Turkiak lurreko erasoa abiatu du Rojavan, bonbardaketak egin ostean

Erdogan presidenteak helburutzat jarri du «hegoaldeko mugan terrorearen korridore bat saihestea». Zibilek inguruko herrietara ihes egin dute. Trumpek esan du operazio militarra «ideia txarra» dela. Bideoa albistearen bukaeran.

Zibilak auto batean, atzo, Turkiako armadaren hegazkinen bonbardaketetatik ihes egiteko prest, Serekaniyen.
Zibilak auto batean, atzo, Turkiako armadaren hegazkinen bonbardaketetatik ihes egiteko prest, Serekaniyen. AZAV EVDIKE

Ander Perez Zala - Mikel P. Ansa -

2019ko urriak 10

Turkiako armadak eta Siriako Armada Nazionalak Rojavaren aurkako erasoaldia hasi zuten atzo arratsaldean, Turkiaren eta Siriako Kurdistanen arteko mugan dauden Tel Abyad, Ras al-Ain eta Qamixli hiriak bonbardatuta. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) armadaren behaketa postuetako batzuk hiri horietan zeuden iragan astelehenera arte, baina, asteon, hustu egin dituzte, Donald Trump AEBetako presidentearen aginduz, Ankararen indarrei bidea irekiz. Irakeko Kurdistango mugatik hurbil dagoen Al-Malikiya ere bonbardatu zuen Turkiako armadak; han daude Rojavako espetxerik handienak, eta Estatu Islamikoaren (EI) jihadista gehienak ere han daude preso —12.000 inguru—. Erasoaren ondorioz, kurduek bertan behera utzi behar izan dituzte EIren aurkako operazioak.

Duela urtebete Afringo barrutia okupatzeko erasoari ekin zionean bezala jokatu du Ankarak orain ere: aireko erasoak eginda, muga inguruan militarrak kontzentratuta eta jihadistek eraso ustez autonomoak eginda. Hori guztia, armadaren sarrera errazteko: azkenean, atzoko gaualdean sartu ziren Siriako Kurdistanen.

Finean, Turkiak sekuentzia ia berari jarraitu dio Rojavaren kontrako operazioari ekiteko, leku estrategikoen kontra eginda; helburua zen Siriako Indar Demokratikoen (SDF) erantzuteko gaitasuna txikitzea, eta, hori lortzeko, miliziaren baseak eta armen biltegiak bonbardatzeaz arduratu ziren atzo 25 hegazkin inguru. Mugatik 50 kilometroraino sartu ziren, SDFren Ain Issa hiriko egoitza garrantzitsu baten aurka egiteko.



SDFren prentsa bulegoaren arabera, gutxienez zortzi lagun hil ziren atzo Turkiaren bonbardaketetan. Kurduek arratsalde aldera eman zuten lehen erantzuna: bi jaurtigai bota zituzten Kurdistan zatitzen duen mugan dagoen Ceylanpinar hirira (Turkiako aldean), eta beste sei Qamixliren ondoan dagoen Nusaybinera (Turkiako aldean). Ez da hildakorik izan.

Operazio militarrari Bakearen Iturria izena eman dio Turkiak. «PKK/YPGko [Kurdistango Langileen Alderdia/Herriaren Babes Unitateak] eta Daexeko terroristen kontra» ekiteko hasi dute erasoaldia, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Twitter sare sozialean adierazi zuenez: «Gure misioa da hegoaldeko mugan terrorearen korridore bat saihestea eta bakea eramatea eremu horretara». 1980ko hamarkadatik, Turkiak talde «terroristatzat» du PKK, eta, hortaz, YPG ere bai, PKKrekin harremana duela argudiatuta; SDFko sekzio handiena da YPG, eta azkeneko urteetan EIren aurkako borrokan nabarmendu dira —AEBen laguntza izan dute borroka horretan—.

Rojavako eremu hori SDFren kontrolpean dago azkeneko urteetan, eta gobernu eredu konfederal eta autonomoa eratu dute han. Etnia ugaritako jendeak bizi dira han, denera sei milioi zibil inguru. Erasoen ondorioz, milaka zibilek euren etxeetatik ihes egin zuten hegoalderantz, inguruko herrietara eta mendebaldean dagoen Kobanera; atzo, gau aldean, hegazkinak EIren aurkako erresistentziaren sinbolo bilakatu den hiri hori ere bonbardatzen hasi ziren, Balik jakinarazi zuenez.

Turkiak sarritan aipatu du Siriako Kurdistandik kanporatu nahi dituela kurduak. Atzo abiaturiko erasoarekin, Turkiako presidentearen helburua da Rojavan 30 bat kilometroko «eremu seguru bat» sortzea, «terroristak» kanporatzeko; gero, Turkian dauden errefuxiatu siriarrak —hiru milioi inguru eremu horretara igorri nahi ditu.

Nazioartea, kritiko

Erdoganek aginduriko erasoaldiarekin kritiko agertu ziren atzo Europako Batasuna (EB) eta hango hainbat estatu kide. Besteak beste Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Italiak operazio militarra «berehala» gelditzeko exijitu zioten Turkiako presidenteari, eremua «desegonkortuko» duela argudiatuta. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea argi mintzatu zitzaion Erdogani: «Plan horren parte bada eremu seguru bat sortzea, ez dezala espero EBk horretarako dirua jarriko duenik».

Trumpek, bere erabakiekin erasoaldiari bide eman dion agintariak, Turkiako presidenteak agindurikoaren kontrako jarrera agertu zuen, ohar baten bidez: «Ideia txarra da». Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak, aldiz, jarrera leunagoa izan zuen, Turkiari eskatu baitzion «neurriz» jardun dezala. NBEren Segurtasun Kontseilua gaur batzartuko da auziaz eztabaidatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna