Europak ebatzi behar du

Italiako justiziak Puigdemonten kontrako euroagindua eten du, Europako Justizia Auzitegiak bere irizpidea argitu arte. Aske gelditu da, baldintzarik gabe

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua, atzo, Sassariko Helegite Auzitegitik (Sardinia) irteten. CLAUDIA SANCIUS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua «berehala» Espainiaratzeko eskatu zion Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak Italiako justiziari joan den astean. Baina Llarenak zain egon beharko du. Gutxienez, Europako Justizia Auzitegiak Puigdemonten kontrako euroaginduari buruzko bere irizpidea argitu arte. Hala ebatzi zuen Sassariko Helegite Auzitegiak (Sardinia) atzo, Puigdemontek hango epailearen aurrean bi orduko saioan deklaratu ostean. Junts Per Catalunyako burua aske irten zen auzitegitik, inolako baldintzarik gabe.

Puigdemont «oso pozik» agertu da, bere abokatuekin batera egin duen prentsaurrekoan. Gogoratu du duela lau urte hasi zuela erbestea Generalitateko hainbat kiderekin batera, eta denbora horretan Alemaniako, Belgikako eta Italiako justiziaren aurrean aurkeztu dela, eta hirurek baztertu dutela Espainiako Auzitegi Gorenaren euroagindua. «Europa osoan mugitu naiteke aske, toki bakarrean izan ezik».

Kataluniako presidente ohiaren esanetan, lau urteren ondoren, «autokritika egiteko unea» da Espainiako Estatuarentzat. «Ez du bere helburu politikoetako bat bera ere bete». Europari ere zuzendu zaio: «Europako agintariek ere garaia dute gatazka honen tamainaz jabetzeko». Europako zuzenbidean «salbuespen espainiar bat» ba ote dagoen galdetu du.

Sassariko auzitegiak kontraesanezko bi ikuspuntu aztertu behar izan zituen euroaginduaren gaineko erabakia hartzeko. Batetik, Espainiako Auzitegi Gorenarena: euroagindua indarrean dela ziurtatu zuen Llarenak, joan den astean. Bestetik, Europako Justizia Auzitegiak Puigdemonten kontrako euroagindua etena dagoela jaso zuen uztailaren 30ean argitaratu zuen autoan.

Puigdemonten defentsak argi du Luxenburgoko auzitegiak esandakoa aintzat hartuz gero ez dagoela euroaginduarekin jarraitzeko oinarririk. Gonzalo Boye abokatuaren iritziz, euroagindua etenda dago, Llarena epaileak Luxenburgoko auzitegiari euroaginduen gaineko arazo aurrejudizial bat aurkeztu zionetik. Europako Justizia Auzitegiak hala baieztatu zuen uztaileko autoaren 53. paragrafoan, eta irizpide berari jarraitu dio Italiak.

Ez hori bakarrik. Europako Justizia Auzitegiaren esanetan, «Espainiako agintariek berariaz» adierazi zuten EB Europako Batasuneko auzitegiek ezin izango dutela Puigdemonten kontrako euroagindua betearazi «Justizia Auzitegiak [arazo aurrejudizialari buruzko] epai bat eman arte».

Bestelakoa da Llarenak babestu duen ikuspuntua. Haren esanetan, euroagindua indarrean dago oraindik, eta hala ohartarazi zion joan den ostegunean Sassariko auzitegiari bidali zion idatzian. Goreneko magistratuaren arabera, Europako Justizia Auzitegia «okertu» egin zen euroagindua etenda zegoela baieztatzean, eta Espainiako Estatu Abokatutzari leporatu zion ardura —hark ordezkatzen du Espainiako Estatua Luxenburgoko auzitegian—, auzitegiarihala zegoela adierazi ziolako. Baina Llarenak nabarmendu du euroagindu hori indargabetzeko eskumena berea dela eta ez duela halako erabakirik hartu.

Bi gai argitzeko

Sassariko auzitegiaren erabakia Llarenaren argudioen kontrakoa da erabat, euroaginduei berehala bide ematea baztertu duelako eta lehentasuna eman diolako Luxenburgoko auzitegiak esateko duenari. Bi gai dauzka argitzeko Europako Justizia Auzitegiak.

Batetik, Puigdemonten immunitateari buruz ebatzi behar du. Europako Parlamentuak immunitatea kendu zien presidente ohiari eta Clara Ponsati eta Toni Comin Kataluniako kontseilari ohiei, joan den martxoan. Eurodiputatuek helegitea jarri zuten Europako Justizia Auzitegian, eta Luxenburgoko auzitegiak suplikatorioa legezkoa izan zen argitu beharko du orain.

Bestetik, Llarenak aurkeztu zuen arazo aurrejudizialari erantzun behar dio. Magistratuak argibideak eskatu zizkion euroaginduen eragin ahalmenari buruz eta hari uko egiteko arrazoi posibleei buruz. Belgikako justiziaren ebazpen baten harira aurkeztu zuen eskaria. 2020ko abuztuaren 7an, Bruselako lehen instantziako epaitegi batek baztertu egin zuen Gorenak Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohi erbesteratuaren kontra igorri zuen euroagindua. Epaitegiak arrazoitu zuen Espainiako Auzitegi Gorena ez dela Puigen kontrako euroagindua igortzeko instantzia eskuduna; aldiz, egiteko hori Kataluniako epaitegi bati legokiokeela adierazi zuen. Bruselako epaitegiak euroagindua baztertzeko aurkeztu zituen argudioak egokiak diren argitzearren jo zuen Llarenak Europako Justizia Auzitegira.

Puigdemonten pareko egoera judizialean daude Ponsati eta Comin. Hori dela eta, bi eurodiputatuak atxilotzeko eskaria bidali zion Goreneko magistratuak Sassariko auzitegiari, atzo, Sardinian zeudela jakin zuenean. Cominek eta Ponsatik ez zuten aparteko arazorik izan Sardinian sartzeko, nahiz eta Ponsatik jakinarazi zuen Poliziak identifikatu egin zuela hotelean zegoenean.

Defentsako abokatuek jakinarazi zutenez, izan zen bestelako esku hartzerik ere, Espainiatik. Sassariko auzitegian saioan zeudela, abokatu italiar bat aurkeztu zen aretoan, Vox alderdiaren ordezkari gisa, eta auzian pertsonatzen ahalegindu zen. Gonzalo Boye abokatuak azaldu zuen epaileak «minutu bat» ere ez zuela behar izan eskaria baztertzeko, zilegitasun faltagatik.

Puigdemont Algheroko aireportuan (Sardinia) atxilotu zuten, irailaren 23an, Auzitegi Gorenaren euroaginduaren ondorioz—defentsaren esanetan, Espainiako Poliziak ere parte hartu zuen atxiloketan. Espainiako Gobernuak ukatu egin du—. Gaua pasatu zuen espetxean, eta hurrengo egunean epailearen aurrean deklaratu zuen. Aske utzi zuten, atzo berriro ere deklaratzera itzultzeko baldintza bakarrarekin.

Puigdemont deklaratzera iristerako, Kataluniako independentismoaren ordezkaritza zabal bat eta Sardiniako hainbat ordezkari independentista bildu zen auzitegiaren pare an, babesa ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.