Armaz betetako mundua

II. Mundu Gerratik estatuen gastu militarra inoizko handiena da: 1,63 bilioi euro. AEBek dute aurrekontu militar handiena; Txina eta Saudi Arabia doaz atzetik

Armaz betetako mundua.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
II. Mundu Gerraz geroztik estatuen gastu militarra inoizko handiena da. SIPRI Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak argitaratu berri duen txostenak zenbaki latzak aletzen ditu, zero ugarirekin, baina datu bakar eta soil batek islatzen du mundua armaz beteta dagoela. Estatuek armetan, batez beste, 215 euro gastatu zituzten iaz pertsonako. Orotara 1,63 bilioi euro, aurreko urtean baino %2,6 gehiago: barne produktu gordinaren %2,1.

(jarraitu irakurtzen grafikoaren ondoren)



AEB Ameriketako Estatu Batuak dira, luzaz, aurrenekoak zerrendan, defentsan egiten duten inbertsioa zerrendan hurrengoak diren beste zortzi estatuen bezainbestekoa baita: 581.000 milioi euro, munduan egiten den gastu totalaren %36a. Hazkundea %4,6koa izan da.

Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, etengabe egin du gora herrialdeko gastu militarrak, eta joera hori mantenduko da aintzat hartuta aurtengo aurrekontuan are diru ekarpen handiagoa aurreikusi duela: 641.000 milioi euro. Presidente errepublikanoak munduko armadarik onena duela adierazi izan du maiz harro, ezen 1.400.000 militar ditu, etxean eta munduko 40 estatutan dituen 800 base militarretan zabalduak.

Murrizketak giza laguntzan

Nazioartean badela nor erakutsi nahi du horrela, baina, etxe barruan murrizketa zorrotzak egin behar izan ditu presidenteak defentsara aurreko urtean baino 35.000 milioi euro gehiago bideratu ahal izateko. Ingurumenean, gizarte ongizatean eta giza laguntzan egin ditu murrizketarik handienak.

AEBen hurrengo egitasmoa arma nuklearrak modernizatzea izango da, eta, adituen arabera, hiru hamarkadatan 2,69 bilioi euro bideratuko ditu armamentu atomikoa garatzeko. Trumpek, baina, erabaki polemiko bi hartu berri ditu armen harira. Otsailaren 1ean INF armagabetze itunetik erretiratu zen —irismen laburreko eta ertaineko lurreko misilak 500 eta 5.500 kilometro arteko distantziara jaurtitzea debekatzen du— eta biharamunean «erantzun simetrikoa» eman zuen Errusiak. Washingtonek eta Moskuk Gerra Hotzaren garaian sinatu zuten akordioa; 1987an, hain zuzen ere. Iragan astean, berriz, Armen Merkataritza Itunetik atera zen Trump.

Txinarekin errezeloak

Txinak sekula ez du armen kontrolerako itunik sinatu, eta, horrek errezeloak sortu ditu bi potentzia historikoen artean. Hirurak daude misil supersonikoak garatzeko lasterketan eta begi-bazterrez begiratzen diote elkarri. Pekinek, gainera, gero eta diru gehiago bideratzen du defentsara; 2017tik 2018ra %5eko hazkundea izan du bere aurrekontu militarrak. Iaz 223.000 milioi euroko gastu militarra egin zuen ekialdeko potentziak.

Kremlinaren joera justu kontrakoa izan da, bereziki, arazo ekonomikoengatik. Gastu militar handiena egiten duten herrialdeen artean seigarren lekuan geratu da, aurrekontua %3,5 murriztu ostean, urteko 55.103 milioi euroko gastuarekin.

Saudi Arabia da zerrendan hirugarren herrialdea, armak inportatzen dituztenen zerrendan aurrenekoa bada ere. Barne produktu gordinari erreparatuta, aldiz, defentsan gehien gastatzen duen herrialdea da: %8,8a. Riadek 60.000 milioi euro bideratu zituen iaz defentsara —Yemenen matxino xiiten kontrako gerraren nazioarteko aliantza zuzentzen du Riadek—.

Turkiako datuek ere arreta erakartzen dute; izan ere, urte batetik bestera hazkunderik handiena izan duen herrialdea baita: %24 hazi da aurrekontu militarra: 17.000 milioi euro. Recep Tayyip Erdogan presidentea armada modernizatzen ari da, baina, gasturik handiena kurduen kontrako gerran egiten du. NATO osatzen duten herrialdeek, berez, dezente handitu dute defentsa aurrekontua oro har: %7, batez beste. Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Italia eta Espainia daude zerrenda horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.