Katalunia

JxCk militanteen esku utzi du gobernutik ateratzeko erabakia

Alderdi independentistak urriaren 6an eta 7an egingo du kontsulta. 72 ordu eman dizkio Pere Aragones Kataluniako presidenteari negoziazioak bideratzeko. ERCk adierazi du ez dituela bozak aurreratuko

Jordi Turull JxCko idazkari nagusia, Jordi Puignero Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia eta Laura Borras, JxCko presidentea, atzo. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Mikel O. Iribar - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
JxC Junts Per Catalunyako zuzendaritzak erabaki du oraingoz ez dela Kataluniako Gobernutik aterako; hain zuzen, militantziaren esku utzi du gobernuan jarraitzeko ala ez segitzeko erabakia. Datorren astean egingo du kontsulta: urriaren 6an eta 7an. Jordi Turull idazkari nagusiak prentsa agerraldi batean jakinarazi zuen atzo, alboan Laura Borras JxCko presidentea zuela, alderdiak Bartzelonan duen egoitzan.

JxCk 72 orduko epea eman dio Pere Aragones Generalitateko presidenteari egoera bideratzeko negoziazioak egiteko. «Igande gauean, ados jartzea beste lanik ez dugu. Hori bai, ez da ultimatum bat izango», zehaztu zuen Turullek. Gisa horretara, JxCko zuzendaritzak Generalitatearen berehalako haustura saihestu du, nahiz eta bileraren barruan hainbat ahotsek babestu duten gobernutik irtetea; Toni Comin kontseilari ohiaren kasua izan da.

Bestalde, Borrasek eta Turullek ez zuten argitu ea kontseilariek kanpaina egin ahal izango duten koalizioa batuta mantentzeko, ezta haiek parte hartuko duten ere. «Militantziak askatasunez bozkatuko du». Horixe besterik ez zuen esan Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, eta galdera «argia» egiteko konpromisoa hartu zuen.

JxCk atzo egindako adierazpen horiei erantzunez, Aragonesek gobernua osatzen duen alderdi kideari eskatu dio gobernuan ala oposizioan egon nahi duen argitzeko. Hala iragarri zuten atzo Generalitateko Presidentetzakoiturriek. «Ikusi dugu ez dela egon berritasunik, ezta konfiantza mozioari buruzko jarrerarik ere», gehitu zuen presidenteak.

Egoera argitzeko aukera bat litzateke hauteskundeak aurreratzea, baina Generalitateko Presidentetza kontseilari Marta Vilagrak azpimarratu zuen ez dituztela aurreratuko, eta gobernuak aurrera jarraituko duela JxCk erabakitzen duena kontuan izan gabe. Vilagraren arabera, oraindik «elkarlanean» gobernatu dezakete ERCk eta JxCk.

Asteazken gauean, Generalitateko presidenteak Jordi Puignero presidenteordea —JxCko kidea eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren ingurukoa— kargugabetu zuen, harenganako «konfiantza politikoa galdu» zuela argudiatuta.

Izan ere, asteartean, politika orokorreko eztabaida egin zuten Kataluniako Parlamentuan, eta, haren esanetan, ezusteko batekin egin zuen topo Aragonesek. Albert Batet JxCren Kataluniako Parlamentuko eledunak Aragonesi ohartarazi zion ERCk eta JxCk sinatutako «gobernu akordioa betetzeko bermerik» aurkeztuko ez balu, konfiantza mozio batera aurkeztu beharko lukeela bere burua parlamentuan.

Gobernuko krisia konpontzeko, hiru eskari egin dizkio JxCkERCri: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. ERCk esana zuen, ordea, ez dutela «ultimatumik» onartuko.

Asteazkenean, aurreikusiak zituen zereginak utzi, eta gobernua «urgentziaz» bildu zuen Aragonesek, JxCko kontseilariak konfiantza mozioarekin ados zeuden eta horren berri bazuten argitu nahian. 23:00ak pasatuta egin zuen agerraldia presidenteak Bartzelonako Sant Jaume jauregian, eta bere presidenteordearen kargugabetzearen berri eman zuen. «Presidenteordea kargugabetzea mingarria zaidan urrats bat da, baina gobernua indartzeko ezinbestekoa», adierazi zuen.

Presidenteordetzan eta Politika Digitalerako eta Lurraldetasun Politiketarako kontseiluetan Puignero ordezkatzeko pertsona bat proposatzeko eskatu zion Aragonesek JxCri. Baldintza batekin: «elkarlanerako borondatea» izan behar duela. JxCk gobernuan jarraitzea nahi duela aitortu zuen presidenteak.

Gobernua, azkenengoetan

PSCko lehen idazkari Salvador Illaren arabera, ordea, Kataluniako Gobernua «azken-azkenetan» dago: «Euren buruan baino ez dira ari pentsatzen, eta katalanen denbora xahutzen ari dira». Dena den, adierazi du ez duela bozkatuko gobernuaren konfiantza mozio baten alde.

Jessica Albiach En Comu Podemen talde parlamentarioko buruak «ausardia» eskatu zion Aragonesi, ez baita «nahikoa» Puignero kargugabetu izana. «Zergatik pentsatu beharko genuke Puignero kargugabetzeak gobernuko krisia konponduko duela, gobernua une oro baldin badago krisian?», galdetu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.