Johnsoni leporatu diote jarrera «justifikaezina» edukitzea festen auzian

Gobernuko idazkariordearen txostenaren arabera, «lidergo eta burubide hutsegiteak» izan ziren. Lehen ministroak, berriro barkamena eskatu, eta aldaketak agindu ditu

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Downing Streeteko 10. zenbakitik ateratzen. NEIL HALL / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek pandemian Downing Streeten egindako festei buruzko txostena argitaratu zuen Sue Gray gobernuko idazkariordeak atzo, eta, horren arabera, «justifikaezina» da Erresuma Batuko lehen ministroaren jarrera. Eta zehaztu du zergatik: gobernuak herritarrei «murrizketak errespetatzeko» eskatzen zien garaian egin zituztelako festa horiek. Hogei hilabetez egindako festei buruzkoa da txostena, eta Grayk ikerketaren ondorioetan nabarmendu du festa horiek ez zutela baimenduak izan behar, edo ez zutela «izan ziren bezalakoak» izan behar, baina gobernuak ez zuela neurririk hartu horiek eragozteko. «Eztabaidagai ditugun bilera horietako batzuek, behintzat, modu larrian hautsi dituzte betekizunak, ez soilik gobernuan lanean zihardutenengandik espero zen goi maila». Funtzionarioak ez du Johnson bakarrik jarri jopuntuan. «Lidergo eta burubide hutsegiteak izan ziren [Downing Streeteko]10. zenbakian eta Presidentetza Ministerioan». Iruditzen zaio «irakaspen esanguratsu bat» atera behar dela gertatutakotik, eta gobernuak «berehala» heldu beharko liokeela horri. «Ez du Poliziaren ikerketaren zain egon behar». Txostenaren lagin bat da atzo kaleratutakoa.

Eta, gobernuaren egoitzan egindako festez aipatutakoa gorabehera, Johnsonek ez dauka asmorik aparteko neurririk hartzeko. Arratsaldean mintzatu zen Komunen Ganberan, dokumentua argitaratu eta ordubetera, eta, urtarrilaren 12an egin bezala, atzo ere barkamena eskatu zuen. Lehen ministroak gaineratu zuen gobernuak ez zituela gauzak ondo egin, ez dela nahikoa barkamena eskatzea, ulertzen duela herritarrak «haserre» egotea—«sakrifizio handiak» egiteko eskatu dietelako—, eta gertatutakoak, Grayk txostenean azpimarratu bezala,«ikasteko» eta «ispiluaren aurrean» jartzeko balio behar diela. «Ulertu dut, eta konponduko dut», adierazi zuen.

Horretarako, gobernuaren funtzionamendua hobetzeko neurriak agindu ditu. Esate baterako, aldaketak egitekoa da10. zenbakiaren eta Presidentetza Ministerioaren «egituretan». Oposizioko diputatuak oihuka hasi zitzaizkion orduan, eta «konfiantza» eskatu zien bai haiei, baita herritarrei ere. Adierazi zuen agindutakoa bete ohi duela, eta brexit-a gauzatu izana eta Erresuma Batua pandemiatik onik atera izana aipatu zituen horren adibide gisa.

Grayk egin bezala, Polizia ere festa horiek eta festen ingurumariak ikertzen ari da, eta, lehengo astean jakinarazi zuenez, funtzionarioak txostenean jasotako informazioek ez lukete oztopatu beharko Scotland Yarden ikerketa. Hori dela eta, atzo kaleratutako dokumentuak ez du xehetasunetan sakontzen, Poliziak hala eskatuta: «Zoritxarrez, oso mugatuta nago esan dezakedan horretan, eta orain ez da posible gertakariei buruz lortu ahal izan dudan informazio guztia aztertuko duen txosten esanguratsu bat egitea», zehaztu du Grayk. Poliziak atzo jakinarazi zuenez, Partygate deitutakoaren hirurehun irudi inguru eta festa horiekin loturiko dokumentuak biltzen dituzten bostehun orrialde inguru aztertzen ari dira, horietara joan zirenekin harremanetan jartzeko eta isunak ezartzeko.

Horrekin lotuta, ikusteko dago Grayren txosten osatua kaleratuko ote den. Johnsoni horri buruz galdetu zioten atzo, baina ez zuen erantzun argirik eman. Downing Streetek atzo iluntzean plazaratutako ohar baten arabera, horretarako modua edukiko du Grayk, behin Poliziaren ikerketa bukatuta.

Keir Stamer (Alderdi Laborista) oposizioburuak dimisioa emateko eskatu zion Johnsoni. «Dimisioa ematea litzateke ondraduena, baina ez du egingo, lotsarik gabeko gizon bat delako», egotzi zion Komunen Ganberan egindako osoko bilkuran. Bide batez, diputatu toryei eskatu zien Alderdi Kontserbadorearen barruan Johnsoni buruzko konfiantza mozio bat aurkeztu dezatela. 360 diputatu dauzkate toryek ganberan, eta bide hori aktibatzeko eta, horrenbestez, alderdi barruko bozketa egin ahal izateko, diputatuen %15en oniritzia beharko litzateke; hortaz, 54 diputatuk ados egon beharko lukete. Orain bi aste, saiakerak egon ziren bide hori ibiltzen hasteko.

Alkohola, «neurririk gabe»

Grayk Aurkikuntza orokorrak izeneko atalean nabarmendu duenez —hamabi orrialde dauzka txostenak, guztira—, «bilera horietako batzuk» antolatzeko orduan «oso gutxi» pentsatu zen herrialde guztia pairatzen ari zen horretan, osasun publikoan eragin zezaketen arriskuan, baita eman zezaketen «itxura publikoan» ere. Kontuan hartuta festak lehen ministroaren egoitzan egin zirela, Grayk azpimarratu du, besteak beste, ez dela egokia lantokian «alkohola neurririk gabe» edatea. Lehen ministroak berak eskatu zuen txostena egiteko, joan den abenduan, ikusita hedabideak festa horien berri ematen ari zirela.

Johnson 2019ko uztailetik da lehen ministroa, eta, hilabete batzuk geroago, abenduan, hauteskunde orokorretan, emaitza oso onak lortu zituen —botoen %43—, eta hamaika punturen aldea atera zion gehien bozkatutako aukeretan bigarrenari, Alderdi Laboristari. Aurtengo maiatzaren 5ean tokiko hauteskundeak egitekoak dira Erresuma Batuan, eta boz horietako emaitzek Johnsonen beraren etorkizuna zehazteko balio dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.