EBn asilo eskariak handitu egin dira aurten, Venezuelako krisiarengatik

Maiatzera arte 290.000 eskaera jaso dituzte estatu kideek, 2018an baino %11 gehiago. Asiloaren agentziak dio «behin-behineko» joera dela, eta 2019ko kopurua iazkoa baino txikiagoa izango dela

Errefuxiatu batzuk Atenasko tren geltokian, iragan apirilean. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) 28 estatu kideetan eta Norvegian, Suitzan, Islandian eta Liechtensteinen gora egin du asilo eskari kopuruak, aurtengo lehen bost hilabeteetan. Urtarriletik maiatzera, herrialde horiek 290.000 eskari baino gehiago jaso zituzten, iaz epe berean baino %11 gehiago, Asiloa Laguntzeko Europako Agentziak (EASO) atzo jakinarazi zuenez.

Gorakada batez ere Venezuelako eta Latinoamerikako beste estatuetako herritarren eskariengatik izan da, «euren herrialdeetako krisi politikoetatik eta ekonomikoetatik ihesean ari baitira», EASOren arabera. Venezuelarren artean sumatu da aldaketa handiena: 18.400 eskari egin dituzte aurtengo urtarriletik maiatzera arte; bikoitza, iazko datuen aldean.

Gorakada horretan, Espainia bilakatu da eskari gehien jasotzen dituzten herrialdeetako bat. 46.596 izan ditu bost hilabeteko epean —%50 gehiago—, iaz urte osoan izandako kopuruaren %89; aurten, gehienak venezuelarrak—16.846— eta kolonbiarrak izaten ari dira —10.122—. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, ia hiru milioi venezuelar atera dira herrialdetik azken hilabeteotan, eta gehienak inguruko estatuetara joan dira; besteek Espainiara joateko hautua egiten dute, hizkuntzarengatik.

Halere, EASOren iritziz, aurtengo gorakada «behin-behinekoa» izango da, 2015eko datuetara ez baitira iritsiko; urte horretan, 1,4 milioi eskatzaile izan ziren EBko estatu kideetan, eta, iaz, 665.000 inguru, erdia baino gutxiago. Hortaz, agentziak uste du 2019a amaitzerako bere horretan jarraituko duela azken hiru urteotako beheranzko joerak.

Iaz, 664.480 eskari jaso zituzten estatuek, duela bi urte baino %10 gutxiago; 2018ko kopurua 2014koaren antzekoa da: 662.165.

Hortaz, urteotako datuak 2015eko gorakadaren aurrekoetara hurbildu dira, eta aurtengoa 2014koa baino gutxiagokoa izan daiteke. 2015ean eta 2016an, milioi bat inguru izan ziren, eta 2017an, 712.235.

2018an, Alemaniak gehien

Zazpigarren urtez jarraian, Alemaniak jaso zituen iaz asilo eskari gehien: 184.180. Atzetik izan zuen Frantzia, 120.425ekin, inoizko kopururik handienarekin.

Horien ostean izan ziren Mediterraneoko hiru herrialde: Greziak 66.965 eskatzaile izan zituen; Italiak, 59.950; eta Espainiak, 54.050.

Eskatzaileen artean, bi heren gizonezkoak ziren, eta, adin tarteari dagokionez, deigarriena da 14 urte baino gutxiagoko 76.270 lagunek eskatu zutela asiloa. Gehienak 18-34 tartekoak izan ziren: 88.540.

Asilo eskatzaileen artean, 39.760 siriarrak ziren, eta horietako 23.400 Alemaniara joan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.