Zentsura mozioa gainditu arren, Johnsonen posizioa areago ahuldu da

211 diputatu kontserbadorek Johnsonen alde bozkatu dute alderdi barruko konfiantza mozioan, eta Erresuma Batuko lehen ministro izaten segituko du. 'Tory'-en liderrak «batasuna» eskatu du

Johnsoni dimititzeko eskatzen dion kartel bat, atzo, Londresen, Komunen Ganberaren kanpoaldean. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Are gehiago ahulduta, baina Boris Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministro izaten jarraituko du. Pandemian Downing Streeten egindako festen eskandaluaren harira erantzukizunak argitzeko, Alderdi Kontserbadoreak barneko zentsura mozio bat egin zuen atzo, eta 211 diputatuk egin zuten tory-en liderraren alde, eta 148, berriz, kontra. Parlamentari tory-ak 359 izanik, 180ren babesa behar zuen: erdiak gehi bat. Bozketa egin aurretik, Johnson Komunen Ganberako diputatu kontserbadoreei mintzatu zitzaien bilera batean, eta, Sky News telebista katearen arabera, «batasuna» eskatu zien, baina mozioko emaitzak ez du batasun hori erakusten. Hala ere, lehen ministroak uste du bozketa «erabakigarria» izan dela. «Orain gobernu bezala aurrera egin dezakegu eta herriari benetan arduratzen dioten kontuetan zentratu», adierazi zuen emaitza jakin ondoren.

Alderdi Kontserbadorearen arautegiak zehazten du behin konfiantza mozioa gaindituta, urtebeteko epean ezingo dela molde bereko beste bozketa bat egin alderdiko burua kargugabetzeko. Nolanahi ere, Johnsonenganako konfiantza oso higatuta dago, bai gizartean —hala adierazten dute inkestek—, bai alderdi barruan.

Lehen ministroaren kabineteko idazkariorde Sue Grayk joan den maiatzaren 25ean kaleratu zuen gobernuaren egoitzan egindako festei buruzko behin betiko txostena. Jarrera «justifikaezina» edukitzea egotzi zion Johnsoni, eta erantzukizuna bere gain hartzera deitu zuen. Komunen Ganberak berak, gainera, Johnson ikertzea onartu zuen apirilaren 21ean. Alderdi Laboristak aurkeztu zuen mozioa, eta oztoporik gabe egin zuen aurrera, lehen ministroaren alderdiko diputatuak ere ez baitziren kontra agertu.

Johnsonek barkamena besterik ez du eskatu, urtarrilean hedabideak festen auziari buruzko informazioa kaleratzen hasi zirenetik. Dimititzeko eskatu izan diote, baina Johnsonek ez du amore eman. Hesituta dago politikoki, eta ekonomikoki, gainera, atzeraldi arriskuan da Erresuma Batua.

Balizko hautagaiak

Azken asteetan barneko zentsura mozioaz espekulatu da, ugaritu egin direlako Johnsonen egiteko moduaren aurka agertu diren diputatu tory-ak. Graham Brady 1922 Batzordeko buruak —gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen ditu batzorde horrek— atzo goizean jakinarazi zuen Alderdi Kontserbadoreko liderraren aurkako konfiantza mozio bat aurkezteko prozedura abiatuko zuela, arautegiak zehaztu bezala diputatu tory-en %15ek hala eskatu zutelako; horrek esan nahi du gutxienez 54 parlamentarik egin zutela eskaera, 359 dituzte-eta Komunen Ganberan.

Eta Erresuma Batuko hedabideek azken egunetan kaleratu dute Jeremy Hunt diputatuak edukiko lukeela Johnson ordezkatzeko aukera gehien, hura kargugabetzen baldin badute. «[Herritarrek] agintea eman ziguten, eta diputatu kontserbadoreek badakite ez garela ari britainiarrei merezi duten lidergoa eskaintzen. Ez gara ari eskaintzen beharrezko zintzotasuna, eraginkortasuna eta bisioa herrialde honek daukan alimaleko ahalaren burua hartzeko», idatzi zuen, goizean, Twitterreko bere kontuan.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak (2016-2019) dimisioa eman eta gero Alderdi Kontserbadoreak egindako hauteskunde primarioetan Johnsonen lehiakide nagusia izan zen Hunt. Gainera, bai David Cameron lehen ministroa izan zenean (2010-2016), bai May karguan egon zenean, ministro izan zen. «Ez aldatzearen [liderra] ondorioak izango dira herrialdea uztea balio horiek [kontserbadoreenak] konpartitzen ez dituztenen esku», ohartarazi zuen. 2025eko urtarrila baino lehenago egin beharko dituzte hurrengo hauteskunde orokorrak Erresuma Batuan.

Areago joan zen John Penrose diputatua, Sky Newsen egin zioten elkarrizketa batean: «Azkenean gaur [atzo] bozketa irabazten badu ere, sentsazio orokorra da hau dela bukaeraren hasiera. Uste dut dena amaitu dela». Barne Ministerioak ustelkeriari aurre egiteko duen saileko burua izan da Penrose Johnsonekin, baina atzo iragarri zuen dimisioa eman duela, iruditzen baitzaio gobernuburuak exekutiboaren kode etikoa «urratu» duela, egotzita pandemian egindako festen inguruan «gezurrak» esan izan dituela Komunen Ganberan.

Bestalde, Alderdi Laboristako buru Keir Stamer aspalditik ari zaio esaten Johnsoni dimititu dezala. Ez duenez hori egin, tory-ei eskatu izan die barneko zentsura moziora deitu zezatela, eta atzo, «interes nazionalagatik», lehen ministroaren kontra bozkatzeko eskatu zien parlamentari kontserbadoreei. Hori bai, laboristen artean badira pentsatzen dutenak Johnsonek karguan jarraitzeak azkenean on egin diezaiekeela hauteskundeei begira.

Margaret Thatcherrek (1989an eta 1990ean), John Majorrek (1995ean) eta Mayk (2018) ere barneko zentsura mozio bati aurre egin behar izan zioten tory-en lider eta Erresuma Batuko lehen ministro zirenean, eta onik atera ziren. Hori bai, gehiengo ahul bat eskuratu zuten bozketa horietan, %50-60 artekoa, eta argi ikusi zen, hortaz, diputatuen erdiak ia kontra zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.