Hezkuntza zentroak auzitegietatik babestea du lehentasun Generalitateak

Kataluniako Hezkuntza Kontseilaritzak bere gain hartuko du hizkuntza proiektuen legezkotasunaren erantzukizuna. PSC kontra agertu den arren, dekretua parlamentuan onartzekoak dira

Jose Gonzalez-Cambray Generalitateko Hezkuntza kontseilaria, atzo egindako agerraldian. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako Auzitegi Nagusiak atzora arteko epea ezarria zion Generalitateari hezkuntza sisteman eskolen %25 gazteleraz ematera behartzen zuen ebazpena betetzeko, baina Kataluniako Gobernua sententzia hori ez betetzeko ahaleginak egiten ari da. Lege dekretu bat onartu zuen herenegun, eta, Patricia Plaja bozeramailearen esanetan, bermatuko du «jazarpen ideologikoek bultzatutako esku hartze judizialek» irakaskuntzari ez eragitea. Josep Gonzalez-Cambray Hezkuntza kontseilariak atzo nabarmendu zuenez, Generalitatearen lehentasuna da irakasleak, zuzendaritzak eta hizkuntza proiektuak «juridikoki babestea».

Dekretua aintzat hartuta, Hezkuntza Kontseilaritzak bere gain hartzen du Kataluniako ikastetxe publikoek eta itunpekoek egindako hizkuntza proiektuen legezkotasunaren gaineko erantzukizuna. Gonzalez-Cambrayk agerraldia egin zuen azalpenak emateko, eta galdetu zioten ea modu horretan ari ote diren ebazpenak hizkuntza portzentajeaz adierazitakoa betetzen. Erantzunean ez zuen horri buruzko zehaztasunik eman. Dekretuan azpimarratu dute, ordea, uko egiten diotela «hezkuntzan eta hizkuntzen erabileran» portzentajeak ezartzeari, eta katalana dela «Kataluniako hezkuntza zerbitzu publikoaren grabitate zentroa».

Oraingoan, kontsentsurik ez

Sententziaren aurrean, Generalitatearen neurria dago batetik, eta, bestetik, ERC Esquerra Republicanak, PSCk, JxC Junts Per Catalunyak eta Comukoek onartutako lege proposamena. Horren arabera, Kataluniako hezkuntza sisteman katalana «komunikazio hizkuntza» izango da, eta gaztelera, berriz, «hizkuntza kurrikularra». Proposamena tramitatzen ari dira, eta Estatutu Bermeen Kontseiluaren ebazpen baten zain daude parlamentuan bozkatua izan dadin.

Testu horrek kontsentsua eragin zuen; ez, ordea, dekretuan jasotakoak. PSCren ganberako bozeramaile Alicia Romerok atzo iragarri zuen ez dutela babestuko, ez duelako betetzen sententziakeskatutakoa, auzitegiei «desafio egin» dielako, eta ez duelako jasotzen talde parlamentarioek ondutako akordioa.

Nolanahi ere, parlamentuan berretsia izan dadin beharrezko botoak jasotzekoa da dekretu hori, Comukoek atzo jakinarazi baitzuten alde bozkatuko dutela. «Zentroetako zuzendaritzak ez ditugu kale gorri juridikoan utziko», argudiatu zuen Jessica Albiach En Comu Podemen presidenteak. PSCri leporatu zion, bide batez, dekretua ez babestea. «Zentzurik ez du legea babesteak eta dekretuarekin gauza bera ez egiteak, dekretuak legean baitu jatorria».

Gonzalez-Cambrayk nabarmendu zuenez, sententziak eskatutakoaren kontra «borroka» egingo dute eskura dituzten «tresnekin». Eta ez dute eskatu, hortaz, ikasgaien %25 gazteleraz ematea —praktikan izango litzateke gaztelerazko ikasgaiaz gain beste oinarrizko ikasgairen bat ere hizkuntza horretan ematea—. Hori bai, ebazpenak zehaztu bezala, argibideak eman dizkie zentroei. Horretarako, zazpi galderako galdetegi bat bidali du Kataluniako 5.000 bat zentroetara, emandako erantzunen arabera hizkuntza proiektuen legitimitatea balioesteko. Galdera guztiei baietz erantzuteak esan nahiko du proiektuak arautegi berrira egokitzen direla. Hala ez bada, hurrengo ikasturtean egokitu ahal izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.