Itunik gabeko 'brexit'-ak ez lioke «kalterik egingo» bake prozesuari

Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak ebatzi du Irlandako mugaren auzia «politikoa» dela. Johnsonek adierazi du ez ziola gezurrik esan Elizabeth II.a erreginari parlamentua ixteko eskatu zionean

Muga gogorra, muga biguna, mugarik ez. Irlandaren batasuna orain protesta mezua, Irlandako mugan. NEIL HALL / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Lehen kolpearen ondotik, bigarren babesa jaso du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak atzo ebatzi zuen akordiorik gabeko brexit-ak ez lukeela eragingo Ostiral Santuko Akordioan. Asteazkenean, Eskoziako Apelazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo zuen Johnsonek parlamentua bost astez itxi izana; Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak, berriz, kontrakoa ebatzi zuen iragan astean. Auzi hori Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatziko du datorren astean, ordea. Belfasteko justizia bake prozesuaz aritu da soilik: «Muga gogorrak bake prozesua kaltetuko duela dioten adierazpenak politikoak dira, ez juridikoak», esan zuen Bernard McCloskey epaileak.

Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiaren epaia ez da parlamentua ixteko erabakiaz aritu zuzenean, epaileek adierazi baitute hori bera izan dela Eskoziako eta Ingalaterrako eta Galesko auzitegiek epaitu dutenaren «lan nagusia».

Eskatzaileen abokatuek defendatu zuten urriaren 31n akordiorik gabeko brexit-a eginez gero Irlandan muga gogorra ezartzeak kaltetu egingo lukeela Ostiral Santuko Akordioa, baita Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko mugako beste zenbait itun ere. Giza eskubideen aldeko Raymond McCord ekintzailea da kasua auzitara eraman dutenetako bat. Haren ustean, parlamentuaren itxierak eragina izango du Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek bake prozesuan hartutako erabakiak praktikara eramaterakoan, brexit-az eztabaidatzea eragotziko duelako zuzenean. Paramilitar loialistek McCorden semea hil zuten 1997an.

Epaileak ez du harekin bat egin, ordea. Adierazi du itunik gabeko irteerak Irlandako mugan izango dituen ustezko ondorioak ez direla juridikoak: «Bildutako froga guztiak politikaren mundukoak dira». Apelazio Auzitegia gaur entzutekoa da epaiari jarritako helegiteak.

Datorren astean, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak parlamentua ixtearen inguruko erabakia hartuko du. Londresko eta Edinburgoko epaiak elkartuko dira han, eta hiru eguneko auzi saioa egingo dute.

Oposizioaren presioa

Eskoziako justiziak kolpea eman zion Johnsoni asteazkenean, legez kontrakotzat jo baitzuen parlamentua itxi izana, eta adierazi baitzuen lehen ministroak oker jokatu zuela Elizabeth II.a erreginari hori egiteko eskatu zionean. Erreginak baizik ezin dezake hori egin, eta lehen ministroak eskatutakoa bete zuen hark. Epaileen arabera, Johnsonek parlamentuko eztabaida saihesteko eta, hortaz, haren lana oztopatzeko eten du jarduna bost astez. Erreginari «iruzur» egin izana leporatu diote zenbaitek, eta Johnsonek erantzun die hori «gezur hutsa» dela.

Lehen ministroak lehenago ere esan izan zuen parlamentua itxi dutela gobernuak lege programa berria zehazteko, urriaren 14ko erreginaren hitzaldirako. Oposizioak presio egiten jarraitzen du: akordiorik gabeko brexit-ak ekar litzakeen arazoen inguruko sekretuak argitaratu behar izan ditu gobernuak, eta parlamentuaren beharra «inoiz baino garrantzitsuagoa» da orain laboristentzat. Yellowhammer txostenaren arabera, itunik gabeko irteerak arazo larriak eragin ditzake herritarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.