Emakumeen ia erdiek ez dute beren gorputzaz erabakitzeko askatasunik

Andreen %45ek ez dute autonomiarik sexu harremanez, antisorgailuen erabileraz eta osasun arretaz erabakitzeko, UNFPAren arabera. Bost estatutik batek ez du babesten osasun sexuala

Emakume bat osasun arreta jasotzen, Hamdayeten, Sudanen. SUFIAN ABDUL-MOUTY / UNFPA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Nire gorputza nirea da. Zenbat emakume eta neskatok baiezta dezakete hori libreki?»: galdera hori eginez hasi du UNFPA Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak argitaratu berri duen emakumeen eskubideen inguruko 2021eko txostena. Erantzuna: «Milioika pertsonari ukatu egiten zaie sexu harremanei ezetz esateko, norekin ezkondu erabakitzeko eta egoki ikusten dutenean haurrak izateko eskubidea». Zehazki, txostenean aztertutako herrialdeetan, emakumeen ia erdiek ez dute bermatua beren gorputzaz askatasunez erabakitzeko eskubidea.

NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak lehen aldiz aztertu du emakumeek zer autonomia duten beren gorputzaren inguruko erabakiak hartzeko. «Berria» eta «iraultzailea» da, Nahid Toubia ikerketa aholkulari eta aktibistaren esanetan. Denera, garabidean diren 57 herrialdetan egin du azterketa, eta zera ikertu du, herrialde horietan bizi diren emakumeek zer eskubide duten sexu harremanak izateari ezetz esateko, antisorgailuen erabileraz erabakitzeko eta osasun arreta jasotzeko. Ondorioztatu dute emakume horien %55 daudela hiru eremu horietan askatasunez erabakitzeko egoeran.

Munduaren eremu batetik bestera, ordea, aldaketak daude, ikerketaren arabera. Asia ekialdean eta Latinoamerikan %76 inguru dira, eta Ekuadorrek (%87) eta Filipinek (%81) dituzte ehunekorik handienak. Afrika erdialdean eta mendebaldean, berriz, %40 baino gutxiago dira.

Eremu geografiko bakoitzaren barruan ere alde handiak daude. Esaterako, Saharaz hegoaldeko Afrikan emakumeen %50 inguruk askatasuna dute erabakiak autonomoki hartzeko, baina han daude ehuneko txikienak dituzten hiru herrialdeak: Malin, Nigerren eta Senegalen, emakumeen %10 baino gutxiago dira aske aipatutako hiru egoera horien inguruan erabakitzeko. Esaterako, Senegalen, %85ek ahalmena dute antisorgailuen erabileraren inguruan erabakitzeko, baina bost emakumetik lauk ezin diete sexu harremanei ezetz esan.

Horiek horrela, berrikuntza orokorragoen beharra nabarmendu du UNFPAk, argudiatuz atal jakin batean egoerak hobera egiteak ez duela zertan besteetan eragin. Sexu harremanak jarri ditu horren adibide gisa: «Sistema patriarkalek gizonen sexu nahiak emakumeen nahien gainetik ezartzen dituen botere harremanen dinamika betikotzen dute. Hainbat emakumek sexu harremanei ezezkoa emateari uko egitea onartzen dute beren bizitzako beste alor batzuetan autonomia handiagoa izatearen truke».

Izan ere, aipatutako hiru eremuetan erabakitzetik harago, UNFPAko zuzendari Natalia Kanemek nabarmendu du «ohikoak diren abusuen zerrenda luze bat» dagoela: besteak beste, genitalen mutilazioa, abortu behartuak, bortxaketak eta birjintasun probak.

Horren atzean, nagusiki, lege diskriminatzaileak daudela argudiatu du UNFPAk, «emakumeen gorputzen inguruko erabakiak beste batzuen esku» geratzea baimentzen dutenak. Izan ere, batez beste, emakumeek gizonek dituzten eskubide juridikoen %75 dituzte bermatuak, NBEren arabera. Hori, kontuan izan gabe zer-nolako kaltea egiten duen independentzia ekonomikorik ez izateak eta adinak, arrazak, etniak, sexu orientazioak edo ezgaitasunak eragindako diskriminazioak.

Neurri gehiagoren beharra

Herrialdeen berdintasun politika falta ere aztertu dute. Besteak beste, herrialde horien laurdenek ez diete antisorgailuak eskuratzeko berme bera ematen gizonei eta emakumeei, eta bostetik batek ez du neurririk hartzen osasun sexuala babesteko.

Badira argitara atera diren datu gehiago ere: hogei herrialdetan, emakumeak behartuta daude beren bortxatzailearekin ezkotzera, gizonak hala nahi badu; 43tan, ezkonduen arteko bortxaketak ez dira zigortzen, eta 30 ingurutan, emakumeek mugatuta daukate etxetik kanpo aske ibiltzea.

Egoerak, gainera, okerrera egin du azken urtean, UNFPAren arabera, COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendua eta osasun arreta jasotzeko zailtasunak direla medio. Kanemek azaldu du egun inoiz baino emakume gehiago jasaten ari direla «genero arrazoiengatiko indarkeria, ezkontza goiztiarrak eta halako praktika kaltegarriak»; erantsi du nahi gabeko 1,4 milioi haurdunaldi izan direla pandemian, familia plangintzako zerbitzuek izandako etena dela eta. Halere, agentziaren arabera, egoera okerragoa izan zitekeen, uste baitzuten sei hilabeteko etenaldi batek zera ekarriko zuela, 47 milioi emakumek antisorgailu modernoak ezin eskuratzea.

«Diskrimikazio hori» amaitzeko asmoz, Kanemek gobernuei eskatu die «lidergoa» hartzeko eta «generoaren araberako araudiak indartzen dituzten egitura sozial, politiko, instituzional eta ekonomikoak» aldatzeko lan egiteko: «Gizarte guztiek egin behar dute gehiago genero berdintasuna lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.