EAEko administrazioko langileak grebara deitu dituzte apirilaren 22rako

ELAk, LABek, CCOOk, SATSEk, Steilasek eta ESK-k sektore publikoko behin-behinekotasun tasa handia salatu nahi dute. Sektore bakoitzaren lan behar errealak zeintzuk diren iker dadin nahi dute

Donostia ospitaleko langileen elkarretaratzea, iazko azaroan egin zuten greba egunekoa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako langile publiko guztiak apirilaren 22rako. Administrazioan diharduten langile publikoen behin-behinekotasun tasa salatu nahi dute protesta horren bidez. Deitzaileen ustez, egoera «gero eta kezkagarriagoa» da, eta behin-behinekotasuna, «onartezina». ELA sindikatuak urtarrilean jakinarazi zuenez, eta bere kalkuluen arabera, hiru lurraldeetako langile publikoen %40k ez dute kontratu finkorik, eta 50.000 baino gehiago dira guztira.

Greba deialdi baten zurrumurruak asteak zeramatzan bueltaka, eta sindikatuek atzo baieztatu zuten. Grebaren bitartez, negoziazio kolektiboa indartu dadin nahi dute, eta erakunde guztiei egiten diete deia, «Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino». Kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela sinetsita daude, eta horren atzean zerbitzu publiko ugari pribatizatzeko asmoa dagoela. «Bide horretan, ezin konta ahala zerbitzu publiko pribatizatu dira azken urteotan, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko», kritikatu dute deitzaileek.

Sindikatuek erakundeei eskatu diete egun mahai gainean dituzten egitasmo legegileak alboratzeko, «ez direlako nahikoa» eta ez dutelako ziurtatzen behin-behinekotasunaren amaiera. Era berean, martxan dauden enplegu publikoko lehiaketetan «ezohiko neurriak» txertatzea exijitu dute kolektibo bakoitzaren beharrak detektatzeko, eta, haren bitartez, lantoki bakoitzean dauden behar errealak «identifikatzea». Alegia, lantoki bakoitzean behar den langile kopuru erreala zehaztea. Azkenik, pribatizazioak eta esternalizazioak bukatzea eskatu dute, eta lantaldeak gaztetzeko planak abian jartzea.

Horiek hala, grebara deitu dute apirilaren 22rako, baina mobilizazioak martxoaren 17an hasiko dira. Egun horretan, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean elkartuko dira, Gasteizen; Bizkaiko Foru Aldundian, Bilbon; eta Donostiako udaletxean. Horiez gain, mobilizazio gehiago antolatzeko asmoa dute. Deitzaileek ez dute aipatu protestaldia Nafarroara zabaltzeko aukera.

UGTk ez du bat egin

Deitzaileei erreparatuta, deigarria da ELA eta LAB eskutik doazela, bi sindikatu subiranisten arteko harreman instituzionala bere onenean ez egon arren. Era berean, UGTk ez du greba babestuko, deialdi «antzua» dela deritzolako. Deitzaileekin bat egiten du diagnosian, baina ez du uste greba denik haiek konpontzeko bidea. «Guk negoziazio mahaien alde egiten dugu erakunde publikoetako lanpostuak finkatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.