Torrak premiazko bilera bat eskatu dio Sanchezi, «errepresioaz» aritzeko

Kataluniako presidenteak presoen inguruan eztabaidatu nahi du Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin, eta eskatu dio «autodeterminazioan oinarritutako erantzun bat» emateko

Quim Torra Kataluniako presidentea eta Marcel Mauri Omniumeko presidenteordea, atzoko bilera eta gero. ANDREU DALMAU / EFE.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidentea Kataluniaren azken urteko egoera politikoaz mintzatu zen herenegun, eta gogor kritikatu zituen fiskaltzak U-1aren epaiketan aurkeztu zituen ondorioak, esanez «akusazioak ikaragarri larriak» direla. Atzo beste pauso bat eman zuen Kataluniako presidenteak, eta «premiazko bilera bat» eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari: batetik, behin-behinean preso dauden buruzagi katalan independentisten inguruan hitz egiteko, eta, bestetik, subiranismoaren aurkako «errepresioa» salatzeko.

«Fiskaltzak esan berri digu erakunde kriminal bat garela; 70 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatu ditu gure kideentzat; erbestean dugu jendea; errepresioa etengabekoa da. Hau guztia konpondu beharra dago». Kataluniako auziari buruzko epaiketan fiskaltzak ondorioak aurkeztu eta hurrengo egunean egin zituen Torrak deklarazio horiek, TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Horretaz mintzatzeko baliatu nahi du Sanchezi eskatu dion bilera.

Izan ere, herenegun U-1aren epaiketaren ondorioen berri ematean, Javier Zaragoza fiskalak gogor egin zuen akusatuen kontra, eta esan zuen Katalunian «batez ere 2017ko irailean eta urrian gertatu zena estatu kolpe bat» izan zela. Zaragozak argudiatu zuen akusatuta dauden buruzagi katalan independentistek zera nahi zutela, «beharrezkoa zenean indarkeria erabiliz konstituzioa hautsi». Torrak kritika argia egin zion fiskaltzari, esanez «oso larriak» direla egindako akusazioak eta Katalunian ez zela estatu kolperik izan.

Kataluniako presidentea, baina, ez dago prest egonean egoteko, eta adierazi zuen sententziari erantzun bateratua emateko asmoa duela. Horretarako, autodeterminazioaren aldeko hainbat eragile politiko, sozial eta ekonomikorekin biltzekoa da Torra. ANCrekin eta Omniumekin batzartu zen atzo.

NBEren esanari entzungor

Ideia horiek nabarmendu eta salatzeaz gain, Torrak gogora ekarri nahi dio Sanchez presidenteari NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak Espainiako Gobernuari egindako eskaera. Lantalde horrek eskatu zion Espainiako Gobernuari aske uzteko Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua eta Jordi Cuixart Omniumeko burua. Lantaldeak azaldu zuenaren arabera, «ez zegoen nahikoa oinarri atxiloketa prebentiborako eta epaiketarako», eta ikerketa «sakon eta independente bat» egiteko esan zion. Hala eta guztiz ere, ebazpen horiek ez dira lotesleak.

Madrilgo gobernuarekin negoziatzen hasten bada, Torrak eskatuko dio Sanchezi «kontalari» bat egon dadila, bi aldeen proposamenak modu objektiboan jasoko dituena. Gainera, prozesu subiranistaren aurkako zigor epaia gauzatuz gero, Kataluniako presidenteak uste du «printzipio demokratikoetan eta autodeterminaziorako eskubidean oinarritutako erantzun bat» eman beharko zaiola. Uste du azken urteotan independentismoa «indarberritu» egin dela.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak ere eskatu dio Sanchezi «ausardia» izateko, eta «irtenbide demokratikoko proposamen bat» egiteko Kataluniako auziari. Atzo Gernika-Lumora (Bizkaia) egindako bisitan egin zituen Torrentek deklarazio horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.