Albistea entzun

Ukraina eta Errusia Parisen bilduko dira, tentsioa baretzeko ahaleginean

Bi estatu horiek Alemaniarekin eta Frantziarekin elkartuko dira, Normandiako laukoan. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du aste amaieran
Errusiako armadako soldaduak, joan den astean, Bielorrusiara iristen, hango indar armatuekin ariketa militarrak egiteko.
Errusiako armadako soldaduak, joan den astean, Bielorrusiara iristen, hango indar armatuekin ariketa militarrak egiteko. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko urtarrilak 26

Ukrainako krisiaren ondorioz, balizko gerra baterako mugimenduak bata bestearen ondotik gertatzen ari dira segidan, baina diplomaziaren bidea ez da agortu oraindik. Errusia zain dago AEBek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak bere eskariei zer erantzungo. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi duenez, «elkarrizketa amaituta dago oraingoz», Washingtonek eta aliantzak Moskuren kezkei idatziz erantzun artean. Frantziak eta Alemaniak, baina, negoziaziorako beste esparru bat bultzatu dute alboko bidetik, eta Errusiako eta Ukrainako ordezkaritza bana elkartzeko baldintzak sortzea lortu dute. Gaur bilduko dira Parisen, bi herrialde horiek Frantziarekin eta Alemaniarekin batera osatzen duten Normandiako laukoan. Agintari nagusiak ez dira izango, baizik eta horien hurbileko aholkulariak.

Ukrainako presidentetzaren kabineteburu Andrei Iermaken iritziz, «oso keinu esanguratsua» da, gutxienez Normandiako laukoaren formatua «desblokeatu» egin delako. «Su-etenari buruz hitz egiteko aukera izango dugu, eta hori oso garrantzitsua da», nabarmendu zuen atzo ICTV Ukrainako telebistan. Hala ere, Frantziari eta Alemaniari ohartarazi die ez dagoela «eztabaida luzeetarako» denborarik.

Ukraina ekialdeko gatazkari irtenbide adostu bat emateko sortu zuten Normandiako formatua, eta elkarrizketek Moskuk eta Kievek Minskeko akordioa sinatzea lortu zuten, 2015ean. Ordutik, baina, su-etena urratzea leporatu diote sarritan elkarri.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Moskurekin elkarrizketa indartzearen alde mintzatu da, eta ondorengo egunean iragarri dute bilera. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzeko beharra babestu zuen herenegun, Mendebaldeko aliatuen aurrean, «Europan egonkortasuna bermatu ahal izateko». Frantziako presidentearen iritziz, beharrezkoa da Ukrainan giroa «azkar» baretzea. Horretarako, Errusiari ohartarazpen «irmoak eta sinesgarriak» egitea proposatu zuen, eta, aldi berean, elkarrizketaren aldeko apustua egitea.

Macronek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egingo dute aste bukaeran, Eliseotik jakinarazi dutenez. Kremlinek baieztatu du elkarrizketa horretarako «prestaketa lanetan» ari direla.

Mosku, kezkatuta

Bide diplomatikoetako ahaleginek ez dituzte geldiarazi balizko gerra baterako mugimenduak. NATOk bere baliabide militarrak indartu ditu, Europa ekialdean gerrarako ontzi eta hegazkin gehiago jarrita. Eta AEBek esan dute 8.500 soldadu Europara bidaltzeko prest daudela. «Alerta gorenean» jarri dituzte, John Kirby Pentagonoko bozeramailearen hitzetan. Moskuk «kezka handiz» erreparatu die NATOren eta Washingtonen azken adierazpenei. Hala ere, Peskovek argitu du urrats horiek ez dutela eraginik izango Errusiaren eta Mendebaldearen arteko elkarrizketetan. Moskuk ez du bere jarrera finkatuko AEBek eta NATOk bere eskariei idatziz erantzun arte. «Espero dugu aste honetan izatea».

