UEUk euskaraz 'online' emango du irakasletza masterra urritik aurrera

Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko behar da masterra, eta urtero ehunka lagunek jotzen dute erdarazko unibertsitateetara, leku faltagatik. UEUk 120 postu atera ditu, eta martxan da izen ematea

Urte osoan hainbat graduondo eta ikastaro antolatzen ditu UEUk, eta beste urrats bat egingo du orain irakasle masterra martxan jarrita. JUANAN RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Euskarazko online ikasketak hedatzeko urrats esanguratsu bat egingo du udazkenean UEU Udako Euskal Unibertsitateak: Bigarren Hezkuntzako irakasle aritzeko masterra ematen hasiko da. Bide luzea egin du proiektuak, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordio batek ahalbidetuko du martxan jartzea: master ofiziala da, eta, UEUk emateko, EHUk zentro atxiki gisa onartu du UEU —zehazki, hark online ikasketetarako sortu duen institutua—. 120 ikasle hartuko dituzte, eta ziurtzat jo daiteke bete egingo dela: ehunka lagun geratzen dira urtero masterra egin ezinik, leku faltagatik. Erdarazko online unibertsitateetara jotzen dute askok. Hori arindu nahi dute.

Duela egun batzuk zabaldu zuten izena emateko aukera, eta ari dira zerrendak osatzen. «Bagenekien harrera ona izango zuela, urtero ehunka lagun geratzen direlako kanpoan», azaldu du Aitzol Astigarragak, masterraren arduradunak. Hiru espezialitate emango dituzte, eskari handiena izan ohi dutenak: Natur Zientziak eta Matematika, Giza eta Gizarte Zientziak, eta Hizkuntza eta Literatura. 40 postu daude arlo bakoitzean. Astigarragak ez du datu zehatzik eman nahi izan, baina aurreratu du espezialitate batean postuak baino gehiago direla izena emandakoak jada. Maiatzaren 25era arte eman ahalko da izena. Hizkuntza egiaztagiriak behar dira: euskarako B2, ingeleseko B1.

Ikasturte bateko masterra izango da, urritik ekainera, eta Interneten bidezko ikaskuntza izango da ardatza. «Egunerokoa online egingo dugu. Aurrez aurreko bederatzi saio izango dira ikasturte osoan, eta helburu jakinak izango dituzte beti: funtzionamendua azaldu, talde lanak aurkeztu...». Praktikaldia erantsi behar zaio horri: irakasle aritu ahal izateko, institutuetan aurrez aurreko praktikak egin behar dituzte ikasleek.

Ebaluazio jarraitua izango du masterrak: «Parte hartzea, lanak, aurkezpenak... Ez dugu azterketarik planteatu, non eta irakasleren batek egoera jakinen batean ez duen beharrezkotzat jotzen».

Prezioa, EHUn halako hiru

Prezioa da master berriaren eragozpen nagusia: 3.780 euro. Ikasketa berberak 1.300 euro balio du EHUn. «Ahalegin handia egin dugu ahalik eta gehien hurbiltzeko prezio publikora. Kontziente gara alde handia dagoela». Astigarragak azaldu du UEU ez dela unibertsitate publikoa, ez duela haien neurriko babes publikorik. Areago, kasu honetan, matrikularen zati bat EHUra joan da, haren titulua jasoko baitute ikasleek. Masterreko ikasleek aukera daukate ohiko bekak eskatzeko, eta ordainketa malgutzeko moduak bilatzen ari da UEU bera ere.

Mugarria izango da masterra. «Asko kosta zaigu hona iristea», aitortu du Astigarragak. «Egon dira aurretik ahaleginak, baina ez da gauzatzea lortu». Euskarazko online unibertsitatea bultzatzea du urteotako ardatz nagusietako bat UEUk: eskari gero eta handiagoa dute gisa horretako ikasketek, baina euskarazko eskaintza oso mugatua da. Horrek dakar euskaldunek erdarazko unibertsitateetara jo behar izatea Internetez ikasteko. «Master honek zirrikitu bat emango digu. Ez da bertan goxo geratzeko zerbait guretzat. Online arloan daukagu aukera, eta hor lan egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.