AEBek beste sei herrialderi ezarri diete herrialdera migratzeko betoa

Trumpen gobernuak aurretik zazpi herrialderi ezarriak zizkien mugak; gehiengo musulmanekoak ziren ia guztiak. Washingtonen arabera, neurria ezinbestekoa da «nazioaren segurtasunerako»

Donald Trump AEBetako presidentea, joan den ostiralean, hegazkin batera igo aurretik, Washington DCn. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetan albistegiak atsedenik gabe dabiltza azken egunetan: impeachment prozesua, demokraten primarioak... ekaitzaren erdian, gainera, migrazioaren aurkako beste neurri bat hartu du Donald Trump presidentearen gobernuak: boterera iritsi eta egun gutxira, zazpi herrialderi ezarri zien AEBetara migratzeko betoa, eta, orain, beste sei herrialdetara zabalduko du. Legezko migrazioa oztopatzeko balioko du errepublikanoen erabakiak.

AEBek Iran, Libia, Somalia, Siria eta Yemen sartu zituzten zerrenda beltz horretan 2016an, eta, partzialki, baita Venezuela eta Ipar Korea ere —2018an onartu zuen neurria AEBetako Auzitegi Gorenak—. Otsailaren 22tik aurrera, berriz, mugak ezarriko zaizkie Nigeriako, Eritreako, Sudango, Tanzaniako, Myanmarko eta Kirgizistango herritarrei ere. Guztira, hamahiru herrialde, ia guztiak, gehiengo musulmanekoak. Zerrendatik kanpo geratu dira, besteak beste, Egipto eta Saudi Arabia, gehiengo musulmana izan arren, AEBekin harreman politiko ona duten bi herrialde. Neurriak AEBetara bizitzera joatea eragotziko die nagusiki; turismorako edo negozioetarako bisak eskatu ahalko dituzte zerrendako herrialdeetako pertsonek, eta errefuxiatu estatusa dutenei ez die eragingo.

Washingtonek adierazi duenez, herrialdeotako herritarrei sarbidea mugatzea ezinbestekoa da «nazioaren segurtasunerako», eta herrialde horiek «segurtasun neurriak ezartzera behartzen ditu». Hala dio gobernuak ostiralean zabaldutako txostenak: «Atzerrian jaiotako pertsona asko kondenatuak izan dira terrorismoarekin lotutako ekintzekin harremana izateagatik, 2001eko irailaren 11z geroztik». AEBekin informazioa elkarrekin ez banatzea ere egotzi diete.

Diskriminatzailea

Neurriarekin kritiko agertu direnek, ordea, uste dute presidentearen helburua musulmanei AEBetara bidaiatzea eragoztea dela. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, 2001ean dorre bikien aurkako erasoan parte hartu zuten hainbat kide lehen aipatutako Egipto edo Saudi Arabiakoak ziren; are gehiago, zerrendako gainontzeko herrialdeetako inork ez du eraso terroristarik egin AEBetan.

Alderdi Demokratak joan den astean erakutsi zuen legea deuseztatu eta Trumpen boterea mugatzeko asmoa. Lege proiektua 2019ko apirilean aurkeztu zuten, eta onartzeko aukerak ditu Ordezkarien Ganberan —demokratek gehiengoa dute bertan—, baina zaila izango da errepublikanoak nagusi diren senatuak ere baiezkoa ematea. Chris Coons senatari demokratak joan den astean esan zuenez, Trumpen neurria «aurreiritziz betea, populista eta diskriminatzailea da».

Trump, ordea, presidente izatera heldu aurretik egin zuen kanpainan hitzemandakoa betetzen ari da: orduan argi eta garbi esan zuen musulmanei AEBetako mugak ixteko asmoa zuela. Migrazioa gai zentrala izango da atzo hasi zen hauteskunde kanpaina luzean ere, eta migratzaileen aurka egiteak Trumpi babesa bermatzen diola diote inkestek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.