Errusiak zirriborro bana helarazi zien AEBei eta NATOri, joan den abenduaren 17an, segurtasun berme eskeekin. Funtsean, NATOri galdegin zion Europan ekialderantz hedatzeari uzteko konpromisoa, Ukraina aliantzara batzeko aukera oro baztertzea, eta erasorako ahal handiko armamentua Errusiatik urruntzea. Washingtonek idatziz erantzuteko konpromisoa hartu zuen joan den ostiralean, eta bi herrialdeetako diplomaziaburuak prest agertu ziren Moskuk erantzunak jaso ondoren berriz biltzeko.

Azken egunetan, AEBek zabaldu dute Errusiak erabakita duela Ukrainari eraso egitea. Gatazka lehertuko duen gertakari bat prestatzen aritzea leporatu diote. Erresuma Batuak, berriz, Ukrainan estatu kolpe bat sustatzen aritzea egotzi dio. Kremlinek gezurtatu egin ditu Washingtonek eta Londresek esandakoak.

Ukrainako Defentsa ministro Aleksei Reznikovek ez du uste bere herrialdea Errusiaren berehalako inbasio baten mehatxupean dagoenik. «Gaur arte, Errusiako indar armatuek ez dute eratu erasorako talderik, bihar oldartzeko prest daudela adierazi dezakeenik», azaldu zuen atzo ICTV telebistan. Otsailaren 20an, Txinan egingo diren Neguko Olinpiar Jokoak amaitzen diren egunean, Errusiak Ukrainari eraso egingo ote dion galdetuta, Reznikovek erantzun du probabilitate «txikia» duela aukera horrek, haren iritziz.

NATOren arabera, Errusiak 100.000 soldadu baino gehiago ditu pilatuta haren lurren mendebaldean, Ukrainako mugatik gertu, eta halako tropa kopurua muga ondoan pilatzea Ukrainaren aurkako mehatxutzat dauka. Moskuk tropak bidali ditu Bielorrusiara ere, eta Aleksandr Lukaxenko herrialdeko presidenteak esan du indartu egingo duela Ukrainarekiko muga, egoera «txarra» delako, eta Bielorrusiak «edozertarako prest» egon behar duelako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Irango protestei elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat, joanden azaroan, Australiako Parlamentuaren parean, Canberran. ©LUKAS COCH, EFE

Iranek herritar bat exekutatu du, azken hilabeteetako protestekin lotuta

Gorka Berasategi Otamendi

Kondenatuari —23 urte— estatuko indarren agente bat labanaz zauritzea egotzi diote. Agintari judizial gorenaren esanetan, «aurki» gauzatuko dituzte mobilizazioen harira ezarritako beste heriotza zigor batzuk ere.

Lucian Bode Errumaniako Barne ministroa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, gaur, Bruselan. ©OLVIER HOSLET / EFE

Kroazia Schengen eremuko kide izango da 2023an

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Austriaren eta Herbehereen ezezko botoaren ondorioz, Bulgaria eta Errumania ez dira espazio bateratuaren barruan egongo.

Bittney Griner AEBetako saskibaloi jokalaria (ezkerrean) eta Viktor Bout arma trafikoagatik AEBetan zigortutako Errusiako teniente ohia (eskuinean). ©STR, EFE

Errusiak aske utzi du Brittney Griner, AEBek Viktor Bout libre uztearen truke

Berria

Griner saskibaloi jokalaria eta Bout arma salmentagatik AEBetan espetxeratuta zegoena Abu Dhabiko aireportu batean trukatu dituzte Moskuk eta Washingtonek.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohia, herrialdeko parlamentuan, joan den azaroaren 15ean. ©ABIR SULTAN, EFE

Netanyahuk gobernua eratzeko akordioa itxi du ultrekin eta muturreko ortodoxoekin

Gorka Berasategi Otamendi

Shas eta Sionismo Erlijiosoa alderdien esku geldituko dira, besteak beste, Barne eta Ogasun ministerioak. Smotrich ultranazionalistak Zisjordaniaren gaineko botere handia pilatuko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...