El Salvadorren polemika piztu du «adiskidetze legea» onartu izanak

Asanblea Legegileak Justizia Trantsizionalaren, Erreparazioaren eta Adiskidetzearen Legea onartu du. Biktimek salatu dute «ezkutuko amnistia» bat dela. Bukele presidenteak dio betoa jarriko diola

Giza eskubideen aldeko ekintzaile bat «adiskidetze legearen» kontra protestan, asteazkenean, El Salvadorko Asanblea Legegilean. RODRIGO SURA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
El Salvadorko gatazka armatua amaitu eta ia 30 urtera, puri-purian dago orduko giza eskubideen urraketak aitortzeko eta biktimei ordaina emateko eztabaida. 1993ko amnistia legea konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen 2016an herrialdeko Auzitegi Gorenak, eta Asanblea Legegileari agindu zion onar zezala lege bat biktimei justiziara jotzeko aukera aitortuko ziena. Auzitegiak bi aldiz luzatu dio Asanbleari lege hori onartzeko epea, eta, azken luzapena amaitzear zela —gaur zen azken eguna—, Justizia Trantsizionalaren, Erreparazioaren eta Adiskidetzearen Legea onartu zuen herenegun. Biktimak eta giza eskubideen aldeko elkarteak legearen kontra daude, gatazkaren garaiko krimenen erantzuleei «ezkutuko amnistia» eskainiko diela iritzita.

Legeak aldeko 44 boto jaso ditu —Arena, PNC eta PDCren ordezkarienak—, eta haren kontra bozkatu dute gobernua sostengatzen duten GANA eta CD alderdiek, eta FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak.

Arena eskuineko alderdi kontserbadoreak sustatu du ekinaldia. Hura da parlamentuko indar nagusia, nahiz eta presidentetzarako iazko bozetan GANAko Nayib Bukele gailendu zen. El Salvadorrek datorren urteko hauteskundeetan berrituko du parlamentua.

Aintzat hartzekoa da Arenak gobernu ardura izan zuela gatazka armatuaren azken urteetan—1989tik 1992ra—, eta hark gidatu zuela FMLN gerrillaren kontrako borroka urte horietan.

Salvadorko gatazka armatuak 1980tik 1992ra iraun zuen. Elkarren aurka borrokatu ziren El Salvadorko armada —AEBek finantzatzen zutena— eta FMLN. Borroka hartan 75.000 pertsona hil ziren, eta 8.000 baino gehiago desagertu. Orduko eskubide urraketen aitortza eta justizia eskaria biktimen eta sektore politiko zabalen aldarrikapena da El Salvadorren, eta Arenak proposatutako legeak polemika eragin du.

Gorenaren epaiari «trufa»

Oscar Perezek —Inpunitatearen Kontrako Mahaiko kide eta gatazkaren biktima bera— salatu du legeak ez dituela betetzen gutxieneko baldintzak. «Ez ditu biktimak kontuan hartu, eta ez ditujasotzen [Auzitegi Goreneko] Konstituzio aretoak galdegin zituen justizia elementuak».

Cejil Justiziaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen Aldeko Zentroaren esanetan, legeak «trufa» egiten dio Auzitegi Gorenak 2016an eman zuen epaiari, eta ez du aintzat hartzen biktimen justizia eskaria. Elkarteak gogorarazi du IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak «amnistiaren aldeko ekinaldiak» baztertzeko eskatu ziola El Salvadorko Asanblea Legegileari.

Biktimek eta giza eskubideen aldeko eragileek legeari betoa jartzeko eskatu diote Nayib BukeleEl Salvadorko presidenteari. Bukeleren GANA alderdia legearen aurka agertu da, eta hala egin du presidenteak berak ere. Legea atzera botako duela aurreratu du. «Ez dut onartuko ondorengo hiru oinarrizko elementuak onartzen ez dituen legerik: egia, justizia eta ordaina». Bukeleren esanetan, Asanblea Legegileak onartu duen legeak ez du betetzen hiru baldintzetako bat bera ere.

Bukelek hitza betez gero, legea Asanblea Legegilera itzuliko da, eta gutxienez bi herenen babesa bildu beharko du berriro onartua izateko. Beraz, beharrezkoa izango luke GANAren edo FMLNren aldeko botoa. Babes nahikoa bilduko balu, presidenteak legea onartu beharko luke, baina Gorenera jo ahalko luke, hark legea onar ala bazter dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.