CNIko zuzendariaren kargugabetzea «huts egin izanarekin» lotu du Sanchezek

Espainiako presidenteak kritika uholde bati erantzun behar izan dio. PP mintzatu zaio gogorren Sanchezi. Independentistek ez dute itxitzat jo espioitza kasua

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Kongresuan, CNIko burua kargutik kentzeari buruzko azalpenak ematen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pegasus softwarearekin egindako espioitza kasuek harrabotsa eragin dute Espainiako eztabaida politikoan, eta, atzo, Espainiako Kongresuan izan zituzten hizpide, gobernuak Paz Esteban CNI zerbitzu sekretuetako zuzendaria kargutik kendu eta biharamunean. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan zuen gobernuko komunikazioen segurtasunean izandako «hutsegite larri batek» eragin duela CNIko zuzendaritzaren «aldaketa». Segidan, Sanchezek kritika gogorrak egin zizkion Alderdi Popularrari, eta «eskuineko zoritxarra» dela leporatu zion, oposizioaren gaitzespen uholdeari aurre egiteko.

Hain zuzen ere, Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramaileakSanchezi adierazi zion gobernuak hartu berri duen erabakiak argi uzten duela Espainian «independentistek» agintzen dutela, eta presidenteari «politikaren erabateko degradazioa» ordezkatzea egotzi zion. Biek ala biek tonu gogor eta oldarkorra erabili zuten Kongresuan.

Kritika oldeari erantzunez, Espainiako presidenteak jakinarazi zuen CNIko zuzendaritzan aldaketak egin dituztela, goi kargudunetatik hasita. Ez zuen xehetasun gehiagorik eman, eta eskertu egin zuen kargutik kendutako CNIko buruaren eta kide guztien lana.

Jarraian, Sanchezek azpimarratu zuenez, haren gobernuak ez du inoiz PPk Mariano Rajoyren agintaldian jokatu zuen modura jokatuko. Popularrei leporatu zien «funts publikoak, estatuko segurtasun indarrak eta inteligentzia zerbitzuak erabiltzea delituzko ekintzak estaltzeko eta aurkari politikoei jazartzeko». Era berean, adierazi zuen «handi-mandirik» ez dagoela gobernuan; «PPren agintaldian bai, ordea».

Gamarrak, berriz, independentisten boterearekin lotu zuen CNIko zuzendaritza kargutik kendu izana, eta gobernuari mezu hau bidali zion: «Bere betebeharra betetzen duena kargutik kenduko dute, baina gezurra esaten duena eta gobernuaren mesedetan manipulatzen duena saritu egingo dute». PPko Kongresuko bozeramaileak gogorarazi zuen CNIk gobernuko presidenteari ematen diola informazioa, eta adierazi zuen Sanchezek bazekiela Espainiako zerbitzu sekretuetako burua zertan ari zen. «Baina jakin duguna zera da, gobernabidea negoziatzen zenuela estatuak ikertu behar zituen alderdi politikoekin, eta hori ez da beste edozein herrialdetan gertatzen, politikaren erabateko degradazioa baita, eta hori da zuk ordezkatzen duzuna».

ERCko bozeramaile Gabriel Rufian, berriz, Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesi mintzatu zitzaion, eta leporatu zion «patriotismo toxikoa» sustatzea, berariaz dimisioa eskatu gabe. «Errealitate gordina da politikariak zelatatu direla, eta agian oraindik zelatatzen ari direla», azpimarratu zuen Rufianek.

Bestalde, Kongresuko Konstituzio Batzordea egin zuten atzo, eta Pegasus auziaz mintzatu ziren. Mertxe Aizpurua EH Bilduko eledunak nabarmendu zuen «logikoa» dela CNIko buruak kargua uztea: «Baina horrek ez ditu argituko zalantzak. Inork ez digu sinetsaraziko Esteban [Paz, CNIko buru ohia] zela espioitza kasuen berri zuen bakarra». Mikel Legarda EAJkoak salatu zuenez, jeltzaleek bultzatu duten Idazkaritza Ofizialen Legearen erreforma «baltsamatu» egin da. Ekimen handirik ez izatea leporatu zion PSOEri. Podemosek, berriz, Roblesi eskatu zion deitu ziezaiola Israelek Espainian duen enbaxadoreari, hango gobernuak «gainbegiratzen» baitu Pegasus.

Kargutik kentzea, ez aski

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak ez du itxitzat jo Pegasus sistemarekin independentisten aurka egin den espioitza kasua, eta, CNIko zuzendaria kargutik kentzea ez ezik, beharrezkotzat jo zuen entzuketak «agindu» zituenak «erantzukizun politikoak» bere gain hartzea ere.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidentearentzat ere, «ez da nahikoa» CNIko burua kargutik kentzea, eta ikerketa «sakona» egitea galdegin zuen. Borrasek «ke laino bat» egin nahi izatea egotzi zion Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.