sektoreko langileak —eskoletako jangeletako langileak eta antzekoak— ere hitzarmen horren barruan daude, eta «sektore feminizatu» horren baldintzak hobetzeko beharra nabarmendu dute sindikatuek.

Hainbat mobilizazio

Greba ez ezik, hainbat mobilizazio ere egitekoak dira sindikatuak gaur eta bihar. Gaur goizean, hoteletan elkartuko dira, eta elkarretaratzea egingo dute horien ostean. Zarata egitea eta nabarmentzea dute helburu, eta sindikatuek iragarri dute turistak grebaz ohartuko direla. Hori dela eta, propagandarako kartelak eta pankartak euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzi dituzte. Izan ere, Frantziako Tourra berriro Euskal Herritik abiatzeak ikusmira sortu du, eta Bilboko eta inguruetako hotelak eta antzeko ostatuak beteta daude egunotan.

Gaur goizean hasita eta eguerdira arte, orduero hotel baten parean elkartuko dira: Catalonia hotelean 09:00etan, Carltonen 10:00etan, Indautxu hotelean 11:00etan, Sercotel Coliseon 12:00etan eta Nyx-en 13:00etan. Horren ondoren, kalejira egingo dute: Ledesma kalean hasi, eta Areatzan bukatuko dute. Bihar ere beste bira bat egingo dute hotel batzuen zehar, eta 17:30ean amaituko dute protesta jardunaldia, Ledesma kaletik hasita Alde Zaharrera.

Occidental-en ere, greban

Bizkaiko ostalaritza sektorean ez ezik, Bilboko Occidental hotelean ere badira mobilizazioak, greban baitira, ELA sindikatuak deituta. Herenegun hasita, bihar amaituko dute lau eguneko greba. Barcelo katearen hotelak 50 langile inguru ditu, eta ordezkari guztiak ELAkoak dira. 2019tik lan karga handitu egin dela salatu dute, eta soldatak igotzeko eskatzen dute.

Frantziako Tourrean parte hartuko duen Soudal-Quick Step taldea hotel horretan da, eta herenegun, taldearen kamioia iritsi zenean, langileek protesta egin zuten.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean ©Idoia Zabaleta (Foku)

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Jokin Sagarzazu

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

Emakume bat etxebizitza iragarkiei begira, Bilbon. ©Luis Tejido / Efe

Hipoteka gutxiago eta txikiagoak

Iker Aranburu

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat ©Andoni Canellada (Foku)

ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»

Jokin Sagarzazu

Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Imanol Magro Eizmendi

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.