Argindar erreformaren atal nagusia negoziatzeko prest dago Ribera

Zentral nuklearrek, hidraulikoek eta eolikoek jasotzen duten gainsaria itzuli behar izatea airean dago, garestitzea uste baino handiagoa izan delako. Konpainia elektrikoekin negoziatuko du gobernuak

Iker Aranburu.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Kolokan dago argindarraren faktura jaisteko asmoz Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen neurri nagusia: konpainia elektrikoek estatuari itzultzea energia hidraulikoak, nuklearrak eta eolikoak jasotzen duten gainsariaren zati handi bat. Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroa prest dago puntu hori bertan behera uzteko edo aldatzeko, energia iturri horietako batzuk ez piztea eragiten ari baita, haien esanetan,ez delako errentagarria.

Riberak jakinarazi du hurrengo egunotan argindar konpainiekin bilduko dela, garestitzearen aurkako zer neurri har daitezkeen aztertzeko, eta berretsi egin du bere gobernua prest dagoela bere erreforma tiraderan sartzeko, baldin eta Europako Batasunak estatukide guztiei eragiten dieten neurriak hartzen baditu.

Cinco Dias egunkariak kaleratu du Ribera prest legokeela erreformaren atal eztabaidatuenean atzera egiteko, eta informazio horri sinesgarritasuna eman diote burtsek, konpainia elektrikoen akzioek gora egin baitzuten: %7 Iberdrolarenak, %4,3 Endesarenak eta %1,7 Accionarenak.

Espainiako Gobernuak irailaren erdialdean onartutako dekretuak esaten du argindar konpainiek itzuli egin behar dutela zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia. Beren ekoizpena ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko kontratu zuzenen bidez saltzen duten zentral eolikoei ez die eragiten gainsaria gutxitzeak, baina bai elektrizitatea sare orokorrean uzten dutenei.

Madrilek kalkulatu zuen enpresek 2.600 milioi itzuli beharko zituztela, eta, horrekin —eta CO2 isurketa eskubideen salmentak kutxa publikoei ematen dizkien 900 milioi euroekin—, tarifa elektrikoak gaur egun betetzen dituen karguen %96 ordaindu ahal izango direla (berriztagarrien sustapena, uharteetara argindarra eramateko kostuak, XX. mendearen hasierako defizita estaltzea...), eta, hartara, kontsumitzaileek ez dituztela pagatu beharko.

Zentral batzuk, itzalita

Baina dekretua onartu zenetik asko garestitu da argindarra handizkako merkatuan —153 euro megawatt-ordu irailaren 14an, 288 euro atzo eta 230 euro gaur—, eta horrek dakar zentral elektrikoek askoz diru gehiago itzuli behar izatea. Haien arabera, hain prezio handiekin ez zaie errentagarria zentral batzuk piztea, gehiago delako itzuli behar dutena lortzen dutena baino. Asteburuan, esaterako, 2.000 MWh-ko potentzia duten haize errotak itzalita izan ziren preziorik apaleneko orduetan. Riberak ikerketa eskatu dio CNMC merkatuen gainbegiraleari.

Espero da Riberaren eta sektorearen arteko elkarrizketak bizkorrak izatea, Kongresuan datorren ostegunean berretsi behar duelako iraileko dekretua.

Konpainia elektrikoek, eta bereziki Iberdrolak, oso gogor jo dute dekretuaren aurka. Lehenik eta behin, zentral nuklearrak dagokiena baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Gero, Iberdrolak iragarri zuen energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak etengo zituela, segurtasun juridikorik ez zuela argudiatuta. Gainera, Bilbon egoitza duen konpainiak jakinarazi zuen ez dietela eutsiko bezero handiekin zituzten epe luzeko kontratuei. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak «izugarrizko interbentzionismoa» salatu du, baina prest azaldu da gobernuarekin negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.