EB «boteretsu» bat helburu, Frantziaren presidentetza aldirako

Macronek 2022ko lehen erdian Parisen gidaritzapean izango den batasuneko agintaldirako ardatzak aurkeztu ditu. Defentsa eta migrazio arloetarako bultzatuko dituen proposamenak nabarmendu ditu

Emmanuel Macron Frantziako estatuburua Frantziari 2022ko urtearen lehen erdian dagokion EBren presidentetzarako ardatzen aurkezpen ekitaldian. L. MARIN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bi bide gurutzatuko zaizkio Emmanuel Macron Frantziako presidenteari datorren urtearen hasieran: EB Europako Batasuneko presidentetza, urtarrilaren 1etik ekaina amaierara arte Frantziari dagokiona, eta herrialdeko estatuburu gisa jarraitzeko hauteskunde lehia, apirilean bi itzulitara erabakiko dena. Bata bestearekin uztartzea mesedegarri izaten ahaleginduko da, baina ikusteko dago Frantziako barne politikan nolako eragina izango duen. Oraingoz, irteera lerroan kokatu da. Macronek atzo jakinarazi zuen EBn sustatu nahi dituen politiken ardatzak zein izango diren. Suspertzea, boterea, kidetza izan da EB gidatuko duen aldirako aukeratu duen leloa.

Frantziako agintariak nabarmendu zuen Europak «mugen barruko elkarlanetik munduan boteretsua den Europa batera mugitu» behar duela, «erabat subiranoa» izateko, «aukerak egiteko aske eta bere patuaren jabe» den EB bihurtzeko. Horretarako, Macronek ezinbestekotzat du batasunak bere ahal militarra indartzea eta segurtasun arloan independentzia handiagoa eskuratzea, arlo horretan AEBen babesa bilatzera mugatu gabe. EBren defentsa politika buruaskiago bat NATOrekin bateragarria dela ziurtatu du hainbatetan.

Schengen eremuaren erreforma bat bultzatuko duela iragarri du, bestalde; EB «bere mugak kontrolatzeko gai» izan dadin. Helburu horrekin, «gidatze politiko» bat eratzea aurreikusten du, eurogunea zaintzeko eratu zen eurotaldearen pareko koordinazio eremu bat. Eurotalde izenez ezagutzen dira eurogunearen parte diren 19 herrialdeetako Ekonomia edo Finantza ministroek aldian-aldian egiten dituzten bilera informalak. Antzeko foro bat eratzea da Macronen proposamena, Schengen eremuko Barne ministroekin —EBko 27 estatutatik 22 dira eremu horren parte, Norvegia, Islandia, Suitza eta Liechtensteinekin batera—. EBren kanpoko mugetan sor daitezkeen krisien aurrean, «larrialdietarako laguntza mekanismoak» ere behar direla gaineratu du.

Frantziako presidenteak adierazi du iheslarien sarrera kontrolatzeko legeetan ere aldaketak sustatuko dituela. «Gerra hibridoei» aurre egiteko erreforma bat behar du EBk, haren esanetan. Izen horrekin deskribatu du Poloniak eta Lituaniak Bielorrusiarekiko mugan duten egoera.

Macronek berretsi egin du iheslarien jatorrizko herrialdeekin elkarlanean aritzearen aldeko apustua, baina EB barruan ere neurri gehiago hartzeaz mintzatu da, bai asilo eskubidea batasun osoan harmonizatzeko, baita iheslariei EBra sartu ondoren jarraipena egiteko ere.

Horrez gain, sare sozial nagusietan «gorroto diskurtsoak» eragozteko araudi bat bultzatuko duela aurreratu du; «aurrekaririk gabekoa». Eta EBk estatuen defizita mugatzeko indarrean dituen irizpideak malgutzeko eztabaida mahaigaineratu nahi du.

Macronek EBren ezohiko bilera bat egingo du martxoaren 10ean eta 11n Parisen, Frantziako bozak baino hilabete lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.