Blokeatuta, laguntzaren zain

Lampedusan porturatzeko ahalegin bat egin du 42 migratzaile daramatzan 'Sea Watch 3' ontziak, baina Italiako Gobernuak ez dio utzi. Kapitainak erran du «Italiako jurisdikzioan» konfiantza duela

Itsasoan erreskatatutako migratzaileak Sea Watch 3 ontzian, atzo, Italiako Lampedusa uharteko kostaren parean. TILL M. EGEN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Caroline Rackete Sea Watch 3 itsasontziko kapitainak Italiaren debekuari jaramonik ez egitea erabaki zuen herenegun, eta herrialde horren uretan sartu zen, duela bi aste Mediterraneoan erreskatatu zituen 42 migratzaile lurrera eramateko asmoz. GKE gobernuz kanpoko erakunde batek debeku hori urratu duen lehenbiziko aldia izan da, baina atzo, edizio hau ixteko orduan, ontzia Lampedusako portura sartu ezinik zebilen artean. Izan ere, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak, desafio egin diotela ikusita, egoera blokeatzea erabaki zuen atzo, eta uharteko portutik bi kilometrora gelditua utzi zuten ontzia. «Ontzia atxikitzen badute eta kapitaina atxilotu, pozik egonen naiz», erran zion RcR irrati kristauari.

Italiako oposizioko parlamentari talde bat, hainbat kazetarirekin batera, Sea Watch 3-n izan zen atzo. «Ezin da pertsonen bizitzekin jolastu. Babesleku bat behar duten 42 pertsona ditugu», adierazi zien Racketek. Salvinik errandakoei buruz erantzun zuen ez dituela hark errandakoak «entzuten». «Ziur naiz Italiako jurisdikzioak egoera ulertuko duela, eta ez dela zigorrik izanen». Barne ministroak mehatxu gehiagorekin erantzun zion: «Legez kanpoko ontzi bat zuzentzen duen iheslari bat da, eta erraten du ezin duela 'denbora galdu'. Pazientziak muga bat du».

Hilabete honetan bete da urtebete Salvinik erreskate lanetan aritzen diren GKE-en ontzien aurkako ekinaldia hasi zuenetik. Afrikatik ateratako migratzaileak Italiara joatea eragotzi nahi izan du politika horrekin, eta GKE-ei leporatu die «giza trafikoan» aritzea. Hilabete honetan bertan Italiako Gobernuak dekretu bat onartu du debekua urratzen dutenei ondorio penalak eta isunak ezartzeko, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan den asteartean arrazoia eman zion Erromari, ebatzi baitzuen estatu batek betebeharra duela itsasoan laguntza emateko, baina ez ontziei porturatzen uzteko.

Aurrekaririk gabeko egoera

Sea Watch erakundea, ordea, ez dago ados horrekin, eta aurrekaririk gabeko egoera bat sortu du. Bi emaitza posible utz ditzake pultsu honek: lehenbiziko aldiz erreskatean ari diren eskifaien aurkako ondorio penalak aplikatzea, edo, desafioak arrakasta izanez gero, duela urtebete ezarri zen egoeran paradigma aldaketa bat eragitea. Racketek Lampedusako portuan sartzeko ahalegin bat egin zuen atzo goizean, baina ez zioten utzi, eta Italiako mugako poliziak ontzian sartu ziren. «Pazientzia, seguruenik egoera desblokeatzen ari baita», erran zien polizietako batek, ontzian grabatutako bideo batean ageri denez.

Giuseppe Conte lehen ministroak haren Barne ministroa babestu zuen atzo, eta erran zuen Rackete kapitainaren jarrera «inoiz ikusi gabekoa» izan dela. «Une honetan, hau ez da politikaren erantzukizuna, epaileen erantzukizuna da», adierazi zuen Osakan (Japonia), G20koaren bilkuraren bezperan. Salvinik EB Europako Batasunari eta Herbehereei eskatu die auziaz arduratzeko. Herbehereetako Migrazio ministroak atzo erantzun zion ez dutela «migratzaileak hartzeko» betebeharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.