Autokontsumoan sobran dagoen argindarrak faktura txikituko du

Elektrizitatearen autokontsumoa arautzen duen dekretua onartu du Espainiako Gobernuak. Autokontsumo partekatua erraztuko du, eta ondoko etxeetako panelak erabiltzea baimenduko

Eguzki panelak dituen etxe bateko teilatua, artxiboko irudian. WOLFRAM STEINBERG / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Argindar autokontsumoa zigortzeari utzi, eta autokontsumo hori erraztuko du aurrerantzeanEspainiako legediak. PPren eguzkiaren gaineko zerga bertan behera utzi zuen urrian PSOEren gobernuak, eta orain aurkeztu du familia batek, bizilagun batzuek edo enpresa batek beren argindarra ekoiztea eta sobran dutena sare nagusira kostu gehigarririk gabe jaulkitzea ahalbidetuko duen dekretua.

Legealdia luzapenean egon arte itxaron du Espainiako Gobernuak dekretua onartzeko, horrek dakarren arriskuarekin. Hilabeteko epean igaro beharko du Espainiako Kongresuko diputazio iraunkorretik, eta hor bi aukera daude: eskuineko alderdi baten botoa jasotzea edo, iragan asteazkenean bezala, Pedro Sanchezen inbestidura onartu zuten ezkerreko taldeek eta abertzaleek babesa ematea.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak ziurtatu du dekretuaren helburua dela «herritarrak sistema energetikoaren erdigunean» jartzea. Ondorio «oso positiboak» izango dituela uste du. Herritarrei begira, prezioak jaitsiko dituela uste du, eta tokian tokiko enplegua ere bultzatuko duela, distantzia laburreko energia sareak bultzatuko dituelako. Hauek dira dekretuaren punturik garrantzitsuenak:

NORK EGIN AHAL IZANGO DU AUTOKONTSUMOA?

Bere etxean edo enpresan energia sortzeko iturri berriztagarri bat jartzen duen edonork. Bi motatako autokontsumoa izango da. Batetik, soberakinik gabekoa. Hau da, norberak erabiliko du bere energia iturri berriztagarria—gehienetan, eguzki panel fotovoltaikoak— sortzen duen argindarra; baliatzen ez duena galdu egingo du, betiere bateriak argindarra biltzeko bateriarik ez badu.

Bigarrenik, soberakina argindar sare orokorrera isuriko duen autokontsumoa izango da. Bide hori aukeratzen dutenek kontratua izan beharko dute argindar konpainia batekin, sarea erabiltzeko kuota ordaindu beharko dute, baina soberakina erabiliko dute beren faktura txikitzeko. Hau da, argindarra sobran duten unean gastatzen ez dutena—eguzkiak bete-betean jo eta ekoizpen asko dagoelako, edoune horretan ez dutelako kontsumitu— deskontatuko diete argindarra ekoitzi ez duten uneetan egiten duten gastutik (gauean, egun euritsuetan...). Hau da, autokontsumoa sare nagusiaren argindar kontsumoa gutxitzeko sistema bat da.

ZER MUGA DAUDE?

Kontsumitutako argindarra baino gehiago ekoizten duena ez da kontsumitzailetzat hartuko, ekoizletzat baizik. Eta horrek ekoizleen erregistroan sartu beharko du, etekinak aterako dituelako. Hamabost kilovatio arteko instalazio bat dutenek ez dute zertan sare nagusira lotu, baina bai, ordea, hamabost eta 100 kilovatio arteko potentzia dutenek—eta konexioa pagatu beharko dute—. Ehun kilovatiotik gorako instalazioak ekoizletzat hartuko dira, eta tramite gehiago bete beharko dituzte; hortik beherakoek nahikoa izango dute udalari planta jarri dutela jakinaraztearekin.

BIZILAGUNENARTEAN PARTEKA DAITEKE?

Bai, hori da dekretuaren berritasunetako bat. Ekonomikoki errentagarria izan ohi da atari bateko bizilagun guztiek plaka bat edo batzuk konpartitzea, hasierako inbertsioa lagun gehiagoren artean banatzen delako, eta sortutako argindar gehiena edo guztia autokontsumorako erabili ahal izaten delako.

Autokontsumo partekatuan konpentsazio estatikoa deitutakoa onartu du Espainiako Gobernuak: plakaren jabe bakoitzak izango du ekoizpen kuota bat eta horren araberako konpentsazioa jasoko du. Hau da, haien artean beste akordiorik ez badago, sortutako argindarra bizilagunen artean banatuko dute, bakoitzak zenbat kontsumitu duen kontuan hartu gabe. Lehen urrats bat dela dio Trantsizio Energetikorako Ministerioak, aurrerago norberaren gastua neurtzeko sistemak ezar daitezkeela.

Autokontsumo partekatuak ez du zertan izan atari bateko bizilagunen artekoa. Ondoko eraikinekoa ere baliatuahal izango da; gehienez, 500 metrora egon beharko du instalazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.