Bosforo itsartearen ertzean dagoen hiri ederra galtzeak asko du sinbolikotik eta asko drama errealetik. Istanbul da gehien populaturiko hiria Turkian, eta han neurtzen da politika nazionala. Recep Tayyip Erdoganek berak jaioterri duen hirian abiatu zuen ibilbide politikoa, kale estu eta pikoen auzo xume batetik egin baitzuen salto hamabost milioi biztanleko hiriko alkatetzara.Umetan, Kasimpasan sesamozko ogi erroskillak saltzen zituen gaur egun herrialdeko presidentea denak, eta, igandeko bozen bezperan jaioterrian sei mitin eman bazituen ere, biharamuneko emaitzak ez dira onak izan.
Istanbul galtzea ez da udal bozen porrot bakarra izan presidentearentzat; krisi ekonomiko betean, haren babes maila neurtzeko bozak ere baziren, eta oposizioa orain arte islamisten esku zeuden sei hiri handitan ere nagusitu da; besteak beste, hiriburuan.
CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren aurretik geratu da Ankaran. Mansur Yavas sozialdemokratak hiru punturen aldea atera dio orain arteko alkate Mehmet Ozhasekiri. 1994. urtetik zegoen hiriburua islamisten eskuetan.
Ankara ez da, ordea, galdu duten gotorleku bakarra. CHPk aginduko duen hiri handien zerrendan sartu da: Izmir, Antalya, Mersin, Adana, Bolu, Bilecke, Kirsehir...
Polarizazioa
Turkia osoa aintzat hartuta, hala ere, islamistek boto gehiago eskuratu dituzte, eta azken udal bozetako emaitzen pare daude. AKPk botoen %53 eskuratu ditu, alkatetzen %56. MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiarekin koalizioa eratu dute islamistek hainbat hiritan. CHPk, berriz, botoen %38 eskuratu ditu IYI eskuineko alderdi nazionalista moderatuekin adostutako koalizioari esker.
Udal bozek agerian utzi dute gero eta nabarmenagoa den polarizazioa. Barrualdeko nekazari eremuak islamisten eskuetan eta periferiarik sozialdemokratenetan. Istanbulek bereganatu du, dena den, arreta guztia; izan ere, han bizi dira 57 milioi biztanle dituen herritarren %20, eta oposizioaren garaipen estua islamisten inpugnaziorako justifikazioa izan da.
Sadi Guven Hauteskunde Batzorde Nagusiko presidenteak agerraldia egin behar izan zuen atzo goizaldean bezperako gauean bi alderdietako hautagaiek garaipena aldarrikatu ostean. Guvenek zehaztu zuen 27.889 botoko aldea zegoela, baina, 84 boto kutxaren zenbaketa errepikatu behar zela, eta horrek 25.000 eta 35.000 boto tarteari eragiten ziola. Ekrem Imamoglu CHPko hautagaiak 4.159.650 boto eskuratu zituen zenbaketa ofizialaren arabera. Binali Yildirimek, AKPkoak, 4.131.761.
Yildirim bera izan zen, dena den, garaipena aldarrikatzen lehena. AKPk iragarri zuen 3.870 botoren aldearekin nagusitu zela orain arte hiriko alkate izan dena.
Imamogluk, berriz, garaipena aldarrikatu izana kritikatu zion aurkariari eta erantzukizunez jokatzeko eskatu. Kemal Kilicdaroglu CHPko presidenteak esan zituen hauteskunde gaueko hitzikepikoenak: «Une historikoa da. Udaberria Istanbulera ere iritsiko da. Imamoglu izango da gure alkatea».
Erdoganen diskurtsoa zuhurragoa izan zen: «Udal batzuk irabazi ditugu, eta beste batzuk galdu. Normala da hori. Hau da demokrazia eta horrela onartu beharra dago». Biharamunean, baina, irmoago mintzatu zen emaitzen kontrako salaketa jarriko zuela iragartzeko. Fatih Sahin AKPko idazkari nagusiak ondoren jakinarazi zuen emaitzak inpugnatuko zituztela islamistek galdu zuten udal guztietan. Istanbulen boto baliogabeak bi hautagaien artean dagoen boto aldea baino handiagoa dela argudiatu zuen Sahinek; 300.000 boto eman dituzte baliogabetzat han. Ankarako 12.158 bozkalekuetatik gehienetan ere irregulartasunak atzeman zituztela adierazi zuen. Hiriburuan, 124.000 botoren aldearekin nagusitu da CHP. Oposizioa, baina, ez dago prest amore emateko, eta sozialdemokratek ere iragarri dute bozak berriz ere zenbatzeko eskatuko dutela.
Kurdistanen errepresioa
Istanbulen eta Ankaran oposizioak izan duen gorakada ulertzeko,ezinbestekoa da kurduez hitz egitea. HDPk erabaki zuen hiri horietara ez aurkeztea eta sozialdemokraten aldeko botoa eskatzea islamistak alkatetzatik kanporatze aldera. HDPk botoen %12 lortu zituen presidentetzarako bozetan Istanbulen.
HDPren maniobra politikoak emaitza onak eman ditu maila nazionalean, baina errepresioak ondorioak izan ditu Kurdistanen. Diyarbakir hiriburuan botoen %60 lortu ditu ezkerreko alderdi kurduak, eta hiri nagusietan ere nagusitu da, zortzi hiritan eta 45 barrutietan; baina azken udal bozekin alderatuta, hainbat udal galdu ditu, tartean gotorleku historiko kurduak izan direnak: esaterako, Sirnak. Jazarpen politiken ondorioa da. Turkiak Kurdistango dozenaka alkate atxilotu ditu, etxeratze aginduak ezarri ditu hirietan eta etengabe miatu ditu HDPren egoitzak.
Erdoganen biharamuna
Turkiako hiri nagusiak galdu ditu alderdi islamistak, tartean Ankara eta Istanbul. AKPk eta CHPk emaitzak inpugnatu dituzte. HDP zortzi hiritan nagusitu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu