AEBetan Poliziak hildako beste afro-amerikar baten kasua salatu dute

Itota hil zen Daniel Prude, Poliziak burua kaputxa batekin estali eta bi minutuz lurraren kontra estutu ostean. Familiak agenteei hilketa leporatzeko exijitu du

Arrazismoaren aurkako protestak AEBetan. ETIENNE LAURENT / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Poliziaren indarkeriaren inguruko kasuen zerrenda ilunari beste hilketa bat gehitu zaio: beste afro-amerikar bat. Rochester (New York) hiriko polizia agenteek Daniel Prude hil zuten, burua kaputxa batekin estali eta bi minutuz lurraren kontra estutu ostean, itotzeraino. Joan den martxoaren 23an gertatu zen erasoa, baina orain ezagutarazi dute, Pruderen familiak gertatutakoa jasotzen duten bideo batzuk argitaratu ondoren. Astebete geroago hil zen Prude, martxoaren 30ean, bizi euskarriko neurriak kendu eta gero.

Letitia James New Yorkeko fiskal nagusiak eta Rochesterreko poliziaburuak adierazi zuten hilketa ikertzen ari direla. Bitartean, gertakarian parte hartu zuten agenteek lanean jarraitzen dute.

Jazoeraren inguruko xehetasunak ere eman dituzte: The New York Times egunkariak jakinarazi zuenez, Joe Prude Poliziak hil zuen afro-amerikarraren anaiak larrialdietako telefonora deitu zuen, Prude, urduri, haren etxetik korrika atera zelako. Hain zuzen, Polizia txostenen arabera, aurreko egunean ospitale batera eraman zuten gizona, ustez buruko osasun arazoak izaten hasi zelakoan. Zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez, Prude biluzik ageri da, eskuak bizkarrean dituela, eskuburdinak jarrita eta oihuka, Poliziak burua kaputxa batekin estali eta zoladuraren kontra estutzen dion arte. Bi minutu pasa eta gero, konorterik gabe geratu zen, eta orduan erabaki zuten larrialdietako mediku zerbitzuei deitzea. Horiek bizkortzeko maniobrak egin zizkioten, eta ospitale batera eraman zuten. Astebete geroago hil zen.

Monroe konderriko auzitegiko medikuak ebatzi zuen Pruderen heriotza «murrizketa fisikoen ondoriozko asfixiaren konplikazioek» eragindakoa izan zela.

Herenegun Pruderen familiako kideek eta hainbat ekintzailek emandako prentsaurrekoan, adierazi zuten hilketan parte hartu zuten agenteak kaleratu eta erailketagatik akusatu beharko lituzketela. Era berean, Joe Prudek «odol hotzean eginiko hilketa bat» izan zela esan zuen.«Zenbat anai-arreba gehiago hil behar dituzte gizarteak hau amaitu behar dela uler dezan?». Bestalde, salatu zuten Pruderen aurkako kasua ez zela gertaera bakan bat izan.

Erreakzioak

AEBetan arrazismoaren kontrako protestek indar handia hartu dute azken hilabeteotan, eta Pruderen hilketaren berri izateak ere berehalako erantzunak izan zituen. Hala, ehunka manifestari bildu ziren Rochesterreko polizia egoitza baten aurrean gertatutakoa salatzeko.

Bien bitartean, Donald Trump AEBetako presidenteak arrazakeriaren aurkako protesta jendetsuak egiten ari diren hiriei funts federala murrizteko mehatxua egin zuen herenegun. Horien artean aipatu zituen New York, Washington eta Portland, eta «jurisdikzio anarkistatzat» jo zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.