Zigor gehiago Bielorrusiari

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen

Letoniako armadako soldadu bat, Bielorrusiarekiko mugan, burdin harizko hesi labanaduna altxatzen. VALDA KALNINA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Europako Kontseiluaren goi bilerako bigarren egunean, migrazioaren auzia izan zen atzo eztabaidagai nagusia. Estatu kideetako agintariek berehala neurriak hartzeko premia nabarmendu zuten, ikusirik nabarmen gora egin duela Bielorrusiatik EBra iristen ari diren asilo eskatzaileen kopuruak. Haien iritziz, Bielorrusiako Gobernuarena da migrazio jarioa hainbeste handitu izanaren ardura. Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak «migratzaileak helburu politikoetarako erabiltzen» dituela uste du Kontseiluak, eta EB desegonkortzea duela helburu. Estatu kideek Lukaxenkori ohartarazi diote ez dituztela onartuko Minsken «eraso hibridoak», eta «erantzun» egingo dutela. Bileraren ostean iragarri dute lehen erantzuna: zigor gehiago ezarriko dizkiote Bielorrusiari.

Irailaren amaieran, Europako Batzordeak proposatu zuen EBrako bisak ukatzea Bielorrusiako Gobernuko kideei eta bestelako goi kargudunei, eta gaur EBko agintariek adierazi dute «pertsona eta erakunde gehiagoren kontrako neurri murriztaileagoak» hartuko dituztela, «premiaz».

Milaka migratzaile iritsi dira EBra haren ekialdeko mugetatik azken hilabeteetan, Lukaxenkok horien bidea ez zuela oztopatuko iragarri zuenetik, joan den ekainean. Bielorrusiatik Poloniara, Lituaniara eta Letoniara gurutzatzen ahalegintzen dira. Lituaniara, adibidez, 2020. urte osoan heldu zirenak baino 50 aldiz asilo eskatzaile gehiago iritsi ziren uztailean eta abuztuan. Letoniako mugako indarrek jakinarazi dutenez, berriz, 1.800 pertsona baino gehiago kanporatu dituzte mugan, joan den abuztuaren 10ean larrialdi egoera ezarri zutenetik. Poloniak muga gurutzatzeko 9.500 saiakera baino gehiago zenbatu ditu urria hasi zenetik.

EBk Bielorrusiari jarri zizkion zigorren erantzun gisa erabaki zuen Lukaxenkok migratzaileei bidea erraztea. Bruselak hainbat zigor ezarriak zizkion aurretik Bielorrusiako Gobernuari, 2020ko bozetan ez ziolako onartu garaipena Lukaxenkori, oposizioa pertsegitzea egotzi ziolako eta Minskek Ryanair konpainiaren hegazkin bat desbideratzera behartu zuelako oposizioko kazetari bat atxilotzeko.

BBC hedabideak jakinarazi duenez, Bielorrusiak bisa turistikoen bidez lagundu die migratzaileei EBren mugetara iristen. Zazpi egunerako bisa turistikoa lortzea erraztu die EBra joan nahi duten migratzaileei, eta baimen horrekin modua izan dute, lehenik, Minskerako hegaldi bat hartu, eta, gero, autoz hiriburutik Poloniako, Lituaniako edo Letoniako mugarainoko tartea egiteko. Irakek bertan behera utzi zituen abuztuan Bagdadetik Minskerako hegaldi zuzenak, EBren presioen ondorioz, baina iheslariek beste estatu batzuetako hirietatik bidaiatu dute Bielorrusiara, izan Istanbuldik, Dubaitik edo Damaskotik.

Muga gogortzeko eskariak

Bielorrusiako migrazio bideak Mediterraneoa zeharkatzeak baino arrisku txikiagoa izan ohi duen arren, ez dago oztopoetatik salbu. Lituaniak, Letoniak eta Poloniak burdin harizko hesi labanadunak jarri dituzte mugetan, eta Varsoviak 6.000 soldadu inguru bidali ditu muga zaintzera. Mugetako indarrek Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziarekin elkarlanean atzematen dituzten migratzaileetako asko mugan bertan kanporatuak dira, eta beste hainbat atxilotze zentroetan ixten dituzte. Gutxienez 10.000 migratzaile daude herrialde baltikoetako, Poloniako eta Alemaniako zentroetan itxita. Horrez gain, Bielorrusiatik EBrako migrazio bide hori ere ez dago giza trafikoan aritzen diren mafien eraginetik salbu.

Mugako bidea ixteko neurri zorrotzagoak behar direla uste dute Poloniak, Lituaniak eta Letoniak, eta mugan hesi bat altxatzeko dirua eskatu diote Bruselari. Hainbat estatu kideren babesa jaso dute horretan; besteak beste, Austriarena, Danimarkarena, Hungariarena eta Greziarena. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak, ordea, baztertu egin du aukera hori bileraren ostean. «Adostasun bat dago Europako Parlamentuaren eta batzordearen artean hesiak eta burdin hari labanadunak ez finantzatzeko» EBren aurrekontuarekin.

Adostutako testuan, EBko «kanpoko mugen kontrol eraginkor bat bermatzeko erabakimena» agertu dute EBko agintariek. Kontseiluak gaineratu du «bigarren mugimenduak» murrizteko ahaleginak ere behar direla. Auzi horrek bereziki kezkatzen ditu Alemania, Austria eta Europa erdialdeko beste estatu batzuk, EBren kanpoko mugarik ez duten arren migrazio fluxuen eraginpean daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.