Bruselarentzat «kaltegarria» litzateke Londresek protokoloa bere kabuz aldatu nahi izatea

Ipar Irlandarako esportazioetan Erresuma Batuko edo EBko arautegia aukeratu ahal izatea planteatu du Johnsonek. Nazioarteko zuzenbidea «urratzea» egotzi diote

EB Europako Batasuneko bandera bat, eta, atzean, Erresuma Batuko bandera bat Komunen Ganberaren eraikinean. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuna eta Erresuma Batua 2020ko urtarrilean dibortziatu ziren, eta akordioaren zutarrietako bat Ipar Irlandako Protokoloa da, bi aldeek negoziatutakoa. Londres, baina, inoiz ez da eroso sentitu mekanismo horrekin, eta horren alderdi batzuk alde bakarrez erreformatzeko bidea hasi du. Erresuma Batuko Gobernuak Protokoloa aldatzeko lege proiektuaren tramitazioa hasi zuen atzo Komunen Ganberan.

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak erregistratu eta aurkeztutako lege proiektuak esportazioetan planteatzen du aldaketarik handiena. Proposatutakoaren arabera, Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatzean, Erresuma Batuko eta EBko arautegien artean aukeratzeko aukera edukiko lukete enpresek. Erreformak planteatzen du, gainera, EBren Justizia Auzitegiari begirale rola kentzea Ipar Irlandako barne merkatuaren funtzionamenduan.

Bruselak ez du gogo onez hartu Boris Johnson lehen ministroaren kabinetearen mugimendua. «Aldebakarrez jokatzea kaltegarria da elkarren arteko konfiantzarako, eta ziurtasunik ez izateko formula bat da», nabarmendu zuen atzo Maros Sefcovic Europako Batzordearen presidenteordeak.

Trussekin telefonoz hitz egin ondoren mintzatu zen Sefcovic, Twitterren. Iruditzen zaio «arretaz» erreparatzen diola brexit-ak Ipar Irlandan duen eraginari, eta «irtenbide funtzionalak» planteatu izan dituela. Joan den ostegunean, ordea, Downing Streeteko 10. zenbakiak Bruselari egotzi zion protokoloari buruzko negoziazioez hitz egiteko gonbidapenari ez erantzun izana. Bruselak ez du protokoloa berriro negoziatzeko asmorik.

Ipar Irlandako Asanblearako bozak maiatzaren 5ean egin zituzten, eta Erresuma Batuko Gobernuak bi aste geroago jakinarazi zuen prest zegoela protokoloa ez betetzeko. Eta lege proposamena erregistratzeko erabakia heldu da, hain justu, Johnsonek Alderdi Kontserbadorearen barruan konfiantza mozio bat gainditu duenean pandemiako festen eskandaluaren harira. Lehen ministroak LBC irratian atzo adierazi zuenez, erreformarekin «garrantzirik gabeko doikuntza bat» planteatzen dute.

Zenbait hedabidek Alderdi Kontserbadorearen iturriak baliatuz kaleratu duten informazioak dioenez, diputatu tory batzuei iruditzen zaie lehen ministroa nazioarteko zuzenbidea «urratzen» ari dela.

Johnson ez dago ados horrekin. Atzo azpimarratu zuen, bide batez, «gehiegikeria bat» litzatekeela Bruselak erreakzionatzea gerra komertzial bat hauspotuz. «Guk gauzak sinplifikatu nahi ditugu Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko komertzioari oztopoak kentzeko». Irlandako Errepublikako RTE telebista kateak atzo argitaratu zuen EB pentsatzen ari dela Erresuma Batua auzitara eramatea datozen egunetan. Keir Starmer Alderdi Laboristako liderrak ere uste du Londresen erabakiak nazioarteko zuzenbidea «urratzen» duela, eta negoziatzera deitu du Johnson.

Brexit-aren ondorio da Londresek eta Bruselak adostutako mekanismoa, eta, finean, bi helburu ditu: batetik, han bakea bermatze aldera, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean muga orain arte bezala mantentzea, irekita; eta, bestetik, EBren merkatu bakarra babestea. Horretarako, 2020an, bi aldeek adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan. Horrek esan nahi du Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, kontrolak jartzea.

Baina DUP Alderdi Demokratiko Unionistak uste du protokoloak zalantzan jartzen duela Erresuma Batuaren lurraldetasuna, eta, gainera, burokrazia katramilatzeak produktuen gabezia bat eragin duela. Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, mekanismoak «doikuntzak»behar ditu, bai Ostiral Santuko Akordioari eusteko, bai Ipar Irlandako Gobernua martxan jartzeko. Izan ere, joan den maiatzaren 5ean Asanblearako hauteskundeak egin zituzten, bai, baina DUPek erabaki du erakundeak blokeatzea protokoloa erreformatzen ez duten bitartean.

DUPen Komunen Ganberako diputatu Sammy Wilsonek BBC hedabideari atzo adierazi zionez, «atseginez» hartu dute Downing Streeteko 10. zenbakiaren erabakia, iruditzen baitzaie «arazo bat» dagoela «aitortzen» ari dela. Nolanahi ere, «pausoz pauso» joatera deitu du.

Gehiengoaren gutuna

Ipar Irlandako Asanbleako gehiengoak gutun bat sinatu du Erresuma Batuko Gobernuaren lege proposamena arbuiatuz. 90 diputatu ditu legebiltzarrak, eta 48k izenpetu dute: Sinn Fein indar nagusiko 27k, Aliantzako hamazazpik eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristako bederatzik. «[Erresuma Batuko] Gobernuaren zuhurtziarik gabeko legedi berria enpresen gehiengoak eta Ipar Irlandako herritarren gehiengoak adierazitakoaren kontra doa», nabarmendu dute gutunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.