Urrira arte, lantokian 30 behargin hil dira istripuz, Osalanen arabera

Iaz epe berean baino laneko %43 heriotza gehiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azkue Jaurlaritzako Laneko sailburuordeak esan du behin-behinekotasunak ez duela laguntzen

Jon Azkue eta Alberto Alonso, atzo, Osalanen aurtengo datuak aurkezteko agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Prebentzio kultura zabaltzeko lan egin beharra daukagu, eta, horregatik, istripu bat dagoen bakoitzean porrot egiten dugu». Alberto Alonso Osalaneko presidenteak urtarriletik urrira arteko istripuen txostenaren aurkezpenean egin zituen adierazpen horiek, atzo. Bada, porrotek gora egin dutela esan daiteke, iaz baino %2,7 laneko istripu gehiagoren berri izan duelako prebentziorako erakundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Heriotzak eragin zituzten laneko ezbeharrak, gainera, %42,9 hazi dira. Iaz baino bederatzi pertsona gehiago zenbatu dituzte lehen hamar hilabeteetan, denetara 30. Horietatik bost Araban zendu ziren, hemezortzi Bizkaian, eta zazpi Gipuzkoan.

Ekonomia hazten ari da, eta horrek eragina izan dezake laneko jatorria duten ezbeharrak hazteko garaian. Hala azaldu zuen Jon Azkue Jaurlaritzako Laneko sailburuordeak, baina arazoaren fokua beste alde batera ere eraman nahi izan zuen: «Behin-behinekotasunak ez du laguntzen, hori begi bistakoa da; laneko prekaritate horri aurre egin behar zaio». 29.965 laneko istripu erregistratu ditu orain arte Osalanek, eta, hazkundearen eraginez, laneko istripuen eragina handitu egin da aurten: 1.000 langiletik 32ri eragiten die. Datua iaz baino 0,9 puntu altuagoa da.

Sektoreen araberako istripuei begira, denetan ezbehar gehiago egon dira, lehen sektorean izan ezik —%0,8 istripu gutxiago urrira arte—, eta industrian izan da gorakadarik handiena %1,4ko igoerarekin. Laneko istripuen eragina eraikuntzan da handiena: 1.000 langiletik 72ri eragiten die. «Eraikuntza sektorea erritmoa hartzen ari da berriz ere, eta hor prebentzio kulturan hobetu behar dugu».

Etxetik lanerako bidean, edo in itinere izandako istripuetan, bestalde, hiru langile hil dira urtarriletik urrira arte Osalanek egindako zenbaketetan. Iazko datua baino txikiagoa hori, ordea, zazpi behargin zendu baitziren kasu hartan. Era horretako 3.196 istripu izan dira aurten, eta horietatik 3.163 ezbehar arinak izan dira.

Laneko gaixotasunen kasuan, Osalanek gaixo agiria eragin zuten 1.099 gaixoaldi zenbatu zituen irailera arte, eta agiririk gabeko beste 1.353. Datu horiek iazkoak baino txikiagoak dira, %11,3 eta %4,1, hurrenez hurren.

Zenbaki horiekin guztiekin Alonso ez zen gustura azaldu, eta istripurik gabeko lan eremu baten bidean lanean jarraitzeko «Osalan gero eta beharrezkoagoa» dela aldarrikatu zuen. Prebentzioaren kultura zabaltzeari garrantzi berezia eman zion, eta,alde horretatik, negoziazio kolektiboa «ezinbestekoa» dela azaldu zuen: «Kalitatezko lana gero eta beharrezkoagoa da».

Laneko heriotza gehiago

Halako kasuetan gertatu ohi den bezala, Osalanek emandako datuak LABek bere webgunean duenekin alderatuz gero, zenbakiek ez dute bat egiten. Istripu hilgarriak biltzen dituen kontagailuaren arabera, orain arte 64 behargin hil dira Euskal Herri osoan. Horietatik 42 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hau da, laneko segurtasun eta osasunerako erakundeak emandako 30 heriotzen datuetatik urrun.

Azken urteetan, gainera, gora egiten ari da laneko ezbehar hilgarrien kopurua. 2013an, ekonomiak hondoa jo zuen urtean, 35 hildako zenbatu zituen sindikatuak Euskal Herri osoan, eta horietatik 29 ziren Osalanek datuak biltzen dituen eremukoak. Orduz geroztik, urtero haziz joan da kopurua iaz izan ezik. 2016an, 55 behargin hil ziren zazpi lurraldeetan, eta 40 hiruretan. Hala ere, zerikusi txikia daukate beharrean hildakoen kopuru horiek krisia lehertu aurrekoekin. 2008an 112 behargin hil ziren Euskal Herrian. Jarduera ekonomikoa berreskuratzen ari baldin bada ere, istripuen kopuruak ez du maila berean egin gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.