Pandemiak lan osasuna «nabarmen» okertu duela salatu dute sindikatuek

ELAren eta LABen iritziz, erakundeek ez dute neurririk hartu nahi izan lantokietan izan diren agerraldietan. CCOOk eta UGTk prebentzioa indartzeko eskatu dute

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta Hiruk atzo goizean Bilboko Kale Nagusian antolatu zuten manifestazioko pankarta. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Pandemiak langileen lan baldintzak okertu dituela eta lan osasuna «nabarmen okertu» duela salatu zuten atzo sindikatuek. Lan osasunaren nazioarteko egunaren karietara, mobilizazioak antolatu zituzten, eta, logikoa denez, koronabirusaren izurriak pisu handia izan zuen agerraldietan. ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta Hiruk manifestazio bateratua egin zuten Bilbon, eta gogor kritikatu zuten Eusko Jaurlaritzak pandemian izandako jarrera. «Kudeaketa txarra» eta kutsatzeak eragozteko haien esku zegoen guztia ez egin izana egotzi zioten. CCOOk, berriz, enpresa askok prebentzio neurririk ez dutela hartzen salatu zuen, eta UGTk heltzear dagoen hurrengo olatua iragarri zuen: «Estresarena».

Bilboko manifestazioa jendetsua izan zen. Kale Nagusia zeharkatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren bulego aurrean amaitzeraino. Xabier Ugartemendia LABeko ordezkariak eta Peio Igeregi ELAkoak hartu zuten hitza, eta iaz Euskal Herrian lanean zirela hildako 70 langileak eta aurten hildako hemezortziak hartu zituzten gogoan. Biek ere ez zuten ahaztu Joaquin Beltran oraindik Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian dagoela.

Ugartemendiak patronalari egotzi zizkien hildakoak; erakundeei, berriz, egoera normalizatu izana: «Zenbat hildako gehiago behar dira? Zenbat langilek kaltetu behar dute haien osasuna gutxi batzuen patrikak puzten jarraitzeko? Dirua osasunaren aurretik jartzen dute, eta erakundeek, hori eragotzi beharrean, enpresen interesak defendatzen dituzte». Era berean, gogoratu zuen prekaritatea eta lan osasun txarra eskutik doazela.

Igeregik ere erakundeengan jarri zuen arreta: «Milaka langile gaixotu dira lanpostuetan, eta ez da ezer pasatu. Jaurlaritzaren datuen arabera, koronabirus agerraldien %70 eta %79 artean lantokietan izan dira, eta ez dute neurririk hartu». Haren ustez, neurririk ez hartze hori «erabaki politikoa» da, erakundeentzat kutsatzeak egungo sistema ekonomikoa mantentzearen «zehar kalte onargarri» bat delako.

Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan sailburuak atzo goizean ELA eta LAB Osalanen lan osasun mahaian parte hartzera gonbidatu zituen. Igeregiren ustez, baina, gonbidapen hori «hipokrisia hutsa» da: «Bilera eskatu genion gaiari buruz hitz egiteko, eta uko egin zion. Jaurlaritzak lan osasunarekin benetako ardura badu, Europako batez besteko lan ikuskatzaile kopurura gerturatu beharko luke. Horretarako, beste 100 kontratatu behar ditu».

Telelanaren arriskuak

CCOOk Confebaskek Bilbon duen egoitzaren aurrean egin zuen elkarretaratzea. Alfonso Rios osasun arloko arduradunak iaz lan istripuen eta gaixotasunen datuek okerrera egin zutela salatu zuen, eta horren errua enpresek dutela, prebentzio neurriak «seriotasunez hartzen ez dituztelako». Era berean, telelanak izandako «gorakada handiak» sindikatuari sortzen dion ardura onartu zuen, emakumeengatik bereziki: «Arrisku psikosozialak asko ugaritu daitezke. Besteak beste, telelanari etxeko lanen zama gehitu dakiokeelako».

UGTko Juan Carlos Cardenasek ere arrisku psikosozialetan jarri zuen arreta, eta «hurrengo olatua» izango dena iragarri zuen: «antsietatearena eta estresarena». Horren jakitun, «aurrea hartzeko» eskatu zien erakundeei, eta, hala ere, langileren bat lanean gaixotzen bada, behar den tokian artatu behar dutela azaldu zuen: «Lan gaixotasunak dira, eta mutualitateetan artatu behar dira. Ezin dira ibili Osakidetzan laguntza eskatzen, edo okerragoa dena, medikuntza pribatuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.