Puigdemont, Junqueras eta Cominen europarlamentari aulkiak, hutsik

Espainiako Hauteskunde Batzordeak ez dio utzi Boye abokatuari aktak hartzeko tramiteak egiten JxCko bi parlamentari hautetsien izenean. Helegite bat aurkeztuko du EBko Justizia Auzitegian

Gonzalo Boye politikari katalan erbesteratuen defentsen koordinatzailea, atzo, Espainiako Hauteskunde Batzordearen egoitzan, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Atzo, Espainiako Estatuan parlamentari hautetsi izendatutakoek eurodiputatu aktak hartu zituzten. Carles Puigdemont, Antoni Comin (JxC) eta Oriol Junqueras (Orain Errepublikak) ere hautetsiak dira; hala jaso zuen BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak, joan den ostiralean. Baina atzo ezin izan zituzten aktak hartzeko tramiteak osatu beste 51 hautetsiek bezala. Aurreneko biak erbesteratuta daude, eta indarrean dago Espainiako Estatuko lurrak zapalduz gero haiek atxilotzeko agindua; hirugarrena behin-behinean kartzelatua dago, eta Auzitegi Gorenak akta hartzera joateko baimena ukatu zion lehengo astean. Gonzalo Boye abokatuak, politikari katalan erbesteratuen defentsen koordinatzaileak, Espainiako Hauteskunde Batzordearen egoitzara jo zuen atzo, Kongresuaren eraikinera. Dokumentu batzuk eraman zituen; horietako batek jasotzen zuen Puigdemontek eta Cominek Belgikako notario baten aurrean ametitu zutela Espainiako Konstituzioa; beste batek, JxCko parlamentariek haien izenean aritzeko baimena ematen ziotela. Dena dela, hauteskunde batzordeak ez zituen dokumentu horiek onartu, eta, LOREG Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren 224. artikulua aplikatuz, hutsik utzi ditu hiru hautetsien aulkiak.

Artikulu horrek dioenez, «aldarrikapenaren ondoko bost egunetan hautetsiek konstituzioaren zina egin edo konstituzioa onartu beharko dute Espainiako Hauteskunde Batzordean. Epe hori igarota, batzordeak hutsik utziko ditu konstituzioa onartu ez duten europarlamentarien aulkiak».

Puigdemontek eta Cominek atxilotze aginduak bertan behera uzteko eskatu zioten Gorenari joan den astean. Baina Pablo Llarenak, buruzagi subiranisten aurkako auzi judizialaren instrukzioko epaileak, eskaerak baztertu zituen joan den larunbatean. Herenegun, Boyek iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegian baldin eta hauteskunde batzordeak Puigdemont eta Comin eurodiputatu izendatzen ez bazituen. Ikusita ez dituela izendatu, asmoa berretsi zuen atzo. Haren esanetan, EBko auzitegiak uztailaren hasierarako ebatziko du auziaz; hain zuzen ere, datorren uztailaren 2an osatuko dute Europako Parlamentua, Estrasburgon (Frantzia).

«Jendeak uste du inprobisatzen ari garela, baina ez da hala», azpimarratu zuen Boyek. Puigdemont eta Comin europarlamentari izendatzeko tramitea «egina» zegoela esan zuen, eta izandako jokabidea leporatu zion hauteskunde batzordeari: «Ez dituzte paperak irakurri, letra txikia ere ez dutelako irakurtzen». Boyeren ustez, tramitea ondo egina dago, eta, hori baieztatzeko, azpimarratu zuen Espainiako Kongresuan eta Senatuan ere hala egin izan dela.

Junquerasi dagokionez, erregu helegite bat jarri zuen herenegun Gorenean. ERCko liderrarentzat, auzitegiak oinarrizko eskubideak urratu dizkio europarlamentari akta hartzen ez utzita. Fiskalak eskatutakoari jarraikiz, Gorenak deliberatu zuen Junquerasen kontrako auzibidea «arriskuan» egongo zela parlamentari akta hartzen utziz gero. Gorenak ez zuen halakorik aipatu bere autoan, baina ERCko buru espetxeratuak akta hartuko balu immunitate parlamentarioa edukiko luke, eta, hainbat abokatuk azken egunotan adierazi dutenez, auzitegiak erregu eskaera bat egin beharko lioke Europako Parlamentuko Mahaiari auzibidearekin jarraitu ala ez erabakitzeko.

Buruzagi subiranisten kontrako epaiketan, Gorenak Espainiako Kongresuko diputatu akta hartzen utzi zien Junquerasi, Jordi Sanchezi, Jordi Turulli eta Josep Rulli (JxC), baita Bartzelonako Udaleko zinegotziarena ere Joaquim Forni (JxC).

Fiskaltzak ezetz dio

Forcadell, Rull, Turull eta Sanchez preso politiko katalanak behin-behinean aske uzteko haien defentsek egindako eskaeraren aurka agertu da fiskaltza. Atzo argitaratutako autoaren arabera, presoek «ihes egiteko arriskua» dago. Fiskaltzaren ustez, hori iradokitzen dute kartzelatuek epaiketaren azken egunean egindako alegatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.