Koronabirusagatik nazioarteko larrialdia ezarri du OMEk

170 pertsona hil ditu birusak, eta 8.000tik gora daude kutsatuta; horietatik 1.370 larri daude. Tedros Adhanom OMEko buruak ohartarazi du arriskua dagoela munduan hedatzeko

Tedros Adhanom OMEko burua, atzo eginiko prentsaurrekoan. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Joan den astean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak alboratu egin zuen Txinan agertutako koronabirusa dela-eta nazioarteko larrialdia ezartzea, «goizegi» zela iritzita. Egoerak, baina, okerrera egin du, eta bestelako erabaki bat hartu zuen atzo eginiko batzarrean: nazioarteko larrialdia ezarri du oraingoan. Tedros Adhanom OMEko zuzendari nagusiak deitu zuen bilerara, eta «elkarrekin aritzeko» beharra azpimarratu zuen ondoren eginiko prentsaurrekoan. Txinak gaixotasunaren aurrean izandako erreakzioa eta erantzuna goraipatu zituen OMEko buruak, eta esan zuen adierazpena ez dela ulertu behar haiekiko «konfiantza falta» moduan.«Osasun sistema ahulagoak dituzten herrialdeak babesteko ezarri dugu nazioarteko larrialdia. Baita gaitzaren aurkako txertoaren eta tratamenduen ikerketa bizkortzeko ere».

Badu azalpena jokabide aldaketa horrek. Egoeraren larritasuna areagotzen ari da, eta birusak eragindako gaixoen kopuruak nabarmen egin du gora: 170 heriotza eragin ditu Txinan, eta 8.000 lagun baino gehiago daude kutsatuta. Horietatik 1.370, gainera, larri daude —oraingoz, 124 pertsonak gainditu dute gaixotasuna—. Kasu gehienak Hubei probintzian atzeman dituzte, koronabirusa aurrenekoz hauteman zuten tokian, baina hedatzen ari da, eta mundu osoko alarmak piztea ekarri du horrek. India eta Filipinak izan dira azkenak euren lurraldean gaixoak identifikatzen, eta, horrela, herrialde zerrenda luzera batu dira. Tartean daude, besteak beste, Thailandia, AEBak, Japonia, Frantzia, Australia eta Alemania.

Adhanomek azaldu zuenez, kasu gehienak Txinan atzeman arren, handik kanpoko herrialdeetan ere pertsonen arteko kutsatzea erregistratu da. «Munduan hedatzeko arriskua dakar horrek», ohartarazi zuen, eta birusa osasun sisteman izaten ari den eraginak «kezkatzen» duela jakinarazi. Halere, azpimarratu zuen Txinan bidaiatzen izandakoak edo horiekin harremanetan egondakoak direla kutsatutako gehienak.

Nazioarteko larrialdia ezartzeko hiru baldintzak betetzen direla uste du OMEk: aparteko jazoera bat izatea, beste herrialdeetara azkar hedatzeko arriskua egotea, etaegoerak nazioarteko erantzun koordinatu baten beharra izatea.

Emaitzarik gabeko neurriak

Koronabirusaren agerraldiak izua eta kaosa eragin ditu Txinan, eta, Wang Xiaodong Hubei probintziako gobernadoreak atzo azaldu zuenez, eskualdeak gaitzari aurre egiteko hornigai medikoen «gabezia larria» du. Arazoaz jabetu da Li Keqiang Txinako lehen ministroa ere, eta lehentasunezkotzat jo du hori konpontzea.

Neurriak hartzeari ekin zioten herrialdeek gaitzaren berri izan bezain laster, hedapena gelditzeko asmoz. Astebete igaro da jada Wuhan hiria berrogeialdian jarri zutenetik.

Bidaiariei tenperatura neurtzen hasi ziren geltokietan eta aireportuetan, eta trenbide sarea bera ere itxi egin zuten hainbat tokitan. Ez dute lortu, baina, birusa gelditu eta egoera kontrolpean izatea. Apurka, urrats sendoagoak eginez joan dira herrialdeak, eta Wuhanen dauden herritarrak aberriratzeko prozesua martxan jarri dute hainbatek. Hubeiko bizilagunei sarrera debekatu die beste batzuk, hedapena «kontrolatzeko» helburuarekin, eta Txinarekin duen ekialdeko muga ixteko pausoa eman zuen atzo Errusiak. Horrez gain, Ukrainak bertan behera utzi ditu Txina helmuga duten zuzeneko hegaldiak. Erabaki bera hartu du Air France aireko bidaien enpresak ere. Nazioarteko larrialdia ezartzeak munduko osasun sareen koordinazioa hobetzea ere badu helburu, eta prebentzio neurriak areagotu eta bateratzea.

Birusaren inguruko ezagutza mugatuak sortzen du kezkarik handiena, hori geldiarazteko eragozpen handiena izanik. Hala ere, gaitzaren kontrako txertoa garatzean hasiak dira ikerlariak, eta 40 eguneko epean probekin hastea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.